L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gauero

 

Juan Luis Zabala Artetxe

 

«Benetan xarmangarria da ene alabatxoa», idatzi zuen Jack Tripotx-ek bere alaba hiltzeagatik gartzelaratu zutenean aurkitu zitzaion egunerokoan, lau urte aurreragoko dataz sinatutako orri batetan. «Nire emazte zena gogora erazten dit, eta horrez gain, halaber, nire haurtzaroko oihartzun lauso, ikarati eta lurrintsuak eneganatzen ditu bere aurpegi leun, eder, paregabeak.

        «Gauero laguntzen diot lotaratzean eta biziki pozten nau bere poza adierazten duen irribarreak. Bai, maite nau berak ere; umeen irribarreek ez dute iruzurrik. Gauero dut maitasun hori bizitzeko aukera; gauero artista bihurtzen naiz ene alabatxoaren ohe ertzean eseri eta kondu-kondari aritzen natzaionean. Nik ere badakit gauza politik esaten.

        «Neronek asmatzen dizkiot bat bateko ipuinak, betiere pertsonaia majiko eta miragarriz beteak, betiere nire alaba —eta baita neure burua ere— liluratzeko moduan errezitatuak, betiere imentzio eta planta egokiz lagunduak.

        «Kondatzeaz, gain, bizi arazi ere egiten dizkiot ipuin horiek, neuk ere beteki bizitzen ditudalarik halaber. Askotan nahasi ohi dut neure alaba ere ipuinetako pertsonaien artean. Edota, bestela, ene alaba sartu barik, ipuinaren barnetik ateratako pertsonaiak hurreratzen dizkiot berari. Era honetan ipuinak biziagotu egiten dira ene alaba eta bion arteko jolas amaigabean, ez bait dira komatxo artean harrapatutako ihardun urrunak. Eta geure buruak geuk nahi bezala ikusten ditugu, beti batek bestea dugularik gogoan. Elkar maite dugu alegia, zintzotasunik gardenenez, soiltasunik distiratsuenez.

        «Gauero-gauero hunkitzen nau bere irribarre samur eme horrek. Neurea da zeharo irribarre hori, neuk eragina alegia, neuk sortua, eta inoiz ezagutu dudan gauzarik ederrena batere dudarik gabe.

        «Ez dut beste publikorik behar neure alabatxoaren begi beltz handiak baino. Egia esan, aspaldi honetan ez zait beste inor interesatu ere egiten. Ez naiz nire alabarentzat baino bizi, ez zait batere axola beste inork nitaz izan lezakeen eritzirik, ez dit batere ardura beste inork, beste ezerk ere.

        «Eta oso gauza kuriosoa da benetan: ene emaztea hil nuenetik ez dut beste inor ere hil, eta badira honez gero hiru urte pasa. Eta harrez gero bakarrik izan nuen ordura arte apenas kasu handirik egin gabe nuen alaba benetan ezagutzeko aukera.

        «Baina hasia zait irakiten barrenean geroari buruzko kezka: nire alaba ez da beti ume izanen. Eta nire alaba hazita imajinatzen hasten naizenero, segundu bat bera ere igaro aurretik zurbil eta gogortua ikusten diot, ezpainetatik odol arrasto xume bat lerratzen zaiola».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.