L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Lawrence Durrel:
«Monje tibetar bat bilakatuko naiz»

 

euskaratzailea:
Mollarri

 

        Durrell Probentzan bizi da 1957.ez geroztik. Hirurogeita hamairurte ditu eta bere «Kinteto»aren azken liburua amaitu berria dauka. Maitasun gaiak eta bere zenbait obsesio dira Mediterraneoko ingeles honen solasak ekarri dizkigunak.

 

 

        Pintura

        — Horretara bueltatuko naiz. Terapia da ordea. Ez hori baino serioago. Pintura lasaigarria da. Ez da nobelak idaztea bezainbesteko konpromisua. Pintatzen dudanean ez daukat estutasunik. Idazterakoan berriz estutu egiten naiz. Honek adierazten du idazten dudan horri indarra ematea lortzen dudala.

        Gero irakurleak jaso egiten du indar hori eta bera da nobelan harrapatuta gelditzen dena, nire tokian...

 

        Alkohola

        — Atera berria nago hortik, akupunturari esker... Baina ohore haundi bat izan da niretzat... Hemen, Parisen, uda honetan, ohetik jauzi eta S.A.M.U. eta Pariseko bonberoekin egin dut topo Eritegi amerikanoan. Eta badakizu non esnatu nintzen? Scott Fitzgerald-en ohean kasik! Nire egoera fisiko eta espiritualari buruzko enziklopedia batekin atera naiz handik. Miresgarria zen, ez zegoen ezer, alkoholismoaz besterik, alkoholismo hutsa. Gero pintx egin didate txinarrek beren orratzekin eta utzi egin diot edateari, eta erretzeari. Eta orain, yogarekin bete betean, eta ura besterik ez, baina sufrimendurik gabe. Behin baino gehiagotan saiatu nintzen nire borondatez uztera, baina ezinezkoa. Agonia zen, baina txinar majikoei esker, automatikoa da, ez diozu gustorik hartzen edateari, eta ez dut sufritzen besteek edaten dutenean. Hauskorra da ordea, desagertzeko arriskua dauka, hipnotizatuta banengo bezala. Arnasa hartzen birrasia nago.

 

        Anderea

        — Emakume denak oso errealak dira ene nobeletan. Gizonak baino askoz ere errealagoak dira. Gizonak oso arinak dira. Hau da, ez ditut gizonezkoak maite...

        Gauza ez da indibiduoak deskribatzea, nortasun ezkutua da koxka. Aurpegi anitzdun pertsonaiak gara, izaki multipleak. Baina, oinarrian, emakumeak errealak dira.

 

        Alexandriako judu bat

        — Nere bizian Eba egon da, neska oso berezi bat. Bere aita prestamista zen Alexandriako dock-etan. Judu familia bat oso erlijiosoa. Antisemitismoaren esperientzia egin dut aldrebes. Berarekin ezkontzen ahalegindu, eta Egiptoko rabino handia kontra jarri da. Ia ia nere lana galdu dut beragatik. Ebaren gurasoek eroetxe batean gordetzearekin mehatxatu dute eta nik sekuestratu egin behar izan dut... bere oneritziarekin. Lagun baten etxera eraman dut eta hamar egunez gorde du, nik bere gurasoak ikusi eta zera esan arte: «Honela jarraitzen baduzue herritik aldegin egingo dut, zuen alabarekin, eta ez duzue sekula berriro ikusiko». Azkenean atzera egin dute, rabinoak ere bai. Nik badakit zer den antisemitismoa, eta antigoyismoa ere bai.

        Urte ederrak izan ditugu elkarrekin. Sapho nire alaba jaio eta gero erotu egin da Eba. Krak egin du. Geroztik bera ez zen ezeren berdin. Denbora asko pasa du instituzio batetik bestera ibiliaz. Ondo dago orain, baina oso ezkutukoa da, oso hauskorra, oso erlijiosoa. Zortzi hamar urte zoragarri iragin ditugu elkarrekin. Okerrena zen ezin nuela ezer egin eta kulpablea sentitzen nintzen erresponsable izateagatik. Baina benetan ni ez nintzen erresponsablea.

        Judu zahar bat zuen aitona. Xamoak ekartzen zituena Siriatik. Eskoziar eskolara bidali zuen bere aitak, prestamistak. Lizeo frantsesera gero eta italiar eskolara ondoren. Hiru hizkuntzatan aritzen zen bera normal normal. Oso ederra zen, eta oso intelijentea. Kazetaritza egin zuen. Honela ezagutu nuen nik. Claude, nere azken emaztea, Alexandrian bizi zen garai hartan, nik ordea geroxeago topatuko nuen. Crédit Lyonnais-en egiten zuen lana bere aitak.

 

        Freud

        — Miresgarria da psikoanalisisa, baina mugak ezagutu beharra dago. Astrologiaren modukoa da. Horrek lagun zaitzake zeure ideiak argitzera eta ez hain positibista izaten. Eta ondo ari denean, oso ondo ari da, eta mirari bat da kasik. Ezinezkoa da Freud-en pareko bat aurkitzea, neurriz kanpoko gizona zen, noblea, oso garrantzitsua da niretzat. Gu freudiarrak baino ez gara. Freud-ek erabat aldatu nau.

        Lacan? Hiztun inoble bat da, ez duzu berarengan aforismo bakar bat aurkituko. Haze pretentsio eta haze parodia! Behin ikusi nuen nik. Jasangaitza. Oso koerentea da berak idazten duena, baina hain da frantsesa bere estiloa, hitz horren keria aldetik... Dirdira modu hori da hain zuzen nik idazten dudanean ebitatu nahi dudana. Berrirakurri beharko nuke agian, baina gaixo baten modura irakurtzen dut.

 

        Constance

        — Egun batez, neskatila koldar bat, nerbiosa, dardarti, aknez beterik nere etxera etorri zen gosaltzera eskola lagun batekin. Hamazazpi urte bete berriak zeuzkan berak. Eztabaidan eta txantxetan hasi ginen. Hitzegiten ari ginela bere izena esan zidan. Mutil izena zen eta parrez hasi nintzen berarekin, zeren eta ni, Redoute-rentzat, emakume bat naiz. «Laurence Durrell anderea». Eta berak zeukan izena mutikoentzat eta neskentzat hein berean erabiltzen den horietako bat zen. «Esme» antzeko zerbait, ingelesez. Gero kontatu zidan nota izen hori jarri zioten bere aitak mutikoxkor bat nahi zuelako, nola izen hori bera jaio aurretik hautatu zuten eta ondo iruditu omen zitzaien bera izen horrekin bizi zedin. Bazkalondoko pagotxan bere homosexualitateaz hasi zitzaidan hizketan, bere sufrimenduaz. Garai hartan, «Constance» idazten hastekoa nintzen.

        Nere heroina, Constance, psikoanalista da, eta ni bilaka nenbilen nola jantzi bere talentua, nere liburuan. «Kasu» azkar bat nahi nuen, paragrafo bat, ez gehiago, aspergarria gertatu gabe nere irakurleei. Eta galdetu nion: «Izorratuko al din hire kasua erabiltzen baldin badinat "Constance"n?», «Uste duzu benetan ni kasu bat naizela?» esan zidan berak. Nik erantzun nion: «Constance hemen egongo balitz gurekin uste dinat honela erantzungo lukeela: "Nere eritzirako ez zara inolaz ere homosexuala. Sexua aldatzeko ahaleginetan ari zara zure aitak seme bat izateko zeukan gurariarekin bat etortzeko. Eta horregatik zure naturaren aurka ihardun zara. Ohar zaitez zure ametsetaz"». Asko hitzegina zitzaidan bere ametsetaz, galdetu egiten bait nion honetaz edo hartaz egiten zuen amets...

        Hogei minutuz iraun zuen elkarrizketa honek eta ez zen batere intimoa izan; han bait zegoen bere laguna. Nik esan nion kobaia baten modura erabili nahi nuela Constance-rentzat eta ezinezkoa zitzaidala ondorioak zehaztea, baina Constance-ren nobelagile sortzaile bezala uste nuela sendatzea ez zela luzarorako gauza izango. Utzi egin zidan bere kasua erabiltzen. Aldegin zuen eta ez nuen berriro pentsatu. Eta «Constance» bukatu egin nuen.

        Duela astebete gutxigorabehera neskatila horren eskutitz bat jaso dut: «M. Durrell maitea, eskribitu behar dizut esateko irauli egin nauela izan genuen elkarrizketak, baina konturatu naiz esan zenidan guztia zuzen zuzena zela. Ez naiz homosexuala... Atsegin nuke Constance eskertuko bazenu nire partez bere parte hartze baliagarriagatik...». Pertsona horrekin hiru minututan izandako elkarrizketaren emaitzak ezin izango nituzke lor «Ametsen interpretazioa» irakurria izan ez banu.

 

        Androginoa

        — Androginoak gara. Ni ideala, kantuen Kantuarena, androginoa da.

        Puska isolatuak gara gu, batzuk besteengandik isolatutako puskak, flotatu eta bila dabilizanak, eta inoiz topo egiten dutenak.

 

        Haurra

        — Gaurko haur gureak «hilik» dira. Gaur egun, mehatxu atomikoagatik, etorkizunaren eta gerraren beldur, emakumeak dudatan dira erditzeko.

        Emakumeen matxinada hau, beren konfiantza falta hori etorkizunean, gizonezkoen jarreratik dator. Zentzu batean, gure haurren bizia arriskuan jarririk datza. Zenbait komunitatetan, oroitzen dut, El Cairon, haurrak hautsa baino gutxiago dira, euliak hautsetan.

        Bi alaba izan ditut nik, haurrei atxekiriko alaitasun eta beldur guziak. Ez dut asmatu aitona izaten. Gerta daiteke, aldatuko ote nau horrek? «Papa Durrell» izatera helduko nintzateke. Nere hurrengo liburutan Gabon handiak izango dira, eta Dickens, eta opariz betea...

 

        Budismoa

        — Atomismoaren herentzitik gatoz eta begira non gauden... Grekoek beraiek heredatu zuten gaurko korapilo filosofikotik ez gara sekula aterako. Egoera honek ez dauka inolako soluziorik nere iritzirako, ez bada hinduek ekar diezaguketena. Tibetarra bilakatua nauzue. Plégeko monastegira joaten naiz, Autun-etik hurbil. Jacques Lacarriere-rekin batera batzorde bat antolatu dugu tenplua-ren sostengurako. Budismoak ez dauka ezer esklusiboa. Yogari esker bere osigeno berbera banatzen da, gogoetari esker bakoitzaren aurrerakuntzak jasotzen dira. Ez dago horrelakorik kristautasunean. Uste dut monje tibetar bat bilakatuko naizela eta arbol baten gainean biziko naizela.

 

        Sorketa

        — Paro teknikoan nago. Hamabi liburu idatzi ditut nik. Nahikoa da. Diru beharrean banaiz idaztea daukat Probentzari buruzko bidaia-gida bat. Baina «Kinteto»aren azken tomoa bukatu nuenetik leher eginda nago. Nik ezin dezaket sakondu honela mugagabe. Erotu egingo nintzateke jarraitzekotan. Beraz paro teknikoan nago. Une batez bere registre a tete galtzen du kastratu batek, hau da, nik ez daukat besterik nere baitan... ez eta poema bat ere. Idatzi nahi nuen guztia idatzi egin dut. Gogorra da esatea zeren eta ondorioz hiltzea baino ez zait geratzen, eta ez daukat oraingoz hiltzeko gogorik. Akupunturari esker hobeto sentitzen naiz, normalki hartzen dut arnasa berriz ere. Yoga asko egiten dut. Oharrak biltzen ari naiz Probentzari buruzko liburuaz: izango da «agur eta eskerrikasko» baten moduko bat. Baina ezin dezaket gehiago sakondu ene baitan. Nik bukatutzat daukat bilaketa hori. Amaitua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.