L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

El pan de los pobres

Abuztuaren 15eko bazkalondoa

 

euskaratzailea:

F.J. Mendiguren

 

Jon Ugutzariri

 

        Amabirjina eguna genuen, Itsasondon herri jaiak. Familia osoa senitarteko bazkarira bildua. Zopa entsaladilla, haragi eta flanen artean gizonezkoek hazienda, langabezia eta olinpiaden gorabehera guztiak konpontzen zituzten bitartean andreak arduratzen ziren mahaia ongi hornitua edukitzeaz. Halako bazkaritan gertatu ohi den legez, erabat aseturik bukatzen duzu, gorputzarentzako astunak badira ere, are astunagoak suertatzen bait dira arimarentzat. Horrela bada, zerbaiten bila abiatu nintzen amonaren etxearen armairutan zehar, postretako enteratu sindromeak sortzen zidan neura garaitu nahiz. Eta beste hainbeste gauzaren artean, hara non agertzen zaidan ustekabean zera hau, orain aipatzera noakizuena.

 

lt;sangria>        Kazeta mundiala

        Aldizkari bat zen, «El pan de los pobres» tituluduna, eta azpitituluz «Revista religiosa mensual». Itxura aski bitxia, eta hasi egin nintzen irakurtzen, orriak gainbegiratzen, eta hainbeste gauzaren artean zerbait hasi irakurtzen. Irakurri ahala aluzinatuz joan gainera, eta orduan erabaki nuen itzultzea, eta hor doakizue indarrik gabeko itzulpen apal hau:

 

 

Drogadikto baten gutunak

 

D.J.M.

 

I

Amatxo maitea:

        Ondo asko dakizunez, gaur betetzen dira sei hilabete Errekuperazio zentru honetan nagoenetik. Harrigarria irudituko zaizu gaztaro beteau, ene hamazazpi urtez, iraganari buruz erreflexionatzea, baina honenbeste denbora dut... Gainera, irakasgarria da geroari begira. Denok izan genituen okerrak, ez itzazu zeure buruaren gainera gehiegi egotz..., zeren pasatakoa ezin bait daiteke alda eta Jaungoikoak beti barkatzen bait du.

        Gogoratzen al duzu, haurra nintzela, nola joaten nintzen paseoan gure aita gaixoaren eskutik, eta galderaz josten nuen eta berak, bere pazientzia amaigabeaz eta bere zereginak ahaztuz nire adimen gaztearen neurrian erantzuten zidan? Erabat maite genuen elkar. Egia da etxean batzutan urrun xamar egoten zinela berak eta biok jolasten genuenean. Nik ez nekien zergatik, baina zuen artean itzal bat bazegoela antzematen nuen... Pentsatzen egon naiz nire oraingo bake eta bakardadean. Aita gaixoa! Gogoratzen dut ni jaio aurretik urte asko itxaron zuela esaten zidala 6 edo 7 gutxienez, oso gazte ezkondu zinetela eta berak haurrik izateko esperantza guztia galdua zuela ni, azkenik, mundura jaio nintzenean...

        Hala joan nintzen haziz bakarrik, anai-arrebarik gabe, 8 urtera arte. Mainatua izan nintzen oso, gehiegi, seme bakar legez. Aberats ez zineten arren, jostailuz betetzen ninduzuen, telebistan anuntziatzen zituzten guztiak nituela uste dut. Oso apetatsua izan bide nintzen sarritxo haserretzen bait zineten nire erruz... Ikastetxetik deitu zizueten zenbaitetan beste umeekiko nire portaera hobetzearren. Aitatxok ondo hezi nahi ninduen eta zuk amak larregi defendatzen ninduzun.

        Egun batean izugarria, zuen bizitzak aldatu bait zituen beste baten ehun pezetarekin etorri nintzen etxera. Liburu bat erosi behar zuen batenak izanak ziren. Umeak negar egin zuen, maisuak ikastalde osoari egin zigun errita... eta ni nire altxorrarekin azaldu nintzen etxean. Aita, jabetzean, sutan jarri zen. Belarrondoko ederra eman zidan. Besotik heldu eta esan zidan indartsu:

        Jantz ezak berokia oraintxe bertan, maisuarenera goazek eta! Hau publikoki zuzendu beharra zegok! Ez dadila sekula errepika!

        Nik atsekabez egiten nuen negar. Zuk ukabilak estutu eta dardaraka zenuen gorputz osoa. Azkenik deihadar egin zenion, arnegatuta:

        Utzi ezazu bakean nire semea eta itzul ezazu dirua zerorrek, nahi baduzu!

        Berak erantzun, samurturik:

        Nire semea da eta hezi beharra daukat! Beraz niri zuzendu zitzaidan berriro jantz ezak behingoz berokia, bagoazek eta!

        Ez duzu neure semea eramango.

        Horixe eramango dudala; nirea ere bada eta!

        Hori da zeuk uste duzuna!

        Tximista batek jo bazintuzte bezala, zur eta lur geratu zineten. Aitatxo gaixoa nire besoa askatuz joan zen. Nik hanka egin eta txoko batean gorde nintzen. Zuk burua makartu egin zenuen. Berak tinko begiratu zizun. Poliki, garraisirik gabe, hurbildu zitzaizun eta galdetu, hotz eta zorrotz:

        Zer esan nahi duzu?

        Zuk eskuak bihurritu egiten zenituen, oso urduri. Ederki izorratu zintuen zure arinkeriak. Zeure burua zurituz edo, gogorarazi zenion:

        Ez ezazu gaizki pentsa, Jainkoarren! Ez dago aurpegira botatzeko ezer... Gogoratzen al zara atenditzen ninduen Klinika Nagusiko ginekologo hartan? Umerik ez izateagatik hain lur jota nengoela ikustean, goiz batean deitu egin zidan zu fabrikan zeunden bitartean eta kontsultarako zitatu. Txukundu nintzen, ikustera joan eta ni ederki eta osasuntsu nengoela esan zidan, emankorra nintzela... eta nitaz gogoratu zela. Gurea bezalako kasuetarako metodu berri bat aplikatzen hasia zen arrakastaz, hain zuzen ere; baina senarrek ez zutela beti onartzen... Hala, zuri ezer esan gabe, konbentzitu nintzen eta utzi nion nigan entsaiotzen ernaltze artifiziala.

        Une hartan, aita nire presentziaz ohartu zen. Begiratu egin zidan. Pena haundia eta amorru apur bat antzeman nituen haren begiradan. Nik ez nuen ulertu hitz sekretu eta misteriotsua baina grabaturik geratu zitzaizkidan haren zentzuaren esanahia: ernaltze artifiziala. Besotik emeki oratu era jostailuen gelara eraman ninduen. Atea itxi era sukaldera itzuli zen, zu zeunden tokira.

        Harez gero garraisiren bat edo beste eta noizean behin negar-zotin batzu besterik ez nuen entzun. Denbora aurrera zihoan. Aitatxok panpakada izugarria eman eta etxetik irten zen. Gau hartan berandu eta mozkorturik itzuli zen. Aurretik ez zuen sekulan halakorik egin! Aurrerantzean ez zen gizon berbera izan. Konkortuta, lotsatuta, jota joaten zen lantegira... Bat batean hamar urte baino areago zahartu zen.

        Urrundik, ausente bezala hitz egiten zidan. Harez gero ez zuen gehiago nirekin jolasterik izan; ez genuen beste konfidentziarik izan. Hura pena, amatxo! Aurretik zuen aurrean usnatzen nuen itzala murru garaitezina bilakatu zen. Orain ausnartua dut eta den dena ulertzen dut. Ni ez nintzen bere semea! Aitatxo gaixoa! Adulterio baten fruitu nintzen ni, aseptiko eta anonimoa baina adulterioa azken batean. Nor ore dut benetako aita? Ez dut ezagutu nahi, amatxo, eta pena ematen dit horren gordinki aitortzeak: emakume kaskarin, mozo edo desesperatuen sabeletan bere bizi hazia barreiatzen duen desaprentsiboa, beraiengan ernaltzen diren fruituetaz kukua bezala ahaztuz. Eta, ezkontz-maitasuna ordezkatuz, gizazia den Jaungoikoaren mirari hori pezeta nazkagarri eta mixerable batzuren truk azarean saltzen duena. Eta adulterio zientifiko baten, hau da, Jaungoikoaren legearen mespretxu burubakoaren emaitza naizela pentsatu beharra ere!

        Aitatxo gaixoa, nola ulertzen dudan orain!

        ...Irtetzeko itxoiten didate. Eskutitz hau botatzeko aprobetxatuko dut. Hurrengora arte utzi behar zaitut. Bitartean, ez sufritu gehiago amatxo! Hitzegingo dugu, Jaungoikoa oso haundia bait da eta bere maitasuna infinitoa.

 

 

        Zientziaren fenomeno honi buruzko komentarioak oro soberazkoak ditugu eta beste zerbaitetara pasatuko gara beraz.

        Bertan dakarrenez Aita Saindu guzti hauek bedeinkatu omen dute zorioneko aldizkaritxoa: SS SS Leon XIII, Pio X, Benedicto XV, Pio XI, Pio XII, Juan XXIII eta Pablo VI. Ez dakit gure Juan Pablo ez ote den oraindik enteratu edo paper artean galdu zaion eskabidea. Nolanahi ere, tamalgarrria da halako izparringi dibinoa Karol kuttunaren bedeinkapen dohatsurik gabe geratzea.

        Gehiago ere bai: Publicada bajo los auspicios del Excmo. y Revmo. Sr. Obispo de Bilbao. Con Censura y Licencia de la Autoridad Eclesiástica. Editor Conferencias de Caridad de San Vicente de Paúl de Bilbao. 89 urte ditu eta helburu nagusiak behartsuak lagundu eta apaiz eta abade behartsuentzako meza saritarako donatiboak biltzea ditu, eta bide batez bere artikulu zeharo erlijioso eta aktualitatedunen bidez erakusgarri izan gazteentzat eta, orohar, nolabaiteko kezka erlijiosoa duten heldu guztientzat.

        Hor ibiltzen gara gero subliteratura eta antzeko leloak aipatzen halako underground urrun baten zera balitz bezala, hementxe —hurbil hurbil—daukagularik.

        Hor doakizue bigarren printza, Beatriz de Olay izeneko idazle Kataluniar oparoaren kondaketa. On egin.

 

 

 

Argi eta ilunbeak

 

Beatriz de Olay

 

Goiz hartan, Mati Ide deprimiturik sentitzen zen. Aurreko egunean eta aurreragokoan beraiengana bildutako tentsioengatik angustia existentzial horrekin esnatzen diren hainbeste bezala, gaur egun. Hainbeste gauza dabil gaizki!... Eta guzti hori, giroan dirakien kutsadura moral izugarria, komunikabidetako lizunkeri eta indarkeri intoxikapena, kaletako kriminalitate hazkorra... Guzti horrek min egiten die, min haundia bestelako girorik ezagutu dutenei, oharkizunez, bide onerako seinalez, jarraitzeko ereduz, norberaren burua altxatzeko estimuloz beterik zegoen giroa.

        Matildek, dagoeneko hirurogei urtetara hurbilduz baina bihotzondoan gaztetasun oihartzun bat gordeaz, ezin zion utzi munduagatik arduratzeari, munduagatik sufritzeari.

        Gertatzen den guztia sufrimenduan bukatzen bait da. Drogazaleak gaisotu egiten dira eta hil —eta hil egin dezakete—. Bizioek bizitzaren ikuspegi normala desbideratu eta kaltegarriak suertatzen dira. Amek egunero sufritzen dute beren seme-alabak alderdi guztietatik mehatxaturik daudela ikustean, indarzaleengandiko bortxakeria jasan bait dezakete edo lagun gaiztoek eta giro gaiztoek perbertituak izan.

        Eta gainera, langabezia dago, eta neska-mutilek ez dute biderik.

        Matildek zorionez ez zuen seme-alabekiko prolemarik, alaba bakarra, Irene, mediku batekin aspaldi ezkondua bait zegoen eta berorrekin bizi zen extranjerian. Eta bi haur zoragarri zituen...

        Baina Matildek, hirian bakarrik, hiriko panorama eta jende xehearen irrikak txunditurik eta adi erreparatuz, sufritu egiten zuen eta pentsatu.

        Eta depresioan eroria zen.

 

* * *

 

        Hala bada, Matilde, gosari lege apurra hartu eta garbitu ondoren, kalera irten zen zenbait erosketa egitearren, baina... «Beste ezer baino lehen, goiz honetan mezetara joan behar dut» —esan zion bere buruari.

        Goiz zen oso gure andre hau oso goiztiarra bait zen eta, laneguna izanik, mezetara joateko gogoak barneko abots sekretu bati, Argiaren aholku sotil bati erantzuten zion.

        Udaberria zetorren eta atsegina zen paseatzea. Matilderen arimak kalean zehar astiro ibiliz kentzen zituen nagiak.

        Tenpluaren egoitzan sartzean lasaitasun izpiritual kontsolagarria sentitu zuen. Guzti hura maite zuela esan zuen berekiko, elizaren paretetako harri grixak, aldare eta kandela biztuak, antzematen zen barnebiltze hura... Kruzifikatua, aldi berean ixil eta esanahitsu, txokoan, atearen ondoan...

        Aurreko ilaratan eseri zen eta hainbat lagun, ez asko, bazela eta beste zenbait sartuz zihoala nabaritu zuen. Berehala odolik gabeko sakrifizioari eman zitzaion hasera...

        Matilde adi adi zegoen meza entzuten, baina hala ere bere ondoan mutil gazte bat zegoela konturatu zen, 20 urte inguruko mutikoa. Oso gaizki jantzirik zebilen eta behar bezain adi zegokion egintza erlijioso eta liturgikoari.

        «Eskerrak badiren gazte sinestunak..., ez dira denak sineskaiztasunari emanak... eta gaixo honek oso txiroa behar du izan...».

        Elkarri bakea emateko momentua iritsi zen. Elkarren eskuak estutu zituzten denek, eta senitartekoekin zeudenek elkarri muxu eman zioten. Matildek alboan zuen mutikoarengana itzuli zuen burua. Begietara begiratu zioten elkarri. Eta berak mutilaren arimaren egoera baketsu eta argitsuaren begirada isladatzailea antzeman ahal izan zuen. Eskuak estutzen zituzten bitartean irribarre egin zioten elkarri, anaiarteko perfekziozko maitasun kristau batean nabigatuz...

        Gau hartan mutilaz oroitu zen Matilde eta horrek morala pixka bat altxatu zion. Guztiaz gain fedeak gazteen artean bizirik dirauela jakiteaz pozten zen.

 

        Ohar garrantzitsua

        Urtero bezala, datozen hilabeteotan, 1984ko urteari dagokion harpidetzaren ordainketa egiteke duketen harpidedunei, dagozkien errenboltsoak bidaltzen hasiko gatzaizkie.

        Bide honek ordaintze haundiagoak dakartza, posta gastoak areagotzen bait ditu. Ahalik eta gutxien erabili behar den ordainketa bidea dugu beraz.

        Ohar honen bitartez harpidetza kuota oraindik egin gabe duten harpidedun guztiei denok ezagutzen ditugun ohizko bideak erabiliz lehenbailehen ordain dezaten jakinerazi nahi diegu.

 

 

        Egun hartan bere kaleko izkinako granjan gosaltzea erabaki zuen Matildek hurrengo goizean. Goizez oso giro alai eta familiarra zegoen bertan. Mahai batean eseririk kafesne eta tostadak hartzen ari zela, mutil bat hurbildu zitzaion zerbait saldu nahiz.

        — Andrea, erosiko al zenidake belakiren bat estropajuak...?

        Begiratu zion eta horrekin batera ezagutu.

        — Atzo mezetan ikusi hindudan. Ze izen duk?

        — Justo. Justo Ruiz.

        — Eseri hadi nirekin gosaltzeko, nik gonbidatzen haut. Eta kontaidak zeredozer hire buruaz.

        Halaxe, Justok gonbidapena onartu eta gosaldu egin zuen, gose onez gosaldu ere. Esplikatu egiten zion:

        — Gurasoekin bizi naiz, aita lanik gabe dugu. Nik oraindik ez dut lehenbiziko lana aurkitu ahal izan. Ama gaixoa etxerik etxe garbiketetan ibiltzen da eta ni zertxobait saltzen ahalegintzen naiz... Baina oso gaizki pasatzen dugu!

        Matildek adorea ematen zion. Bizitzaren erasoak gogorrak izan arren honek Kristoganako fedea gordetzen zuela ikusteaz harro zegoela esan nion.

        — Zure probetasun eta prolemak gorabehera, espiritualitatea galerazi duen giro nahasi, materialista eta ia ia, esango nuke, basapiztikeria nagusizko hau gorabehera hik sinetsi egiten duk. Horrek zoratu egiten nau, Justo, semea.

        Honek irribarre egin zuen, mustupil zuzenetako aurpegia argitzen zion irribarre goxoz.

        — Bizitza honetan denetatik dago. Banituen adiskideak honez gero ez direnak bestelako gauzetan laguntzea nahi zutelako..., baina ni ezin naiz, ezta nahi ere, bidea uste dudanetik apartatu.

        — Zerbait erosiko diat. Baina berriro ikusi nahi haut. Etor hadi bihar hona nirekin gosaltzera, baina ekar ezak ama ahal baduk.

        — Ederki..., etxe batera lanera doa eta bidebatez...

 

* * *

 

        Gertatzen diren gauzak! Matilde ez zegoen harez geroz deprimiturik, Bihotza bizkortu egin zitzaion. Jadanik ez zuen hain triste aurkitzen osasuntsu eta zoriontsu bizi zen eta etxekoekin urtero Matilderekin hilabete pasatzera zetorkion alaba bakarrarengandik urrun bizitzea; eta ez zuen bizitzan dena usteldurik zegoenik uste ere. Bazen jende onik! Bada sinestunik, fede eta idealak dituen gazterikl

        Eta bazuen zerbait buruan biraka... Bankuan dirutza mordoska dexentea zeukan. Den dena Irenerentzako heredentzia osatuko zuena. Baina Irene, zorionez, lasai bizi zen. Eta ez litzateke halako bihurrikeria milioi bat, edo bi, edo hiru gastatzea behar zuen norbaiti laguntza ematen... Eta dendatxo bat jarriko balie Justori edo gurasoei?

        Baina aurretik hobeki ezagutu behar zituen. Dena egia zen jakin.

        Eta, pixkanaka pixkanaka, ezagutu zituen, lehendabizi Justoren ama, gero aita. Lehenbizi donatibo modestu bat egin zien, egunen batetan ahal bazuten ordainduko ziotela aginduz onartu zutena beraiek. Gainera, kristautasun ikastaldi batzutako egonaldia ordaindu zion Justori, eta bertatik alaitasun osasuntsuz eta asmo ederrez bete-beterik itzuli zen.

        — Eskerrik asko, Matilde, on haundia egin didazu honekin.

        — Aurrerago, nahi baduk, arduratuko nauk Ejerzizio izpiritual Ignaziano batzutara joan hadin.

        — Matilde, ez dakit zer esan.

        — Esaiok Jesusi bihar, elizan.

        Eta berriro mutilaren begirada garbi eta sanoa, ingenuitatez eta emozio zoragarriz betetako irribarrea andrearen bihotzean...

        Handik hilabete gutxitara, Matildek «mailegatua» zien (zitekeen edo ez zitekeen itzultzeaz kezka haundirik gabe) Justoren gurasoei janari denda txiki bat munttatzeko beharrezko dirua. Biek egiten zuten lana bertan ilusio haundiz, mutikoaren laguntzaz.

        Justo eta gurasoen eta gure Matilderen arteko adiskidetasuna hainbeste estutu zen ezen familiakoak zirela ematen zuen, eta andrea abegi onean aurkitzen zen haien artean, eta horrek bere bakartasunezko bizitzari berotasun haundia ematen zion.

        Pertsona on, onestu, erlijioso, moral, langile eta asko sofritu izanak iruditzen zitzaizkion.

        Beren tratura ohituz joan zen eta horrek asko alaitu eta goxatu zuen bere bizitza.

        Baina... askoz haundiagoa izan zen bere bihotzaren poza, hainbat denboraren buruan Justo bere etxera ikustera joan eta zera esan zionean. Bai, berria eman zion:

        «Frantziskotarren konbentu batean sartzea erabaki dut... Hori da nere bokazioa, beraiek onartzen naute eta gurasoak segurtasunean biziz uzten ditudala dakidanez... eta gainera bixitatuko gara... Baita zurekin ere, ezta Matilde?».

        Matildek besarkatu egin zuen, seme deitu zuen eta malko andanari ezin izan zion eutsi, baina mundua erabat galdua ez zegoelako fedea itzultzen zioten malkoak ziren...

—amaia—

 

 

        Bai ipui polit honek bai aurreko eskutitz guztiz beridikoak duten sinbologia sexuala naharoa da oso, posibilitate fantastiko eta morboso samar ugari eskeintzen bait digute. Bueno, erreparatuko zenuten, eta bestela ez da nere eginkizuna linboko lo kuluxka goxoan daudenak errealitate likitsera esnaraztea.

        Zer esan, bestalde, guzti honi darion paternaltasun zoragarriaz? Puntu eta aparte egitea hobe.

        Euskal Herri erlijiosoa eta euskaldun fededunak aspaldi lurperaturik zeudela pentsatu izan du askok, eta ez dakit hala den, baina akaso gogoan hartzen hasi beharko genuke kanta zaharrak zioen hura, badakizue: «Ez dago hilda... lotan da». Hartara, katakunbetako superbizipena daramate kristau direlako hauek, biztu, altxatu eta garaituko duten egunaren zain. Itxura denez, herri honetan bizi den beste hainbatekiko antza nabaria da; ala ez dira militanteak hiri eta herrixka bakoitzean hain aktibo eta ongi eratuak ikusten ditugun katekistak?

        Nahiko erreflexio txotxolo eta labainkorretan ari naiz sartzen eta beste batetarako lagako dugu afera. Kazeta honek dakarzkien beste sailen berri emango dizuet orain:

        — Aita Sainduak Vienan (1983-XI-11) gaixo, zahar eta elbarriei botatako sermoi kontsolagarri eta indargarriak. Artikulurik xoxo eta apalena nere eritziz.

        — Penitentziaren ondorio ongarri eta lasaigarrien gainekoa.

        — Oleazioaren sakramentuaren haunditasun eta mirakulutako ahalmenaren gainekoa.

        — Masoneriaren gaiztakeria, maltzurkeria eta konfabulazioen historiaren gaineko artikulu sail baten hirugarren entrega (eta jarraituko du).

        — Paduako San Antoniogandik erdietsitako grazien aipamen eta esker opa, eta horrekin batera agindutako limosnak.

        — Azkenik, Purgatorioko arima bedeinkatuen aldeko mezak egiteko emandako limosnak (pezeta batetik aurrera onartzen dira), emaileen herri eta inizialekin batera. Itzultzera ausartzen ez naizen ohar garrantzitsu hau daramalarik: «Todo lo recogido se remite a los Excmos. Sres. Prelados para que sacerdotes necesitados de estipendios celebren las referidas Misas y pueda esta cantidad servirles de ayuda para su decorosa sustentación».

        Horixe dakarkigu «El pan de los pobres» hilabetekariak. Ikusten duzunez bastante bariatu eta atsegingarria. Beste zenbait xehetasun jakingarri ere eskeini nahi nizueke ondoren:

        — Urte osorako harpidetzarako ez dago diru kopuru bakarra, zuen bihotz eta esku zabaltasunaren arabera hiru aukera hauek dituzue:

                + Harpidedun arruntak: 160 pezeta.

                + Harpidedun laguntzaileak: 220 pezeta.

                + Harpidedun ongileak: 300 pezetatik aurrera.

        Ifarraldekoek ere 300 pezetetatik aurrera. Merkea, ezta? Ez duzue bada diruaren aitzakiarik izango eskuratzen ez saiatzeko.

        — Helbidea hau dute: Ascao 27, 2.a ezkerra. Bilbo-5. Baina gutunak Bilboko 64. kutxatilara bidaltzeko eskatzen dute.

        — Eskuartean dudan aleak data hau dakar: 13 de Julio-Agosto. Año LXXXIX, Num, 998. Hauek ere milagarrena ospatzeko zorian, euskaldunon «Argia»k arestian bezalaxe. Zorionak!

        Bukatzeko lehen aipatu ez dizuedan beste perlatxo bat daukat zuentzat. Oraingoan poesia: María José izeneko BBBeko 3. kurtsoko idazle gaztetxoak abortoaren gainean eginiko konposizio liriko hunkigarria. Nere hitzok baino gehiago bereek balio dutelakoan, hor doakizue besterik gabe:

 

 

Bizitza Jaungoikoaren baitan (*) dago bakarrik

 

Mª José Boira

 

Aizu, amatxo!! Entzuten al didazu?

Oso ongi nago hemen, zure barnean, baina gogo haundiak ditut irtetzeko;

zu ezagutzeko, anai arrebak ikusteko, jolasteko, ikasteko

Jaungoikoaren benetako seme izateko, zeren... zuk hori nahiko duzu, ezta?

 

Abortoa? Zer esan nahi du horrek? Ez dut sekulan entzun... «Hil»

Hil?!!! Ba al dakizu zer esaten duzun amatxo?

Hilko al zenuke zuk orain nere anaia, hor, zure alboan, dagoen seme hori?

 

Zergatik hil...? Orduan, ez naiz jaioko?

Jaungoikoak jaiotzea nahi du. Jaungoikoak arima eman dit jadanik, eta nere gorputza osatzen ari da, ezin nazakezu hil!

Bizitzeko ilusioa dut nik; bizitzen ari naiz jadanik, eskuak mugitzen ditut

eta hazkura badut badakit hazka egiten... Hil behar nauzu?

 

Begira, amatxo hitz egin ezazu Jaungoikoarekin eta gero entzuiozu, entzuiozu.

Ikusiko duzu nota nahi duen ni jaiotzea. Nolatan nahi izango du Jaungoikoak hil nazazun

Bera baldin bada sortarazi gaituenal

Ba al dakizu, amatxo, Jaungoikoak nahi izan duelako zaudela zu hor?

Bera gabe ez gara inor, inor ez.

 

Eta gero begira gurutzeari, Jesukristo hil zen lekuari,

Badakizu guztiongatik hil zela? Zugatik hil zen, baina baita nigatik ere.

Horregatik jaio nahi dut, zu ikusteko, maitatzeko eta Jaungoikoa gurtzeko.

Bai, errezatzen ikasi nahi dut, erakutsiko didazul

 

Zerorri zara benetan maita nazakeen bakarra, Jaungoikoaz kanpo, eta...

zerorri zara hil nahi nauzuna? Ez dut ulertzen.

 

Amatxo, entzun diozu? zer esan dizu? Esaidazu!

«UMETXO, MAITE ZAITUT».

 

(*) Ez Jaungoikoarengan, Jaungoikoaren esku baizik; erdarazko depende de Dios.

 

 

        Neskatx honek zera esaten du argibide gisa edo, poema aurreko aitzinsolasean:

        «...como tengo tan claro que el aborto es un crimen, que nosotros no somos nadie para quitarle la vida a un inocente, que la vida sólo depende de Dios..., me gustaría que también lo tuvieran claro tantos y tantos ignorantes, tal vez de buena fe, que se dejan llevar por el demonio: por "lo que está de moda", por "lo que opina la gente", dejándose llevar por el mundo y desviándose a la vez de la recta razón, de la Ley divina. Aunque... ¿habrá "ignorantes" que tengan esta revista en casa? Lo dudo».

        Hitz horien esanahi zehatza eta zapore gozoa traizionatzeko beldurrez puntutxo bat ere aldatu gabe kopiatu dizkizuet. Nere artikulu honi amaiera emateko zera eranstea baino ez zait getatzen: ba ote da aldizkari hau, SUSA, etxean duen «ignoranterik»? Nik ere baditut duda serioak. Hala ere, inork haintzakotzat hartu izan balu guzti hau, ene arima bekatariaren alde otoitz egin dezan erregutuko nioke.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.