L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Beste saio bat

 

Pablo Sastre

 

        1

        Modernismoak eta postak, borrokaren estrainotasuna, elegantziazko pasatzea, etiketen itsusia, ongi bizi gaituk.

        García Marquez-ek ez zezakeen uler. Zer pasatzen da Europan?, galde egiten du. «Stalinismoaren zauria ez ote da sendatu?»

        Stalinismoa eta gero hamaika pasatu da...!

        Hemen, nire irudiko, Henry Miller-ek berak zeukala zioen «txinatar naturaleza»rik ez baldin baduzu («zahartzerakoan mendira erretiratzen ziren garai bateko Txinako artista eta filosofoen gisa»), ez baldin baduzu, edo ez duzun bitartean, Nadine Gordimer idazle hegoafrikarraren hitz erraz hauek gogoratzea daukazu: «sormena ez da besterik gabea, purua. Historiak erakusten du. Idazleak Elena galtzen du, irakurri dezaten izkribatzen du, eta kontuak eman behar dituela deskubritzen du. Errespontsabletzat jotzen zaio: hitzen adierazpena lanjeroski prezisoa bait da».

        Prezisoa, bai, inprezisoa ere bai, nolanahi ere honetaz pentsa dezagun Barthes-ek eman zigun arrazoia, esan zuelarik, idazlearen zeregina —bere obra— zera dela, «son geste essentiel en tant qu'être social».

 

        2

        «Essentiel», baina biziki zail, idazle batentzat, errealitatearekiko gora-behera.

        Sarritan idazleak idaztearen zereginari utzi behar izaten dio,

«integridade artistikoa sakrifikatuz integridade pertsonalaren mesedean» (Steinbeck). Bizi behar bait da, hots, minimoki, pixar bat kobratu.

        Zein beste lanetan aritu, ordea? Noski izan behar du lan bat idazteko atsedena utziko dizuna. Maisu «legal» batek zenbat kobratzen du? 70.000 bat mila? Horrekin aixe bizi da pertsona. Urte guztian horrela, «zerbait gisa», Alduideko baserritar batek zioenez, ironia toke batekin. Eta burua, zer? Hori bai, zeren «buruarentzat lan txarra omen dek», hori. Periodismoak ere baditu bere abantailak, bere desabantailak. George Seferis poetak kontatzen zuen: «Nire kasuan behinik-behin, on izaten da poemekin egiten dudan bezala idatzi beharrik ez dudan lan batetan aritzea; horregatik ez naiz irakasle, ez kazetari; bestelako zeregina nahiago dut nik». Arrantzak (atun kanpaña fundamentuzko bat: larehun mila pezeta) igual denbora libre gehiago utziko dizu. Igual! Eta igual irabazi gutxiago emanik burua libreago utziko dizu besteren batek. Eman bestela atrako-kolpe pare bat eder, eta erretira zaitez; aber hi, zenbatekin konformatzen haiz? Pues horixe.

        Baina tira. Lanarena konpondu duzu. Buruan garbi dukezu, lanak lan idaztearena dela zuri interesatzen zaizuna. Orduan errealitateak peligro bat izaten segituko du.

        Nik ipuin batetan zerbait kontatu nahi dut, demagun taberna baten anbientea. Taberna horrek, nik ezagutu dudanean, inpresio bat utzi dit. Agian, seguru aski beharbada, inpresio horixe izango da nik irakurleari transmititu beharko edo nahi izango diodana. Aldiz, taberna horretan oso maiz ibiltzen banaiz, lehenbiziko inpresio horiek galdu ditzaket, beraz ezin kontatuko ditut; menturaz jendea sakonago ezagutuko dut baina ezingo dut zirti-zarta deskribatu. Eta porru-edanari helduz gero taberna horrexetan? Inpresio berri batzu atxikiko ditut, segur pertsonalidadea galtzen ez dudan bizkitartean horiek kontatuta irakurleak zerbait sentituko du, baina... Idazleak daukan problemarik handienetakoa dela uste dut, «errealitate»an noraino sartzearen hauxe.

        Eta gero, ezagutzen dugunetik, zer kontatu? Aditu Anthony Burgess-i: «Ez dut nire obran amodio detailerik ematen, probableki amodio fisikoa asko estimatzen dudalako. Azken finean, kopula bat deskribatzen dugunean geure esperientziak deskribatzen ditugu».

 

        3

        Idazterakoan gure esperientziak deskribatzen ditugu, ikusi-ikasitakoaz baliatzen gara. Baina baliatze hau ez da nolanahi egiten ahal, asimilatze prozesu luze bat behar da, egia esan urte askotako prozesu sentsiblea, horregatik «nobela handiak» ez-dakit-zein edadetik aurrera idatzi daitezkeela esaten dutenak ez daude, dena dela, erabat oker.

        Oso zeinek bere gisa idatzi beharra dagoela; esperientziak ongi nork bereganatu behar dituela; besteen estiloekin ahanzten jakin beharra dugula, iruditzen zait neri.

        Jarri behar dugu, exeri. Denbora batez besteen errealitateetatik apartatu gara; denbora luzexta batez, nobela bat idatziz gero. Eta atseden handirik hartzerik ez, tarteka-marteka: obraren haria hortik edo hemendik galdu bait liteke, erraz hautsi dezakegu komeni izaten den estilo batasuna.

        Ideia nagusia garbi ote dugu? Bestela alperrik ari gara, nire usterako. Ez dakit nork zioen ipui bat idazteko tenorean zera egiten zuela, ipuiaren mamia frase batetara bildu, bakarrik horrela jakingo bait zuen gero edozein neurritara desarroilatzen.

        Ideia nagusia ez da «mezu» famatuarekin konfunditu behar. «Zein mezu dakarzu?», galdetu omen zioten Jorge Luis Borges-i, eta horretaz bere komentarioa: «Guk ez dugu mezurik, ulertzen? Zerbait egin beharra dagoelako idazten dut nik. Idazleak obra bere gisa irten dadin utzi behar luke». Nire ustez ere, hitzak «beren gisa» irteten ez badira, idazleak sentitu egiten ez baditu, ehun-eta-hamaika itzuli emanik ere ezingo du hala-moduzko produkturik atera.

        Ideia nagusia desarroilatzeko erabilitako ideia txiki guztiak, beren aldetik, ahalik eta sinpleen, ahalik eta lauen kontatzen «ahalegindu» behar dugu (ez dugu, nahi baduzu, gauzak konplikatzen ahalegindu behar), zerengatik azken finean irakurlearekin (era estraino batetan) komunikatu nahi dugu, eta ustez errespeto apur bat gorde behar ez al diogu? Baixe. Narratibarako sentidu honetan espontaneidadea oso ona izan daiteke. «Idatzitakoa berrikusten ez baduzu —Jack Kerouac mintzo da, «Odol hotzean» nobela terriblearen idazlea—, irakurleari zure pentsamentuaren funtzionamendua azaltzen diozu, hark egoki segituko dizu. Ez duzu inoiz ikusi taberna batetan tipo bat besteei kontu luze-salbaje bat eginez? Begiratzen diote, irribarre egiten. lnoiz ikusi duzu tipo hori esandakoa errebisatzeko gelditu dadin, atzera egin dezan honelako edo halako efektoa mejoratzeagatik? Mukiak kentzeko isiltzen delarik-edo bere pausa mentalak natural hartzen ari da, baina behin botaez gero, hura definitibo izaten da».

 

        4

        John Steinbeck amerikano interesante bat izango zen. Aditu, zer kontseilatzen digun, idaztera jartzen garen jentilaje honi.

        «Lehenbizikoz publikatzeko asmoz idazten delarik, normala izaten da foto bat ateratzeko nola, halaxe gelditzea. Rigidotasun hori gainditzeko erarik onena norbaiti idaztea da, pertsona bati, eskutitza bailitzan. Horrek askatasuna ematen du, eta irakurlego handiari izan dakiokeen terrorea galerazten du».

        Orain 400 folioren aurrean aurkitzen da «Tortila Flat» liburu txit ederraren autorea.

        «1. Ez pentsa sekula bukatu behar duzunik. Ez pentsa 400 orrialde direnik, eta egunean baño idatzi; horrek laguntzen du; bukatutakoan harrituko zara.

        »2. Libre idatzi, ahalik eta azkarren, dena botata paperean. Ez zuzendu, ez berridatzi liburua amaitu artean. Sortze prozesuan eginiko zuzenketa horiek aurrera ez segitzeko aitzakiak izaten dira. Erritmoan eragin negatiboa dute gainera.

        »3. Ahaztu irakurlegoa. Beldurtuko zaitu, eta gainetik ez da esistitzen, antzerkian bezala. Irakurle bakarra duzu. Hauta ezagutzen duzun edo ez duzun pertsona bat, harentzat idatzi.

        »4. Eszena edo parte bat bereziki nekoso gertatzen bazaizu, utzi eta segi ondokoarekin. Dena bukatutakoan itzuli ahalko zara, eta agian konturatuko zara horrenbeste zailtasun sortu bazizun igual bere lekuan ez zegoelako izango zela.

        »5. Mesfida zaitez besteak baino askozaz gehiago gustatzen zaizkizun eszenekin. Inposizio bat izan ohi dira.

        »6. Elkarrizketak, idatzi-hala ahots altuan errepika itzazu, ez duzu bestela hizketaren doinua harrapatuko».

 

        5

        Horraino aholkuak eman daitezke, eta soluzio taktiko hauek idazle berrioi primeran datozkiguke, barkatu. Badago ordea beste joera bat, gure (berrion) artean, eta zera da, estiloak dibersifikatu egin behar direla uste izatea. Ni, eman dezagun, neure burua idazlerako prestatzen ari naiz, eta «beraz» pentsatzen dut estilo desberdinak landu beharko ditudala, gero momentu bakoitzean behar dudanaz baliatzekotan. Zelan lantzen dira hizketak? Zelan da «jorratzen» deskribapen bat? Zelan erabili «estilo direktoa», «indirektoa», «direkto-indirektoa» edo badakit nik literaturaren aztertzaileen enbalsamategietan aurki daitekeen beste horrenbeste? Eta areago: Zelan eman ipuin honi izu efektorik? Zelan nobela potxolo honi «behar» lukeen sabore errealistarik? Zelan...?

        Ez dago zelangorik. Lehenago ere esanda nago, Kerouac eta Borges-ek direkzio berean apuntatzen zuten. Esan nahi dut: estiloak ez dira dibersifikatu behar, izan ere, dibersifikatzea, estilo desberdinak erabiltzea, idazlearentzat ona zein txarra izan daiteke, segun...

        Estiloaren kontzeptua bera jartzen da zalantzan. Bernard Shaw-rentzat, idazle batek, nolako konbikzioa zeukan, halako estiloa izango zuen. Niretzat ere —ez da aski, bai nahi-ta-nahi-ezko— idazle ona idazten duenarekin sinistuta dagoena izango da. Ikasitako arma estilistiko batzu trebeki erabili besterik egiten ez duenak ez du deus askorik balio.

        Beste gauza bat da, Norman Mailer-ek noizpait aipatu zuen «dibersidadea». Mailer hau behin beste tipo baten deklarazioek harritu zuten, esaten zuelarik berak amodioa egoera, aldarte eta umore posible guztietan egin gogo zuela. «Harritu ninduen bai —dio Mailer-ek—, zeren horixe bait zen nik literaturan egin gura nuena: umore guztietan lan egiten saiatzen naiz ni».

        Baina estiloak? Kontuak, gehientsuenetan. «Hemen Hegoamerikakoen, edo Kafkaren, edo Woolf-en estiloa (edo egitura) erabili behar dut» esatea bezain kontu. Modari jarraiki «orain nobela (edo ipui, n, edo zera) bat idatzi behar dut» esatea bezain alferrikako.

 

        6

        Besterik gabe jarri, ipini letrak bata bestearen ondotik, eta bapo egindakoan inprimatzera eraman.

        Irakurlearen ordua omen bait da. Irakurlea! Bueno, gutxirekin kontentatzen gara. Henri Michaux-ek Seferis-i esan ziona. «Badakizu, George, irakurle bat duen pertsona ez daiteke esan idazlea denik. Bi irakurle dituena ere ez da idazlea; baina hiru (hiru milioi bailiran ahoskatuz), hiru irakurle dituena, hori bai bada benetako idazlea».

        Irakurlearen erreakzioak oso kuriosoak izaten dira. Batek ez du ezer entenditzen, eta esplikazioak eskatzen dizkizu. Beste batek zerbait ulertu duela uste du, eta ondo ote dagoen galdezka heldu zaizu. Beste batek askoz gauza gehiago galdegiten dizu, nobela xehetu du eta pertsonai horrek zer, eta berba hori zertarako, eta abar, eta zuri, bai-baika, belarriak gorritzen zaizkizu eta begiak irekitzen txoro-txoro.

        Nik ez dut —jeneralean— ezeren esplikaziorik eman nahi. «Esplikapenak ematen baditut —esan zuen ez dakit nork; nota hartuta neukan, baina izena galdu dut—, historia pobreago geldituko da, zeren esplikapen alternatiboak bazterturik gertatuko dira».

 

        7

        Irakurle normalak hala ere gerra gutxi emango dizu. «Hi: ondo!» edo «Mmmm!», «Pse!», «Bah!» ñabardura horietako batez komentario egiten dizuna onena izaten da. Gehiago esatea, gehiagok esatea, ez dira txarrak berez; baina onak ere ez.

        Eta kritikoa, zer? Noski, oraintxe esan dudanarekin, irudi liteke kritikaren lanak bost ajola didala. Ez da horixe exaktamente. Agian bereizketa bat inposatzen da: kritika-aparatoa, eta horretaz ez naiz ari hemen, eta nire zera bati egin lekiokeen (ohartu ke hi-ren erabilkeraz) kritika.

        Bigarren hau ere ona izaten da, gauzetaz diskutitu dadin, sortu dadin polemika, hori bizia da, ona, ez inor baketan utzi, zirikatu.

        Baina ez da asunto hau ere kontradikziorik gabea. «Niretzat —demonio, hau ere ez jakin ba, zeinek esan zuen— idazlea oso pertsonala da; areago, zeregin sekreto bat, eta bere produktua sortzen delarik, honek nirekiko lokarriak hausten ditu (honaino ni konforme; orain beste bat, hurrengoa, sentitzen hasi zara, eta horrek inporta du) eta ez dut nirea denik sentitzen jadanik. Ondorioz, kritikak ez dit ezer esaten neri».

        Onartu al daiteke honelako jarrera bat? Galdera txiki bat, konplikazioz beterikako mundu batetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.