Bi
anai
Bernardo Atxaga
Bernardo Atxagak berak Bilbon egindako bere azken liburu honen aurkezpenean esan zuenez estilo propio baten jabe bilakatzea da edozein idazleren arazo nagusia, narratibagintzan zailagoa omen delarik prozesu hori burutzea poesigintzan baino. Zinez esan dezakegu estilo propioaren bila dabilela Bernardo eta berau da, ene ustez, nabarien agertzen den alderdia BI ANAI azken lan hoentan, prosa erabat Bernardotarra bait da, «tar» atzizkia berak Gandiagari erantsi zion era berean neuk orain berari eranstea zilegi bazait.
Bernardoren prosa dentsoa eta poetikoa da liburu honen kasuan besteenetan baino areago. Azterketa sakonen baten zai geratzen naizelarik, dentsitatea esaldien luzerak ematen dio lanari esatera ausartzen naiz; esaldi konposatuak, txertakuntzaz josiak, oso trinkoak. Testuaren irakurketa geldoa eskatzen dutenak, era honetaz irakurlearen erritmoa egokitu egiten zaiolarik narratzen denaren «temp»ari. Nik neuk, naiz eta laburra izan, bi zatitan irakurri behar izan nuen, hain zen dentsoa testoa.
Prosa honek poetikoa ematen du sarritan. Ene ustez, poesigintzan erabili ohi den zenbait elementuren erabilkerak ematen dio poetikotasuna testuari, hala nola eta baten bat aipatzearren, sinboloenak, ezen esan beharra bait dago nobela sinbolikoa dugula berau; «mintzoa» delako horretan adibidez, zientifikoki definitzea hain zaila den bizidunon barnean gertatzen den gizakiongan zein piztiengan indar itsua, erosa edo eritzi izan ziona. Denok dugu mintzoa aditzen, denok gaitu bizitzak sare bakarren elkarri lotzen.
Anai nagusiak aitak agindutakoari makurtu behar du bere burua, makurtze hori bait du berezko lege haustezin anaia horrek berorrek «ikasitako» munduan; anaia txikiak, ostera, haragiaren ikaraz aditutakoa hain itsuki aditu ondoren, zelan uko egin adimenaren harunzko eremuetatik datorkion indar menperaezinaren aginduari?
Xakean legez Bernardoren irudia erabiliz lege ezagun eta mugatu batzuren barruan mugitzen garelarik, behin mugimendu bat eginez gero piezaren batekin, mugimendu horrek berorrek patu bat markatuko dio jokalariari, bizitza bera den joko-taula honetan, azkenean, tragedia maiz gertaraziz.
Antonia Ormaetxea
|