Hamaseigarrenean, geu ere, aidanez
«Orotarik dita gizonak eta orotarik mintzairak, baina maitasun soilean izen asko bildu dira».
(S . Espriu)
Hamaseigarren zenbakira heldu gara, eta txarrena da tenore honetara helduta seguru aski ez genukeela zenbakarrenean gauden kontatzen hasi beharko. Baina tira, zulo beltza borobiltzearren hamaseigarren zenbaki honetako sarrera egia aitortzeko larregi axola ez zaigun gai bati buruz joango da.
Gai zehatza iragarri dugu eta gai hori urriaren hasieran Donostian izan ziren «Galiziar, kataluniar eta euskaldun idazleen II. Ihardunaldiak» izango da. Hasteko, gai hori aukeratuta, irakurle askok zertaz ari garen ere ez jakiteko arrisku bizian jausten gara, baina ez beldurtu hurrengo orrialdeotan seguru aski zure interesekoa izango den besterik aurkituko duzu. Bestetik, geuk ere ezin genuke horretaz berba gehiegirik egin, mementu honetan hau idazten ari garenon artean hiru egun haietako ekitaldietan parte hartu zuen batere ez dago eta. Horrexegatik hain zuzen, berton aurkeztu ziren txostenei buruz ez dugu hitzik egingo (gerora irakurri ditugu eta hiruzpalau interesgarri badirela iruditzen zaigu, berorien irakurketarako Idazleen Elkarteen egingo duen argitaraketaren zain egon behar duzularik). Horretaz aparte, eta tamalez, ihardunaldi horiek eman digute zer pentsatu, eta zer eztabaidatu. Islada ditzagun, bada, pentsamendu eta eztabaida horiek.
Ezerk ez gaitu hainbeste harritu, ez kezkatu, Ihardunaldi horietako antolakizun-lanetan ibili den Idazleen Elkarteak erakutsitako hainbat jarrerak baino. Egia esan, Idazleen Elkarteak beren orain arteko funtzionamenduan gauza bat argi aski utzi du, bere azalpen agerikoenetako bat azken Ihardunaldi horiek izan direlarik: horizontalkiago jokatzen du instituzio politiko autonomoekin idazleekin beraiekin baino, azken hauetako eritziekin urtean behin eta partzialkeriaz kontatzen ez duelarik. Esan nahi bait dugu: Elkartekoak gehiago kezkatzen dira instituzioekiko erlazioetaz, idazleekikoez baino. Horratx horren froga: lerro hauetan aipatzen ari garen Ihardunaldi hauetarako hilabete pare bat falta zirenean gutun bana bidali zitzaien Elkarteko bazkideei, antolaturik zegoen egitaraua anuntziatuz, eta honoko hitzak erabiltzen ziren: «Instituzio politikoekin hitzegin eta kontsultatu ondoren, hementxe bidaltzen dizugu ihardunaldi hauetako egitaraua». Noski. ihardunaldi horietako afari eta bazkari guztiak ez ziren alferrik instituzioek pagatutakoak (batetan Jaurlaritzak, bestean Gipuzkoako Diputazioak, azkenekoa Donostiako Udalaren kargu...) Bai, dudarik ez dago halako egitarauarekin lehenago kontsultatu beharra zegoela Makua edo Ardanza jaunekin, Elkarteko idazleekin beraiekin baino. Bertikalismoa erabatekoa. Horizontalismoa, aldiz, non zegoen argi geratu zen prentsan agerturiko hainbat argazkitan: ihardunaldietako argazkietan ageri ziren mahaiburuak gehiago ziruditen Eusko Jaurlaritzako prentsaurreko bat, idazleen kontua baino. Esan liteke beste modu batetara egitea ezinezkoa zela. Esan liteke, baina ez dugu uste hala denik. Beste norbaitek esan dezake beste modu batetara egiteko barruan egon beharra dagoela. Agian bai, gutakoren bat elkarte horretantxe tartean ibili da eta joku horretarako aukerarik apenas ez dagoen susmo bizia dugu.
Badakigu gure esan guzti hauek Elkarteri bost axola izango zaiola, baina Elkartea erreflexionatzera eraman behar luketen zenbait detaile ere eman ziren Ihardunaldi haietan: txostenen irakurtzeaz gain eztabaidarik ez zen zipitzik ere egon, dinamikarik ez. Aurretik egindako txostenak onesteko aukera hutsera mugatu ziren lan-saioak (agian lanetik kanpoko saioetan aurkitu behar genuke interes gastronomiko-turistikoa). Azkenik, parte hartze eskasa (euskal idazleen presentzia erridikuluaren mailakoa izan zen lehen bi egunetan); dena dela, horretan ere aspaldi ikasi du Elkarteak ebidentziei kasurik ez egiten. Zer pentsatu beharko luke bere etorkizunaz, bada, idazleen elkarte profesional batek, profesionala ez den literaturgintza batetatik kasik soilik elikatzen bada. Kontutan hartu behar da herri honetan idazle profesionaletatik kasik batere ez dela literaturgilea, eta idazle profesional horien ehuneko larogeitamarra ez daudela elkarte horretan. Idazleen Elkartea literatur idazle amateurrek osatzen dute %90an, eta hori ez zaie axolik antza.
Hasieran esan dugu axola ez zitzaigun gai baten inguruan ibiliko ginela, eta zelan ihardun dugun ikusita agian norbaitek pentsatuko du ez dela posible gai hori axola ez zaigula esatea... txarrena da baietz, egia dela. Tartean kafetegi batetan horri buruz bost minutuz mintzatzeak ez bait du esan nahi guretzat garrantziko gaia denik. Nahiz eta hiru orrialde luze eskaini. Osasuna guztioi.
|