L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-16 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nora zoaz, Luis Mari

 

Joanes Urkijo

 

        Garbi utzi zidaten Josu Landak eta Mikel Antzak behinola Donostian. Nahiko argudioak eman zizkigun Josu Landak berriro ere Bilbon, hitzaldi baten abagadunean. Nik ez nien sinetsi nahi izan, eta orain oker nengoela aitortu beharra daukat (gogo onez hala ere).

        Eusko Jaurlaritzak, zioten biek, badu proiektu argi eta garbia euskal literaturari dagokionez. Instituzio guztiek literatur sariak antolatzerakoan dituzten helburuez gainera (batez ere, gizartearen aurrean kulturaren aldeko porrokatuak bezala agertzea, baina baita propaganda izugarria eta arrunta baino merkeagoa lortzea), instituzio goren honek, herri osoaren mailako kultur plangintzaren erantzunduna zelarik, proiektu zabal bat antolatzeari ekin zion, segur aski proiektu politiko zabalago eta epe luzeagorako bati begira.

        Hain zuzen ere, literatura euskal kulturaren ardatz eta osagarri ezinbestekotzat jotzen badugu, bi bide nagusi har daitezke: bata, literatura hori bultzatzeko eta babesteko neurrien bidea, hau da, idazle berrien lanek argia ikus dezaten erraztasunak eta laguntzak jartzea. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritza ez da kezkatu argitaletxe boteretsuek bilakatu duten agintearekin; gaur atzo legetxez argitaletxe hauek nahi dutena baino gutxi gehiago argitaratzen da. Idazle Elkarteek lortzen dituzten eskubideek bazterrean uzten dute idazlearen eskubiderik funtsezkoena, argitaratzea, alegia, irakurlegoak bestek ez bait luke erabaki behar nork merezi duen irakurtzea eta nork ez. Jakina, argitalpenerako diru laguntzak eman ematen ditu Eusko Jaurlaritzak, baina zer argitaratzeko, hor konpon. Eta hortxe dugu bestela froga: literatur generoren bat zeharo madarikatua dela, ez omen delako saltzen, eta bakarrik talde alternatiboei esker ikus dezake argia, baina askoz ere baldintza gogorragotan, batez ere idazlearentzat. Irabazkinik ez dagoela, ezin dira behar legezko propaganda eta zabalkuntza ordaindu, eta horrenbestez liburu gutxiago saltzen da.

        Beste bidea, Eusko Jaurlaritzak hautatu duena, prestigio eta ospearena da. Hain zuzen, Euskal Herritik kanpo oneritzi eta mirespena lortzearena. Horrek, nabarmenki, literatura helburu politikoen esanetara jartzea suposatzen du. Eta zergatik literaturaz baliatu nahi ote duten ulertzeko, katalandar literaturak gaur egun estado mailan duen ospea eta errespetua izan behar da kontuan. Katalandarren bideari jarraitu nahi badiote, beraz Luis Mari Bandresek eta bere jaurlari kideek.

        Guzti hau esaten zidaten Josuk eta Mikelek, eta zalantzak jota utzi ere utzi ninduten. Jakina, niretzat egoera ez zen hain larria: hitz batean, Eusko Jaurlaritzak ez zeukan inolako plangintzarik, eta itsuaren moduan makilakadak ematen zebilen. Nik, ezbai horretan, bide okerrera jo nuen: literatur sormenerako (nobela bat idazteko) dirulaguntza eskatu nion Bandresen sailari. Beraien erantzuna aise igar daiteke orain arte idatzi dudanaren arabera: ez didate diru laguntzarik eman. Baina ez da hori, ezta gutxiago ere, amorruz bete nauena, dirulaguntzez faboreztatu dituztenen izenak irakurtzea baizik.

        Epe ahalik laburren batean estado mailan prestigiotsu den literatura bat lortzeko, ezin da ibili idazle gazteak aurrera bultzatzen, zeren, ugaritasunak kalitatea dakarrelako axioma teorikoa egiatzat jota ere, askoz ere epe luzeago batera jo behar bait lukete, harik eta kalitate maila lortu eta estaduan beronen eragina nabaria izan arte.

        Ez, Eusko Jaurlaritza elite baten beharrean dago, eta horrek kopuru urria adierazten du. Beraz, gehienok ez gara kabitzen beraien asmoetan, «izenik» ez dugunontzat ez dago tokirik gloriaren untzian. Beste aldetik ere, prestigiorik lortu nahi bada, generorik prestigiotsuenetara jo behar derriorrez: hauek gaur egun nobelagintza, eta neurri handi batean saiogintza ere badela esan daiteke.

        Guzti hau aise egiaztatzen da aurtengo dirulaguntzak nortzurentzat izan diren jakinda: nobelagintzan Txillardegi, Joxe Austin Arrieta eta Pako Aristi izan dira zortetsuak, bitartean eta saiogintzan Aita Villasante (beste Luis Villasante orain arte ezagunik ez badago), Mikel Azurmendi Intxausti eta Txema Larrea. Epaimahaiarena ere ez da makala: euskal kulturaren haundi-maundi guztiak bildu ditu Luis Mari Bandresek parodia egiteko. Batzu errespetu handitan dauzkadanak, besteek ordea ozta-ozta bertsolaritzaz ulertzen dute eta ezgauzatzat jotzen ditudanak honelako erabakia hartzeko; besteren baten izena ez dut egundo entzun, eta zeharo misteriotsua iruditzen zait literaturaz uler dezakeena. Baina denek elkarrekin Jaurlaritzak behar zuen taldea osatu dute, burua makurtu eta izenak sariztatu kalitatean erreparatu barik (eta ez dut esan nahi sarituen idazkiak kaskarrak direnik, hori azken batean beste nonbait aztertzeko litzateke eta).

        Beste gauza bat ezin dut oso ondo ulertu: nola ezkon ote daiteken Txillardegi eta Joxe Austin bezalako idazle «iraultzaile» bat (komila artean, abizena beraiena da eta), Jaurlaritzaren proiektu atzerakoi honekin? Beharbada, Txillardegik berak esan bezala, «idazle eta politikoen arteko kontradizioak aberasgarriak» direlako? Edo agian, nik gaur arte uste izan dudan legez, milioiak huskeriatan alferrikaltzen instituzio bati ahalik gehien kentzea zilegia delako? Honela bada, Txillardegi eta Joxe Austin joku arriskutsuegi batean jausi dira, eta beraiek esatea gustatuko litzaidake, ea dirulaguntza eskuratzeak erabilia izatea merezi duen.

        Aita Villasanterenak bai ez duela izenik: dirua eskatzea ere, epaimahaian Alfontso Irigoien, Juan San Martin, Jon Kortazar eta Ibon Sarasola daudela! Hori lotsagabekeria! Edo baliteke nik aldrebes ulertu dudala asuntoa, dirulaguntzak ez direla laguntza behar duenari laguntzeko, baizik eta edozer, edonoiz eta edonon argitara dezakeen idazleari (zenbat entzutetsuago hainbat hobe) gainontzeko eskupeko bat emateko. Ni, zoritxarrez edo, ez naiz azken hauetakoa, beraz utzi egingo diot berriro eskatzeari, gauzak aldatu arte behintzat (he he!).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.