Azaroko heriotza: lau ohar
E. Olasagasti
Zakur bat negarrez katuen erresuman
mila jostorratz harilkatzen
bizitzea, pauso bakoitza urratsa bihurtu
poema, gizon bakar bat bidean
natura, ikaragarria eta
hortzeko marratik gora argia.
Zer agintzen du ?
* * *
Denbora gelditu egin da
kostaldean Matxitxakoraino
gelditu da
Kopeta zabaleko herria, barruan
sabelean, harriak borrokan gauzka
* * *
Oinezko arrantzaleak kostarantz abiatu dira
Haize fuertea zegok diote
Denbora beste behin gelditu da
zure izenean eta egunez
aditu
kantoiak umeenak
aitonen begirada aurrean
espaloietan jolasten dute
hezur zuri bat belontzi masta bihurtuz
* * *
Gaur itsasbazterrean lur arrotz eta urrun bat dakus
bidean gizon bat ito da.
Pakerik ez, itsasoa berde eta
gure begirada grisa den bitartean
Bi bat da.
Eta instant horretan
zenbat sufritzen duen batek
nola, bere buruaz beste eginaz
egunak egunero
urtean hirurehun eta hirurogeitazazpi
aldiz bezala.
Gizona triste paratzen da
bat batean
harridura beirapean datza entendidu ezinik
berriro begira bere odolaren kolorea.
|