Rosalia e o seu tempo
Malkotan ezkutatua izan den Rosalia de Castro birbaloratzeko asmoz
Aurtengo 1985. urtea, Rosalia de Castroren heriotzaren mendeurrena, galegoak ez diren beste zenbaitzu data garrantzitsuaz oroitu omen eta kurioski aprobetxatzen aritu bitartean, Galizako uztailean Rosalia e o seu tempo Nazioarteko Kongresua ospatu da Konpostelan. Honelako omenaldi ofizial nahiz ofiziosotan ohitura hartu den bezalatsu, poetisaren lehen esangura laberintu lanbrotsutan murgildu eraziko zutelaren espero trixtean geunden arren, bestelakorik ere suertatu da.
Hain luma finez trukatu nahiz aldrebestu eta nahita itzaldutako Rosaliaren obra eta nortasunaren alderik funtsezkoenetarikoei lekua emanda, bere ezagutzarako ikusmira zabalago eta hurbilagoa izateko aukera eskeini zaigu herensugez betetako lur amaiera hartan. Hots, behindaberriz Galizaren ikuspegi lasaitzaile, meneko, bukoliko eta folklorizantearen estereotipoa erazagutzen diharduten betiko omenaldizale floristeroek Rosaliaren obrako errealitate ilun eta ezeztatuaren jarrera konfliktiboa ezkutatu eta maneiatzen dutela salatu eta berriro ere argitara eman da Rosalia eta bere garaia kongresuan. Berataz dugun ikuspegi negartia gaindituz, zeharo diferentea den beste poetisa duzue Rosalia, esan zuen Xose Ramon Barreirok: bere tentsio intelektual eta nortasunaren singulartasunak beregain isiltasun konjura bat hedatzea utzi badie ere obrako karga kritikoa oro nahasketa hutsaletan desagertaraziz, alegia, iagoitikoz Rosalia ez da domestikatua izanen.
Apika, azpimarragarriena, Pilar Garcia Negro eta Paco Rodriguezek eman zuten Rosaliarekiko ekarpena dugu, kongresuko joerarik berriena (berriena, nolabait esateko, beren ikerlana eta zenbait argitalpen 1970. urtez geroztik bait datoz dagoeneko). Ekarpenik berrien eta interesgarrienak ditugula esaten genuen, ze, Rosaliaz balorapenak egiterakoan, joera historiko eta materialistari jarraikiz, poetisa bere nazio eta nazioaren arazoei atxekirik eta dagokion garai historiko konkretuan kokatu bait dute, (noski) espainiar literatur autoritateek ez bezala.
Rosalia askok uste baino haustura gehiago ematera zetorren, bai literatur maila eta bai jarrera erradikal eta izpiritu kritiko mailan. Unibertsitatetan eta idazle konsagratuen ahotan hain gratuitoki entzuten diren Rosaliaren literatur prestakuntza falta, obraren kalitate eskasa eta baita literatur galegoaren subalternotasuna, bere obraren azaleko irakurketa alferraren fruitu besterik ez dira, beste ezpata garratzagoren helburu kolonizanteak ez aipatzeagatik.
XIX. mendeko filosofiarik aurrerakoienetakoa zen sozialismo utopikoaren eta baita galizar errealitate sozialaren bere ezagutza nabaria duzue prentsako artikulotan, zeinak alde batetik detormazio kanpainak pairatu dituztelaren itxura duten, eta bestalde ezkutatu nahiean beste luma moldatsurengandik aldrebestu izandakoa ere bai. Horrela, kontutan hartzekoak dira, galegoz idazteari utzi ziola, kanpoko erasoen eraginez; honela, testu filosofiko-ideologikotan izengoitia erabili beharrarena (1867. urtean, adibide gisa); 1881. urte ondorengo prensako artikuloen hutsunea; Murguia-ren Rosaliaren testuen atzera bota beharra, jasaten zuen presio eta erresponsabilitate sozialen ondorioz, etabar tabar.
Badirudi, Rosaliak, galegoarekiko etena ukan zuenean, ez zuela bere barne praktikan baztertu, praktika publiko legez baizik. Etsaikeria sozial arazoa zen, bai bait zekien galegoaren erabilerak arma bat suposatzen zuela, eta haustura honen bitartez (gogora lehen aipaturiko 1881. urtetik aurre prensarako artikulorik idazten ez duela), haustura honen bitartez bere eritzi kritikoa nondik norakoa zen aditzera ematen zuela publikoki.
Halaber, Partidu Demokratiko Errepublikanoarenganako bere hurbiltasunean (militatzen ote zuen ere planteiatu izan da) eta Galizako sasoi prekapitalistan, 1866.ean Indalecio Armesto-k ireki zuen bidetik sistema kapitalista kritikatzeari ekingo zion, garai historikoarekiko nahiz politiko nazionalista konpromesua agerian ipiniz. Gisa beran, «Cantares Gallegos», zioen Alonso Montero-k, guda liburu bat duzue, galizar kulturaren berpizterako deihadarra, eta erabateko berrirakurketa behar eta merezi du.
Galizia, ti non tes patria,
ti vives no mundo soia,
e a prole fecunda tuya
se espalla en errantes hordas...
Galizia, sin homes quedas
que te poidan traballar.
Tes, en cambio, orfos e orfas
e campos de soledá,
e mais que non teñen fillos
e fillos que non tén pais.
E tés corazóns que sufren
longas auséncias mortás,
viúdas de vivos e mortos
que ninguén consolará.
Morreu aquél que eu quería,
e para min n'hai consuelo:
sólo hai para min, Castilla,
a mala lei que che leño.
Gehiago oraindik. Garai hartako Espainian emakumezko batentzat idaztea konfliktiboa suertatzen baldin bazen, XIX. mendeko Galizan areagotu egiten dira arazoak, aldi berean nazioko egoera (nazionalismo galegoa, sasoi prekapitalista, emigrazioa...) nahiz bereganako presio sozialen menpekotasuna tartekatzen zitzaizkiolarik. Eta hau ere salatzeke ezin laga zuela aipatu dute Kathleen March, Elena Sanchez Mora, Cristina Duplaa eta Shelley Stevens Estatu Batuetako unibertsitatetako irakasleek (feminismo eta progresismo erradikal hitzokin mahaieratu zena): bai modelu sozialetan bai psikologiko eta sentimentalki emakumea gizartean guztiz diskriminatua dagoelaren interpretazioa present utzi du Rosaliak, nahiz eta ondorengo manipulazioek idazle tradizional eta klasiko (posterromantiko) antzo bakarrik mantendu duten.
Bigarren ekarpen garrantzitsu bat, Rosalia de Castroren nobela fantastikoarena izan da. Anton Risco-k «Unha novela fantastica de Rosalia: El caballero de las botas azules» izenburupean aurkeztu txostenean, XIX. menderako obra arras ireki eta apart gisa azaldu zuen. Mende hartan literaturak zentzubakarreko joera komunikatiboa duenean, «El caballero...»>k polisemia harrigarria dakarkigu. Nobela, fantastiko-miragarria da, zeinean elementu errealistek (edo halakotzat jotzen direnek) gatazkako harremana bait dute elementu extranaturalekin, kasik identifikagaitza, kontraesan osoa sortuz txundigarri bilakatzen delarik. Bi planu hauen presentzia poetisagan konstante bat dela deritzogu: alde batetik, poesia erromantiko herrikoiaren espiritualtasuna eta, bestetik, bere lur eta arazo politiko-sozialei eskeiniriko ardura, zeinak nobelan beste bi planu semantikotan gauzatzen bait dira: bata, garaiko literatur eta folletin konbentzioaren aurka jartzean; Espainia guztira hedatu den madrildar burgesiari zuzenduriko kritikak azaleratzen dion errebeldia sozialean, bestea.
XIX. mendean nobela itinerante eta errealista dezimononikoa egitera baldintzatua zegoenean, Rosaliak polisemiaruntz zabaltzen du nobela, honen kontzeptzio irekia proposatuz.
Azken finean, Rosalia e o seu tempo Nazioarteko Kongresuak galizar poetisaren berrirakurketa eta birbalorapen sakona egiteko bultzada suposatu du, eta baita, bidenabar, betiko Rosaliari erantsiriko posterromantiko eta espiritualtasun herrikoi folklorizante topiko erabili-maneiatuak kolokan ipintzeko.
Galizia, non debes
chamarte nunca española.
|