|  
              
               
 
 
Amodio eta desamodioaren harietan irule
 
 
 
F.J. Mendiguren
 
 
 
           I
 
Penelope 
 
hel zakizkit 
 
eta jostunen ofizio apala erakutsi 
 
nola josten duten behatzek 
 
sare harrapatzailea 
 
nola askatzen duten gero 
 
korapilo libraezina 
 
egunez egindakoa 
 
gauez desegiten 
 
egunez ahaztutakoa 
 
gauez berrikasten
 
 
 
           II
 
Afrodita 
 
jainkosa zaharra 
 
zergatik eskatzen diozu horrenbeste sufrikario 
 
zure erlijionean 
 
iniziatu nahi duenari?
 
 
 
Isthar 
 
atso zaharra 
 
zertarako erre behar zaizu horrenbeste eskeintza 
 
aldare gotor horretako 
 
betiereko suan?
 
 
 
Astarte 
 
puta zaharra 
 
zer eskeintzen diezu zure meneko gaixoei 
 
malkoizerdiodolezko 
 
sakrifizioen ordain?
 
 
 
           III
 
Julieta 
 
zuk badakizu 
 
eskailera erortzen 
 
uzten baduzu 
 
zurubian gora 
 
igoko zaizuna 
 
lehen floria 
 
are bizia 
 
ohostuko dizkizun 
 
herio hotza 
 
puinal zorrotza 
 
izanen dela. 
 
Julieta 
 
huntzak ezin dio 
 
igotzeari utzi 
 
eta zuk ezin eutsi 
 
amiltzeko agintzen dizun 
 
barrengo abotsari.
 
 
 
           IV
 
Bokila luzea 
 
ezpain gorrietatik 
 
apartatu eta 
 
ke hari mehe luzea 
 
aurpegira bota zenidanean 
 
          (A edo B)
 
A: lurrun urdinska 
 
    aidean galduz zihoan neurrian 
 
    burdinezko kate motz eta astun 
 
    bihurtu zitzaidan:
 
B: ene sorleku eta izena 
 
    ahantzi nituen eta 
 
    gauza bakarra jakin 
 
    aurrera begira:
 
zure nauzu betirako 
 
Lili Marlen
 
 
 
 
 
Appendix: eranskin eta soberakina
 
 
 
        (Ehungintzan beti izan dira litsak. Izan bezate lekua, behin batean bederen, inolako jazkirik osatzera heldu ez diren eta zakarretarako izan ohi diren litsok)
 
 
 
1. Jeiki berria nahi zintuzket 
 
       Nagiak maindire arteko jolasean kendu, berrezarri 
 
       Zilborraren gau usainaz horditu 
 
       Bizkarraren loguraz pausatu, etzan 
 
       Larruazalaren zimurretan ametsen pusketak bildu 
 
       Begi ninietako ur zipriztinez aztoratu 
 
       Jeiki berria nahi zintuzket 
 
       Guzti horretarako
 
 
 
2. Hedonista izanik 
 
       aszeta izanda 
 
       baldin zure behatzek 
 
       apur bat doi-doia 
 
       ukituko balute 
 
       nere haragia 
 
       eragingo luketen 
 
       zainetako zartak 
 
       buruko iletatik 
 
       hatzazaletara 
 
       larru azal guztia 
 
       dardara bizian 
 
       ipiniko lidake 
 
       nahitanahiezean
 
 
 
3. Zure koloretea gorrixka da 
 
       eta masaileei sagar onduen eitea eman nahi die. 
 
       Koloretea duzu bigarren azala 
 
       axalekoa 
 
       zeren 
 
       koloreteak ez baititu nere muxuak maite 
 
       sentitzen ez dituelako eta 
 
       akabua dakarkiotelako. 
 
       Halaz guztiz ere 
 
       maite zaitut 
 
       koloreatuta ere.
 
 
 
4. Anguloa sekula osatzera 
 
       Heltzen ez diren bi lerroren 
 
       Arteko bisektriza ezarri 
 
       Nahian nabil baina ezin 
 
       Bertiza bilatu eta 
 
       Segmentuek bat egin arte
 
 
 
5. Buzoian 
 
       olbidoaren armiarma 
 
       hiloihala fruten ari 
 
       harategi berriko prezio merkeen propagandaz
 
 
 
       Telefonoz 
 
       urrutiko izkinatik 
 
       entzundako tutu erritmikoak 
 
       kiriobera bihurtzen hezurmuinak oro
 
 
 
       Aurrez aurre 
 
       begitarte hieratikoaren 
 
       mustapil izoztuetan irakurri 
 
       azken sententzia apelaezina: ene suizidioa
 
 
 
6. Neronen sentimenduen 
 
       aktore txar eta erridikuloa 
 
       besterik ez nintzen. 
 
       Komedia bera ere 
 
       zaharra, betikoa, ezagunegia 
 
       nere adaptazioa benetan kaxkarra. 
 
       Zuzendaritza lana 
 
       tamala, negargarria 
 
       zer zuzenduko nion bada nere buruari?. 
 
       Nïk tristearena egiten nuen 
 
       baina, egia aitortu behar badizuet, 
 
       oso triste nengoen.
 
 
 
7. Taberna zikin bateko 
 
       lababoko ispiluan 
 
       karminez idatzi nizun 
 
       azken mezu izkutua.
 
 
 
              
              |