Kafe baten ilusiotan
Maddalen Iriagarai
Kafe baten ilusioa, katilu ipurdiko azukre hondarretan nahasten da arratseroko eginkizunean. Eguneroko terrazan gaur ere, begi urdin urduri batzu arratsero agertzen zineneko aldera zuzentzen dira itzalak norbait salatzen duen aldioro. Badaki, eta ez du inoiz onartuko ez zarela itzuliko, ez duzula sekula berriz kantoiko kurba hartzean irrifar konplizerik dibujatuko.
Kamarero jostalari baten joan etorriek iratzartzen dute inoiz, bere ametsetako paradisuaren irrealitatetik jeitsi araziz. Eta katilu zoruko azukre hondarra astintzen du, urtzeko adina kafe gelditu ez delako, sekula urtuko ez den azukre hondarra. Begi tristatuak lanbrotuak hobe zuzentzen ditu gero kale kantoira, arratsak zehaztuko dituen gorputzen ezagutzera. Ile nahastuak alderatu eta berriro lokartzen da ilusio joanen eta hautsien ametsera, gogoratzera.
Iluntzean beste kafe bat eskatuko du esne ttantto bat bota iezaiozu, mesedez eta begira egongo zaio kontu ixilean azkenik geldiro edango duen arte. Gero itsasaldera joatea pensatuko du, oinutsik olatuak lehertzera bi kafe kobra itzazu lehen egiten zenuten bezala.
Urari begira egoten zaio, itsasegia arretaz zeharkatzen ordu erdi barru hemen dira eta kai aldera jotzen du ixilik, zu ez zatozela ikusten duen arte eta berriro buelta.
Argiek itxuragabetzen dute gaua, hondartza zeharkatzen duenean. Batzutan norabidea galdurik, uretan barrena itsasoratzen da, agian itsasegia harrapatu nahirik, olatuek menderatzen duten arte. Gero aurrera jarraitzen da, zapatilak eskuan, birao ixiletan elkarri amestarazitako ilusioen destinua madarikatzen. Itzulerakoan txoko aukeratura joaten da han, non betirako maitasuna elkarri zin egiten bait zenioten, musu eta zirriz asekaitz urak eramanaren hondarrak persegitu eta dastatzera.
Poliki, lotsor, doinu sekreturen baten erritmoz biluzten da, itsasoak posesiboki gorputz eme haren biluzia bereganatu, kresalez jantzi eta, goizaldera, hondarretan abandonatzen duelarik. Lehen eguzki errainuek etxera entregatzen dute, gauaren zamak deskantsatzera. Arratsaldero itsas lanbroak estaltzen ditu poesia erromantikoak, eta oin bilutsien aztarna ezabatuetan barriztatzen da maitasun inposiblearen betikotasuna.
Gaur ordea, besterik egingo du, jeiki orduko nabaritu duen zirrararen ordaina. Eskaparateak begiratzen galduko da kale nagusiko bazterretan, ezagutu zintueneko parkea errepasatzen, kanta zaharrak, pop eta diskotekak; herriko festak, dantza-lotuak eta musu inozente haien gozotasuna beste kafe garratz baten epelak irentsiko du. Karminezko musu borobila abandonatuko du garbigailuko detergentearen esku, uraren destinuak eraberrituko duena.
Lore sorta bat eskatuko du ez, ez, plastikozkoak ez aldameneko lora dendako sarreratik eta bueltak jaso gabe itzuliko da eguneroko bidera. Gero arratsean, hegia beltzez nahastean, lore sorta desegin eta banan-bana urari jaurtikiko dizkio. Txibirita bat hostogabetzen gaubeila egingo du, hosto ezerezak tori eta uretara jaurtikitzen saiatuko da hauek ere, gainerantzekoak mareak daramazkeelarik. Azkena berarekin daramake, izkutuko destinua iritsiko dutelakoan, biharamonik gabeko irri sotil bat aideari eskeinirik itsasoan barneratzean.
Biharamun goizak makuto bat eta aldamenean urak triskatzea lortu ez duen lore bat salatuko ditu maitasunaren testigu bakarrak, dokumentu gabeko, hitzik gabeko testigu ixilak.
|