Hildakoen artean izendatu ninduten
(Epikaren garaiak ez dira iragan Euskal Herrian)
Joakin Balentzia
(*) Lehenbiziko poema hau, Hildakoen artean izendatu ninduten, orain hilabete batzu idatzia neukan. Mikel Zabaltzaren desagerpena eta heriotza argitu baino lehen, bederen. Luis Mari Zabaleta, Bakartxo Arzelus eta Alejandro Auzmendi erori ziren geroago. Lauroi eskeintzen diet poema hau, bihotz bihotzez, argitaratzeko momentuan, beraiekin zer ikusirik duela nagoelakoan.
(**) Bi poema hauek eta beste batzu Denbora, sorgina eta solasa izenburupean aurkeztu nituen joan zen Iruñeako udal literatur lehiaketan, poesia alorrean. Poesiaren saria desertua utzi zuten («kalitate txarrekoak» aukeztuak ginelakoz edo), Sagrario Aleman zinegotzia, Iñaki Zabaleta, Peio Lizarralde eta Felix lbargutxi epaimahaikideak zirelarik. Hau ezbeharra!
Hildakoen artean izendatu ninduten,
asmo oroz, baina erabat okertu ziren,
hira berdez mozkortuak;
maiz gertatzen zaiela, nik uste,
kakatzazko pailazoo horiei.
Huskeria distiratsuak, produktu ahituak
nazioarteko merkatuan iragarriz,
hots, hogerlekoak lau pezetetan
saldu nahi dituzten ergel horiek.
Inork sinestu dienik ez pentsa,
baina txantxa makina itzela egiten dute
deusezaz pentsatzeko, burua betetzekotan,
nahitanahiez, zama huts baten antzera.
Hildakoen artean izendatu ninduten
kontu irrigarri eta ilunak eginez.
Baina nirekin okertu ziren oro
sugandila goibel horiskak, galduriko gatazkak
zibilizazio eta kulturaren garaipenak bezala
kondatzen dituzten agure adurti horiek.
Bestelako garaiak ziren,
baina, inork ez oroitu arren,
hemen ongi informatu gara eta
oraingoan ezagunak baditugu
beren zibilizazioaren egiazko aurpegierak.
Haurrek ere irakurtzen ikasi baino lehen
egia berri eta zaharrak aldarrikatzen dituzte
datu aurkituen nabaritasunak
eskeintzen diena ozenki pentsatuz.
Hildakoen artean izendatu ninduten
jokalari kirten, arrakero arrunt horiek.
Urrezko iturrietan edan zutela, bai zera,
eta orain lehor eta pozointsuak daude.
Luzaro izorratu zituzten ene belardiak
eta niri purtxileriak saldu nahi
kolonizaturiko basati onei bezala;
baina, hondarrean, nire benetako truke txanpona
erakutsi nien, hots, hodi ketsuak, oihu airatsuak,
mila ezpata zutik arbol lerdenak bezala,
bular mehatxagarriak, ez birginenak,
andraundi ergelenak ezta ere,
sorgin ahots latz eta kementsuenak baizik.
Hildakoen artean izendatu ninduten
beren paperetan zakar horiek,
inperioko hizkuntzaz beti idatzita;
bizien munduko zerrendatik ezabatzerakoan,
horrela desagertuko nintzela pentsatuz.
Baina okertu ziren nirekin oro
jainkozko hiraren kudeatzaile trauskil horiek;
indarkeria sainduaren apezak
beren sastagaiak eta pistolak kontsakratuz,
goren sazerdote izartsuaren monagiloak,
beren jabearen ahots hutsak.
Bidaia luzea izan da geurea, baina, ziur izan,
buru jotzeko zorian gaudela, pazientzia bait dugu,
gure uzten haztea urtero ikusteko nahikoa,
esku geldietan ez itxadoteko moduan, ordea.
Hildakoen artean izendatu ninduten
beren haunditasun eta batasun bortxatuaren
kalkuluak egiterakoan, laztozko mamu ketsuak;
baina okertu ziren nirekin oro
umeei ere beldurtzen ez dieten fantasma horiek;
nire solasak iraun zuen inoiz baino biziago,
zanpatzen utzi ez zireneko mila hitzez egindakoa,
gure sekreturik barrukoenak elkarri aitortzeko,
egiarik gorrienak aldarrikatzen jarraitzeko,
jakintzaren adierazpide guztiak azaldu ahal izateko,
nire solasak iraun zuen,
hau da herri honen kantua,
hildakoen artean izendatu zuteneko herria.
|