L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-17 (1986-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ferdydurke

 

Witold Gombrovicz

 

euskaratzailea:
Utretx

 

        Witold Gombrowicz 1904. urtean jaio zen Kielce-ko probintzian, Poloniako hegoaldean. Abokaturako estudiotan saiatu zen, alabaina, ez zuen inoiz lanbide horretatik bizimodurik aterako, hogeitamar urte zituelarik bere lehen liburua eskribitu ondoren («Nerabezaro baten oharrak»), literaturari eman bait zitzaion bete betean.

        1937.ean, Poloniako literatura osoa hankaz gora jarri eta irabiatuko zuen nobela eskribitu zuen: FERDYDURKE. Zer den Ferdydurke? Hasteko, tituloak ez berez ez du esanahi zehatzik, hots deigarri bat besterik ez. Bestalde, egitura aldetik ere ez du nobela ohizko batekin zerikusirik. Ez dago argumentu jakin baten garapen linealik. Izan daiteke clown baten amets irrigarria, komikotasun erakargarrienaz hornitua, absurdorik absurdoenera eramaten gaituena. Herdoilak bezala jaten du bere umore, ironia eta sarkasmoak, batez ere sarkasmoak.

        Mundu-ikuskera erdi magiko erdi irrazional bat agertzen du autoreak, beti ere intuizioetan oinarrituz ideia burutsu eta arrazionaletan baino gehiago. Filosofia bat adierazten du orriz orri, baina ez filosofoaren antzera, fikzio eta magikotasunaz baliatzen den eskritore sentibera bezain gordinaren antzera baizik. Beraz, Ferdydurke gauza asko eta kontrajarriak da aldi berean: heldugabetasunaren eta heldutasunaren arteko dialektika, gizakiaren errealitate kaotikoa eta hori adieraztearren libratu behar den bataila formala, existentzialismo sutsua eta positiboa, ez Heidegger edo Sartre batena bezalakoa..., eta beste gauza asko, esplikatzen hasi eta berehala esplikazio hutsetan baliogabetuko liratekenak.

        Guzti honekin esan nahi dut, irakurtzeak bakarrik emango digula mundu-ikuskera harrigarri horren gozamena. Eta irakurlea animatzekotan edo, hemen doa nobela horretako kapitulu labur bat, nolabait itzulia, jakinik hala ere, hor agertzen diren zailtasun formalak ez ditudala seguruenetik modurik egokienean konpondu. Batetik, jatorrizko hizkuntzarik ez dakidalako eta bestetik, euskara beraren malgutasun ezak eta neure hizkuntz konpetentzia urriak ukaezinezko mugak jarri dizkidatelako.

        Autorearen beste zenbait obra

        * 1938: «Ivonne, Borgoñako Printsesa» teatro lana. Nabariak dira hemen Witold Gombrowicz-en ezaugarri tipikoak: sarkasmoa, izpiritu kaustikoa, trufarako jokera. Tematikari dagokionez, beldurra, hartueman jerarkikoak, arrazismoa, kolektibitatearen laido eta lerdakeriak.

        * 1939: «Erauzituak» izeneko nobela.

        * II. Gerrate Mundiala piztu baino lehen, Argentinara atzerriratzen da 25 urte bertan ematen dituelarik. Menturaldi horren berri «Trasatlantiko» izeneko nobelan ematen du, 1947. urtean eskribitua.

        * 1947: «Ezkontza». Interes handiko drama.

        * 1955: «Seduzioa». Nobela. Eta kritiko askok maisulantzat ematen duten «Journal» edo bere «Egunkaria»ren lehen partea.

 

 

Filimor umez forratua

 

XVIII. mendearen bukaeran, Parisen jaiotako laborari batek ume izan zuen; eta ume horrek halaber ume bat izan zuen, eta ume horrek ume bat izan zuen baita ere eta gero beste ume bat izan zen... eta azkeneko ume hori tenis partidu batean ari zen (munduko kanpeoi gisan) Parisko Racing Clubeko pista nagusian, ikaragarrizko tentsio giroan eta etengabeko eta berezko txalo-burrunba artean.

        Alabaina (zein traizio eroak egiten dakien bizitzak!) ertzeko tribunan eserita zegoen zuavoen koronel batek, inbiria hartu zion bapatean bi kanpeoi haien arteko joko garbi zoragarriari eta, sei mila ikusleren aurrean bere ahalmenak luzitzeko irrikitan (aldamenean andregaia zuela-ta areago oraindik)..., supitiki errebolberrarekin tiratu zion raketen artean aidean zebilen pelotari. Pelota lehertu eta jausi egin zen. Horrela, pelota barik utzitako kanpeoiak, raketekin hutsean kolpeka ihardun zuten apur batean; baina, beren alferrikako mugimenduen absurdoaz oharturik, elkar jotzeari ekin zioten. Txalo-burrunba entzun zen ikusleen artean.

        Eta horrekin amaitu behar zuen seguru asko kontuak. Boina gertatu zen halaber ustegabeko zirkustantzia bat, ezen eta, koronelak, bere aztoraldian, ahaztu egin bait zuen edota agian ez zuen arreta handiegirik jarri (zer dela eta arreta jarri!) aurreko tribunan eseritako ikusleengan, «eguzkitako tribuna» deitzen den hartan alegia. Iruditu zitzaion, auskalo zergatik, balak, pelota alderik alde zulatu ondoren, bere traiektoria bukatu behar zuela; ostera, tamalez, ez zuen bukatu... eta etengabeko abiadan halako industrial armadore bati eman zion lepoan. Odol jarioa atera zen zulatutako zainetik! Zaurituaren emazteak, aurreneko inpresioarekin, koronelari gainera salto egin nahi izan zion eta pistola kendu, baina, ezin zuenez, (jendetzaren artean preso bait zegoen), zaflada bat luzatu zion bere eskumakoari. Eta luzatu bazion luzatu izan zen bere haserrea lehertzeko beste modurik ez zuelako, eta, bere subkonszientearen barnerengo zokoetan (emakumezkoen logika huts bati jarraituz), uste zuelako emakume zen aldetik, edozertarako baimena zuela.

        Alabaina, begien bistan jarri zen, bere ustea ez zela guztiz zuzena, zeren eta zaflatua (zein segurtezinak diren gure kalkuloak, zein ezustekoa gure patua!) zer izango eta epileptikogai ezkutukoa suertatu bait zen. Gizajoari, zaflatekoak eragindako turdiduraz, atake bat eman zion, geiser baten antzera dardarazio gaiztotan lehertzen zelarik. Koitada hura bi gizonen erdian aurkitu zen, bata odola zeriola eta bestea, bitsa! Txalo-burrunba entzun zen publikoaren artean.

        Eta orduan, aldamenean eserita zegoen zaldun batek, izualdi baten menpe, beherago eserita zegoen dama bati salto egin zion burura, zeinak zutitu eta beheraka abiaturik, pistara saltatu bait zuen eta narrasean eraman arrapalada eroan. Txalo-burrunba lehertu zen ikusleen artean. Eta segur asko horretan amaitu zen kontua. Alabaina, gertatu zen oraindio ezen, (dena, dena prebistatu behar, dena kontuan hartu) handik ez hain urrun bazegoela halako ameslari jubilatu apal bat, aspaldiko urtetarik ikuskizun publiko guztietan, behean eserita zituen pertsonen buru gainera saltatzearekin amets egiten zuena eta gogoari ozta-ozta eusten ziona. Ikusitakoak eramanik, berehalako batean, behean eserita zegoen damari salto egin zion gainera, eta hau, (Tanger-etik etorri berria zen neskamettoa) halaxe zegokiola-ta, hain justu ere zuzena huraxe zelakoan, nonbait handikien moduko usadioak zirelakoan... oldarka abiatu zen bera ere mugitzerakoan batere lotsarik ez agertzeko ahaleginetan.

        Orduan publikoaren arteko alderdirik kultoena tentuz hasi zen txaloka kanpoko enbaxada eta ordezkaritzetako mandatarien aurrean barregarrikeria hura disimalatzearren. Alabaina, hori ere gaizki ulertua izan zen, zeren eta publikoaren arteko alde ezjakinenak onespen seinaletzat hartu bait zituen txaloak... eta bakoitza bere dama gainean hasi zen zamalka. Kanpotarrek gero eta harridura handiagoa ageri zuten. Zer egin behar zuen bada, jendetzaren arteko alde ederretsienak? Barregarrikeria disimulatzearren, beren damen gainean zamalkatu zuten.

        Eta seguruenetik, horrexekin amaituko zen dena. Baina orduan Filimor-eko markes delako batek, bere emazte eta emaztearen familiarekin beheko palkoan eserita zegoenak, bapatean gentleman sentitu zuen bere burua; pistaren erdi erdira irten zuen udako jantzi argi batekin, zurbil baina erabaki sendoz, eta hotz eta motz itaundu zuen ea norbaitek, eta hain zuzen ere zeinek, nahi zuen bere emaztea, Filimor-eko markesa, iraindu. Eta honako inskripzioarekiko bisita-txartel eskukada jaurti zion jendetzari aurpegira: «Philippe de Filimor» (zelako kontua euki behar dugun! zein gaitza den bizitza! zein arriskutsua!). Eta isilune mortal bat egin zen.

        Eta, tupustean, baziren gutxienez hogeitamaseiren bat zaldun, markesa andreari lauko geldoan gerturatzen hasi zitzaizkionak, arrazako emakume orkatil gurikoen gainean zela gabe zamalka, berau iraintzeko asmoz eta markesak, beronen senarrak, bere burua gentleman sentitu zuenez gero, beraiek ere gentleman sentitzeko. Markesa andereak ordea (ez Jainkoarren, zein ero, zein eroa den bizitza!), zukuruztuarekin, haurra bota zuen eta ume baten negarra entzun zen markesaren oinetan, lurrari ostikoka ziharduten emakumeen apatxpean!

        Markesa, ustekabean umez forratua, bereziki pertsona heldu eta gentleman gisa jokatzen ari zenean umez hornitua eta osatua, lotsariz bete zen eta etxera joan zen ikusleen artean txalo-burrunba entzuten zelarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.