Errugabeko hitzen bederatzihurrena
F.J. Mendiguren
I
Hitzok errugabeak direla
Esan nahi nuke
Ez direla umeen odol gorriaz zikindu
Ez dutela meatzarien silikosi beltzarekin
Zerikusirik
Esan nahiko
Nuke baina
Jaio berriari amaren titia ebasten diotenean
Eskalearen hortz usteletan zehar
Txistua dantzan baino ez dabilenean,
Hitzak oro dira errudun.
Nik ezin baitezaket hitza
Ogi bihur.
II
Hitz errugabeokin
Zer bilatzen dudan
Galdetuko bazenidate,
Orduan ere,
Nere burua zuritzen ari naizela
Aitortu beharko nuke:
Kostra uher eta arreari labainaz
Bere mami zuria aterarazten baino,
Kolore guztietako laprastaden gainean
Nola hala brotxakada baldarrez
Zuriaren garbia nagusierazten;
Hogena
Ogi zuria bezain zuria
Baita.
III
Hitz errugabeok
Badirudi ez dutela katearik hautsi
Nahi,
Ezintasunaren mugetako harkaitzetan jo eta apar antzo lehertzen direla
Apropos.
Bestela ezin da ulertu nola
Ez duten su hartzen mendiek nola
Ez diren hazten harriak bideetan gora gure buruetan joka odolustutzeraino nola
Ez darien petrolioa iturri garbiei,
Gure amorruak hori guztiori eta
Are gehiago eskatzen duen une hauetan.
Definitibamente,
Ez da kemen falta soila, ez da
Ganora edo adore gabekoaren ahuldadea.
Egunen batetan
Bere arduraezaren
Erantzunkizunaren
Zama
Bizkar gainean hartu beharko dute hitzok.
IV
Hitz errugabeok
Munduko zikinkeria guztiak
Beraiekin batera daramatzate:
Urde narratsek bazterrean lagatako
Hondakin ziztrinez bazkatzen dira;
Paduretako lehi likitsetan
Garbitzen dute begiratea;
Zorne ustela dute jazki
Eta arkakuso eta satandreak bideko lagun.
Ez da andrerik bere pitxarrean ura emango dienik
Ezta lore bat hartuko dien haurrik ere.
Ez zaitezke haiengana hurbil,
Legena baitakarte:
Ez Skipek, ez Dashek, ez Noritek zuri lezaketen
Legen beltza.
V
Hitz errugabeoi
Ez zaizkiete erruki
Arren, zeren
Bere gizalegea please, thanks, excuse me
Hizkuntza guztietan esatera mugatzen baita ozta ozta
Eta doilorki
Egiten baitiote farre mihia totelka trabatzen zaion buhame mozkor
Gizagaixoari
Eta lotsagabeki
Begiratzen baitiete hamabost urtetako neska koskorrei
Gonazpitik
Eta meseteske joaten bazatzaizkiete
Zekenki
Urtuko baitzaizkizue lausenguka hitza eta pitza dariola baina,
Azken finean,
Hitzak besterik
Ez dizuete emango.
VI
Hitz errugabeon
Tropek ez daramate
Bandera handi eta ederrik,
Estandarte distiranterik;
Ez dute tinbalen burrunba entzungo
Edo alboken soinu ozenik
Aurretik izaten;
Erremusinen zarpad zartatuak baino ez,
Mendetako nekea begi ninietan
Unadura oin beso bizkar iztarretan;
Txorri desterratuen txio-txio desafinatua apika
Eta zakur eta deserriraturen baten
Zaunka desakonpasatua.
Dagoeneko ez dago desesperaziorik, esperantza eza
Eta kirats familiar guztien bilduma
Baizik.
VII
Hitzok errugabeak direnik
Honez gero ezin sinetsi;
Baina mesedez ez neri egotzi
Afrikako ume tripapuztuen gosea
Zakur amorratuen hortzen zorrotza
Bortxatu berritan sarraskitutako neskatxaren erraiak,
Badakit hitzak ikusle ez ezik
Ikuzle ere badirela baina.
VIII
Hitz errugabeon
Antzutasuna
Erdipurdikakoa da
Eta selektiboa:
Ez dute justiziarik
Ez ogirik
Ez kate apurketarik ekarri ez eragin;
Erdi dira ordea,
Autojustifikazioaz
Etsipenaz
Eta derrota usain susmagarri batez,
Eta hori ezin da onartu, ez jauna; beraz,
Eman dezatela kimu berririk
Edo esteriliza daitezela bestela behingoz
Eta betiko.
IX (Zortziko handian)
Sua, sua, su xahutzailea
Hitz errugabe hauentzat.
Kiskal daitezela betirako
Behin eta betiko suan.
Harrapatu ditzala Satanek
Hiru hortzetako sardan;
Eta bota ditzala Berzebuk
Labe goritako maldan.
Joan dakizkiela horzkaka
Asmodeo eta Leviathan.
San Juan sua, bai sorgin sua
Errugabeko hitzontzat.
|