L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pianistari tira

 

Pako Aristi

 

Cotton Club ireki zen egunetan elur asko egin zuen Chicagon. Atezainari eskuak hozten zitzaizkion jendea Pacard gorri eta Cadillac beltzetatik jaisten zen bitartean, baina ingurura usmeatzera etortzen ziren beltz eta eskaleak jotzen berotzen zituen. Dan Milos sartzen hasi zenean bultzada bat sentitu zuen, eta ondoren atezainak muturreko bat emateko keinua egin zion. Dan Milos-ek eskumuturretik heldu zion, oso gogor, eta ez zuen begirada jaitsi.

        — Ni pianista naiz.

        — Barkatu —erantzun zion atezainak.

        — Eta batzutan badakit boxeadorea izaten!

        — Barkatu, baina musikoek atzetik sartu behar duzue.

        Dan Milos-ek beti nahi izan zuen, King Oliver eta bere hogetabost laguneko banda entzun zuenetik, jazz talde batetan jotzea. Baina toki guztietan berdina esaten zioten, berea ez zela jotzea, berarena laztantzea zela, laztantzea erritmorik gabeko behatz luze eta beltz haiekin, eta tristeegia eta nostalgikoegia zela Delahave haiekin, eta tristeegia eta nostalgikoegia zela Delahave haietatik jaisten zen jende fribolo haren gustoak asetzeko, eta Dan Milos-ek Rosse gogoratzen zuen, hamalau urte, trentza ezkerraldera eroria eta bihotza beti irekia Dan Milos-entzat bazen behintzat, eta etxe ttiki hartan pianoa ikasten, eta Rosse arratsalde guztia berari begira, gainontzeko mutilen pikardiei arretarik ez, eta Dan Milos ez ikusiarena egiten, baina zeharka Rosse begiratzen, eta bizitzan lehenengo aldiz maiatasunaren antzeko hura sentitzen. Eta nola esplikatu haiei beti Rossentzat jotzen zuela, nahiz eta hamabost urte haietatik Rosse ez zitzaion gehiago inoiz begira gelditu, eta nola esplikatu haiei bizitza guztia bizitzari atzera egiteko manibelaren bila bota zuela eta manibela hori esistitzen ez dela jakin zuenerako berandutu egin zitzaiola, zahartu egin zela Rosse maitatzeko zuen era bakarrera itzuliz behin eta berriro, pianoa jotzen behin eta berriro bakarrik, gau hartan Capone hiltzeko Cotton Club-era sartu zen arte.

 

Atzeko atean errekistatu egin zuten. Ez zeraman ezer. Jakinaren gainean, pianoaren barruan jarri zioten pistola Caponen gorrotadoreek. Capone ez zuen ezagutzen. Uzcudun delako boxeadore batekin argazkian ikusita ez ezik, baina jendearen begiradetan antzeman zuen Capone nor zen, exaktuki. Bere burua nor den dakienak era batera begiratzen du, eta ez dakitenek beste modu batera. Caponek zuzen begiratzen zuen, eta besteek zuzen baina oker.

        Gau hartan ez zegoen beste musikorik. Filme mutu bat bota behar zuten, justu normalki orkestak jotzen zuen atzeko hormaren kontra. Filmearen argi txirrintak Dan Milos-en eskumako beso ondotik pasatzen ziren eta txaketetako hautsa aideratzen zuten. Seinalea garbi zegoen. Artistak «pianistari tira» esaten zuenean, Dan Milos jaiki egingo zen, eta desafine baten aitzakian tapa irekiko zuen, pistola atera eta berari zuzenki begira egongo zen potoloa hilko zuen, Capone hilko zuen, Rosse pianoaren bidez hainbeste urtetan laztandu zuen esku berberekin.

        Trankil zegoen, nahiz eta ziudadeko gizonik dirudunena hiltzera zihoan ordu erdi barru. Pelikularen erdi aldera, eszena bizkor batetan, artistak kontraseña bota zuen. Begi larriekin «pianistari tira» esan zuen. Dan Milos-ek barkatu esan zuen, pelikula musikarik gabe utzi zuen, jaiki egin zen eta pianoaren tapa ireki zuen. Eskua sartu eta pistola ez zen beste zerbait aurkitu zuen. Atera zuen. Gurutze beltz bat zen, Cristo azkenizo batekin. Bueltatu egin zen, eta zuzen begiratzen zuen gizona zuzen disparatzen ikusi zuen, kopetan sartu zion lehenengo bala Caponek, eta ezkerreko begian bigarrena. Andreek oihuka aldegin zuten eta proiektorea hankaz gora gelditu zen. Pianoan sartu zuten Dan Milos Caponeren gizonek, eta atzeko atean zai zegoen kamioi batetan sartu zuten pianoa. Elurra hasi berria zuen berriro kanpoan, eta kamionero batek esan zion besteari:

        — Zenbat pisatzen duen piano honek!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.