Beltz literatura
«Zuria da negroa sortzen duena» Frantz Fanon
Frantz Fanon-ek esaldi horrentantxe adierazitakoa egiten ari ote garen susmoarekin ekiten diogu SUSA-BELTZ honen aurkezpenekoa osatzen duen sarrera moduko honi. Susmo horrek sor diezagukeen kontzientzia gaiztoari ihes egitearren zenbait aitzaki topatu dugu, zenbait arrazoi SUSA honi «beltz» adjetiboa eskeintzeko orduan.
Historiaren norabideak markatutako ildoari begiratuz Afrikako lurraldetan gertatutakoa ez da sarraskirik txikienetakoa. Europarrek, mendebaldetarrek, zuriek azken finean inbaditu, porrokatu, txikitu, esklabotu eta kolonizatutako lurralde zabal horretan kultura andana batek zuen bizimodua. Bizimodu primarioa, basatia, europarren «aurrerakuntza»rekin alderatuz gero. Horregatik, azal zuriok, «tindaturikoekin» mesederako uztarperatu zituzten, hezi egin zituzten... zigorraren pean, eta liskartiak, errebeldeak akabatu, kateatu eta deserriratu. Guzti horrekin batera bi teknika erabili ziren. Lehenaren arabera afrikar guztiak «kultura» (edo «inkultura») beraren jabe ziren. Bigarrenaren arabera, ez zuen deus balio.
Ezin esan daiteke, inolaz ere, arrazakeriaren mandatua bukatu denik. Baina dagoeneko azpimarratu beharra dago kultura menperatu guzti horiek arnas berria hartzen ari direla; mende guzti honetan zehar kultura herrien aztarna zaharrak berrazaleratzeaz gain, Afrikako zenbait herriren nolabaiteko independentziarekin batera, herri horien kulturak gaurko garaiari erantzun nahi diola.
«Beltz literatura»ren iturrietan barrena abiatuz gero, Euskal Herriarekin eta euskararekin, eta orohar euskal kulturarekin gertatu denarekin antz handia duten fenomenoak ikusi ditugu: aho-literaturaren garrantzia, bertako hizkuntza aberatsen galtzea, hizkuntza arrotzen (frantsesa eta inglesa batez ere) ezarpena, alfabetatze ezaren kaltea, etabar luzea.
Baina, zer da «beltz-literatura»? Ezin esan daiteke Afrikako literatura denik, Afrika beltza Afrika osoaren zati bat baino ez bait da. Bestalde, Afrikan bizi ez diren beltzak daude. Batzu mendebaldeko hirietan kokaturik, bestetzu Antilletako irletan, esklabuen ondorengoak. Iparrameriketako beltzak ere hor daude. Francofonia eta anglofonia hor daude. Eta, konturatu gara, gehien ezagutua den beltzek sortutako literatura bi hizkuntza horietan sortua izan dela. Eta, halarik ere, hor daude bertako hizkuntza, hizkuntza autoktonoak. Asko eta asko ukatuak, eta besteak ez aski garatuak.
Swahilia, esaterako, ia bost miloi pertsonak mintzatzen du Zaire, Kenya eta Tanzanian; haoussa berriz, hamar miloi pertsonak inguru ezagutzen du Nigeria eta Sudanaldeko afrikar hirietan; mandingoen mintzaira hamasei miloi pertsonak ezagutzen du mendebaldeko Sudan, Ivoireko itsas-hegian, Ghanan, Liberian eta Sierra Leonan; peul hizkuntza bost miloi inguruk mintzatzen du Sudan mendebalde eta erdialdean; yoruba hizkuntza miloi t'erdik mintzatzen du Dahomey, Togo eta Ghanan; eta azkenik wolof-a Senegaleko ehuneko larogeitamarrak.
Afrika bertako hizkuntzei eman beharreko irtenbideetaz ere eztabaida ugari badagoela ikusi dugu: europar hizkuntzen aldekoak, elebitasun orekatuaren alde agertzen direnak, eta baita ere bertako hizkuntzen alde gogor borrokatzen direnak. Asimilazioa deitu ohi dena da arazoaren gakoa.
Errealitate zabal hori aztertzeko hainakoa ez da gisa honetako SUSAren ale bat. Baina agian balio dezake arazoaz jabetzeko orduan lehen urratsak emateko.
Oraingoan liburuak matxeteak bailiren abiatu gara kontinente zabal horretako selban barrena. Ez kolonizatzaile eta predikatzaileek egin bezala guztiaren neurri beraren menpean jartzeko, bertako desberdintasunak azpimarratu eta ezagutzeko.
Eta horretarako Frantz Fanon-en «Larru beltzak, maskara zuriak» iiburuaren izenburuari buelta emanez, gure larru zuriaren gainean mozorro beltzak ezarri ditugu eta «beltz-literatura» egin dugu.
|