L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez zen ohean barrena sakoneratu

 

Kay Txabes

 

Ez zen ohean barrena sakoneratu, ezin izango zuen lorik hartu. Gehiegi edan zuen ordenadoreetatik ateratzen diren numeroz jositako paperez beteriko arratsalde urdin ilun hartan, gehiegi, arazo larri hura konponduko zuelarik. Inoiz eta inon leidu zuen alkoholak ez diola ezeri irtenbide zuzenik ematen; hori pentsatu, pentsatu bazuen, eta zituen praka ugerrenak jantziz bere etxe iluneko kutxa ziztrin bipitsu hura zeritxoten aszensorearen botoi berde itsusia laztandu zuen, fatua aldatuko zitzaiolaren esperoan. Igogailua bakarrik zetorren. Ateak zabaldu eta bertan barneratu baino ez zuen egin kafe beltz bat nahi zuela zoritxarrean erabaki zuenean, horren ondorioak ondo neurtu gabe, eta etxepeko kafetegi betidanik zaharrean, aspaldiko edo behar bada ezagutzen ez zuen lagun batekin topo egin zuenean, zeuzkan pena eta arazo guztiak kontatzeari ekin zion.

        Egia esan, ez zekien ez non ez eta noiz ezagutu zuen, eta are gutxiago harreman berezirik izan zuten, baina benetan kezkaturik zegoen, eta laguna, zerbaitetarako izatekotan, une txarretan kargak soportatzeko da. Iruzur eginda sentitu zen bi ordu beranduago, haurtzaroko istorio barregarri guztiak kondatu ondoren, eta azken guiskia hartzera gonbidatu zuenean, popatik hartzera bidaldu zuelako. Baina prolema ttipi guztiak irtenbide aisea dutenez gero, ez, ez zen benetako laguna, botila parea gin erosi zuen, guiskia garestiagoa da, norbait, edozein gonbidatzeko, agian. Ez zuen erlojurik goizaldeko hirurak zirela jakiteko, eta zazpi orduz gero jendez beterik egongo ziren kaleetatik, norantz zihoan jakin gabe, abiatu zen. Hiru eta hogeigarren arteko kalegurutzean eskuinerantza.

        Erdi bukaturik, hala neurtu zuen, edo erdi beterik zeukan gin botila, alderdi politiko baten anagramaz apaindurik zegoen paretaren kontra jaurti zuen, nazka eta amorru guztia garraisi metaliko batez adieraziz. Negarrari ekin zion ginebra desaprobetxatu zuela bururatu zitzaionean, eta zin egin zuen bere bizi puto osoan beste edozer baino gehiago gorrotatuko zuela partidu hura. Gezurretan ari zela zekien.

        Harrezkero, erabat horditurik, eta espaloia hestuegia ez izan arren, kale erditik jo zuen. Kotxe bik bozina jo zuten. Eskena hau ikusi zuten edozein afaritatik urtendako gazte batzuk, parrezka hasi ziren, parre ozenak, gardenak, ttu eginez. Zentzurik gabeko hiruzpalau hitz bota zizkien.

        Argiak, gero eta ilunagoak, hiriko etxerik zatarrenetan bizi ziren egunkarietan deitzen zieten yonkiak estaltzen zituen, eta atzerritik etorritako tipo burusoil bati zeukan guztia nola lapurtzen zioten ikusi ondoren, erabat deprimiturik sentitu zen mundua ez dela ikastetxeko praileak irakatsi ziotena pentsatu zuen. Charles putiklubera sartu nahiean, alean zegoen ejerzitoaren parakaidistetik ateratako matoiak kalerat bultzatu zuen Mozkorti arrunta zen, agian.

        Edozein gauza ziotson bere buruari gameilu bat hurbildu zitzaionean, eta uste baino errazagoa zen heroina zeritxotena erostea. Ez zuen ulertzen jako eskeintzen zion bakoitzean, baina susmatu zuenez gero, ez zuela holakorik hartzen esan zion, baina ez kezkatzeko, oso mutil jatorra iruditzen zitzaiola eta azken aurreko kopa hartzera gonbidatzen zuela. Auskalo zer pentsatuko ote zuen tipoak, baina berari berdin zitzaion, norbaitekin solastatu behar zuen eta. Bere haurtzaroan izandakoak gau hartan bigarrenez bukatu zuenean, zaldi gramo bat erosi zion, larrosa horiz betetako alkandora hortera haren ezkerreko patrikan sartuz. Bitartean, gaua, gero eta mehatxagarriagoa, lapur eta haratonaldietara mugatzen zen. Hori bururatu zitzaion taberna bakarti harekin topo egin zuenean. Ez zen batere originala, noski. Eskuineko mahaian, hiru tipo. Aurrez aurre, neska gazte bi, putak seguruan; bikoteren bat eta hura.

        Nesketatik bat hurbildu zitzaion, ea gonbidatzen zuen galdetuz, exijituz, inora ere begiratzen ez zuten begiekin keinu faltsua bidaliz. Azken guiskiak ordaindu eta bi larrosa hori zituen patrikatik jakoa ateratzen zuen une hartantxe, polizia patruila bat, denak lurrera eta isilik!, sartu zen egunero egiten zuten erredada arrunta jarraituz.

        Goiz eguzkitsu hartan, parkeko banku batetan, egunkaria leitzen, tipo bat. Begietatik, bi malko distiratsu darizkio, eta irribarre leinurutsu batez, 45az aho zuloa handitzen du. Odola dario. Gehiegi edan zuen arazo larri hura konponduko zuelakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.