Bi silhuetak
Bitun Aaron
Horren hautskorrak biok... horrela
abiatzen gara azkenik aldi berean
triste eta zoriontsu.
Julio Cortazar
Hemen kontatzera noana Ifar Akkirfako egitazko gertakizun batzutan oinarriturik dago. Baina laga hidazue nere burua aurkezten, batek esaten zuen gisa. Bitun Aaron dut izena, eskola gutxiko gazte bat naiz. Urez inguraturik jaio nintzen, egur-lokatz-lastozko palafito batean, Kuasimodo herrixkan, ez urrutiegi.
Edozer baino lehen zera esan nahi dut, hitzak eta perpausak puta batzu direla eta hobeto maneiatzen dituzten txulo eta politikoekin edo pagatzaile onenakin oheratzen direla, eta ez serbitzari honekin; horrela ba, aurretik mila esker mezuari kasu egiteagatik.
Ume izatetik nerabetzarora heltzeko zerbait falta zitzaigunean, Kuasimodoko eskola kume aldeanook, bailaraburu zen Aizidro hiri ttikiko kolegio nazionalera traspasatuak izan ginen, ez dakit ze plan amorratuen biktima; kurtso erdierdian, gurekin ez zuten kontatu, horrela joan zitzaigun, oraindik matematikekin amesgaiztoak izaten ditut. Pentsa, jende ezezagunen artean katiatuta, bwana profesore ikaragarriak, munduan hankasartzen hasten ginen, beldurraren aidean.
Agarrazilekin topo egin nuenean, gaitzerdi nuela otu zitzaidan. Ni beltz betuna izan ahatik, Nuatar pekoso luxe mukizu harek ez zidan uko egiten. Lagun egin ginen berehala. Oroitzen naiz oraindik, hamaika urte igaro diren arren, Agarrazilek esaten zizkidanak, eta haien artean Aokzupig probintziko zeru zatirik haundiena Nuatarra zela edo. Abenturak eta pelikulak ziren gure gai gustokoenak.
Kurtsoa aurrera zihoan, eta arratsalde sargori batetako eskulanen orduan, ikasle bakoitzari kartulina bat eman zitzaigun ordaindu ondoren kollagez edo antzekoz espresa gintezen. Pertsianak botata zeuden klasean. Agarrazil kolegak gazte bakartiaren silhueta marraztu zuen berehala.
Gazte bakartia bizkarra emateko jarreran zegoen, eskuak poltsikutan, kriston malenkonia atribuitu nion. Zein itxura ederra zeukan perfil harek ez dago deskribatzerik. Hain itsatsirik zeuzkan tristura eta kontentura! Hura zen silhueta hura, izango zenaren bozeto bat besterik ez zen arren, orain hartan. Marrazki haretaz prendaturik geratu nintzen esan ezineraino. Ez nekien ze eragin izango zuen gertaera harek nere etorkizunean.
Altxorra balitz bezala, ghettoko Tarterikuen aberriaren silhueta gordea neukan desioen barrenetan, hemen nonbaitean, nahiko barruan, beidok! Aberriaren silhueta ere debekatua zen beltzaranen ghettoan, ni sorteduna nintzen, eta jakinduri txiki hura zabaltzen hasi behar nuen, mapa tajutzen, urduri eta pozik. Laister burutu nuen lana. Agarrazil txunditurik utzi nuen, itsuturik zebilen nere mahai aldetik, eltxo moduan. Utzihidak hori dastatzen esan zidan. Eta maisu jainko zuriaren zuma makila probatu zuten behatzekin, itsuek liburuak letzen dituzten moduan, Agarrazilek gauza asko asmatu eta ikuitzen zituen, ondasun haundienaren jabe balitz bezala.
Etzekien zer gertatuko zitzaion...
Tarterikuak zapaldurik geundela adierazi nion, eta nekizkien berri eta zaharrak, gauza garratzak. Ikasturtea bukatu aurretik batera ibili ginen, gero banatu. Zergatik geratzen ote naiz lagunzurtz? Asolot aldera bidali zidaten etxekoek, Agarrazil Niasaeb-eruntz joan zelakoan nago, eta gaur arte ez dut ikusi. Bere arrastorik ere ez, ezagutuko ote nuke berriro ikusiz gero?
Urteak pasatzen ziren ainean, gauzak eta gertaerak ezagutzen joan nintzen, maila guztietaz nituen eritziak inbentariatzen; bizitzen, hori bait zen gertatu zitzaidan onena ta. Bwana txit buztana zen nagusi beti eta gu zerbitzari. Aldaketa bat ere izan zen ezer ez aldatzeko, eta betiko ohitura jarraituz galtzaileak irabazleak baino gehiago izan arren, ez genuen zereginik.
Begira nola diren gauzak bizitza triste honetan, bakoitzaren halabeharra bakarrik jaio eta bakarrik hiltzea; begira nola guruzatzen diren idealak! Arkume lepamoztuaren aurpegia zuen gazte bakartia ez dakit nola bihurtu nintzen, delitua neraman erroturik gazte izateagatik, eta konspiratzaile nintzela amets egiten nuen. Baina norekin? Zeren bakarrik... goi ametsak erortzen zitzaizkidan, traketsak, eta oraindik ere bai; jende ezaguna ez eta ezezagunak maite behar! Inkosziente, txartelik gabe. Garai haietan zerbait harrigarritaz oharturik ibilia naiz hortik zehar, ziutate ezezagunetara ezer gabe zerbaiten bila ailegatu naizenetan, Agarrazilek marraztutako silhuetaren antza kalkatua zuela nere itzalak!
Zerbait polita banuen kontatzeko, berri haren kantorea izan nahi nuen.
Orain dela asko ez, non enteratzen naizen Nuatan izandako mogidan, atxilotuetako bat (errugabeak oro, herriak dioenez) ertzaina zelako hura, Agarrazil lagun mina zela. Mutu geratu nintzen. Nik egindako Aberriaren silhuetak bapo ikuttu zion, auskalo ze zirrarak sortarazi zizkion,
o r d u an eta gero...
Hau da destinu petrala!
Agarrazilen nagusiak, tarteko mandazain berriak, bai kriollo eta beste hizkuntz erdaldun, bai geure hizkuntzan, baita tako eta maldizioetan jakitunak, mulato hoiek, sendi onenetan ere ahari beltxak izaten zirela esan omen zuten, eskuak garbituz. Eta mutila jaiotzeko erroldaren karpeta beltzean omen dago, gatibu, bakarrik.
Kanpoan ere ez omen zaio ulertu. Zigarroa, hatzartean fedearekin eusten dugun menbru bakarra.
Ni zuekin, oraindik bederen. Teilatuko teila onenak, hegoak ez dituztenak, hutsera erortzen diren bitartean.
Madarikatuak ehundamaika aldiz agintari itsu eta gorrak, erregutu basoetan gordeta dabiltzanengatik deusez eta zerbaiten semeen karkats eta pisontzi bait dira prisioneroak, goragalez goiz gaztetik.
* * *
Notizi hau emateko jaio naizela dirudi, biziak utzirik hil ezkero ere pozik nintzeke, ezer gutxik ajola dit, betibetiko zorionak kanta hitzazue.
Ohar bat besterik ez: Akkirfako gartzel ilun batean dagoen Agarrazilek urte mordoa omen du aurretik (laister atera hadi) 25 urte gutxigorabera ukanen ditu. Bere entzumenera gerturatu hizkiozue esan ditudanak, konsola dadin edo, nik ulertzen diodala eta alderantziz ere izango delakoan nagola. Ai!, izarretako bagabundoa, bizirik eta kolokan diharduk...
«Laguna, edatera!»
Rabelais Gargantua eta Pantagruelen euskeraz mintzatu zitzaigun bezala.
|