L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

«Le journal du Congo»k, esklusiba mundialean

«Sabinio», gorila-gizona

 

Feroz Abou

 

euskaratzailea:

Pablo Sastre

 

        «Sabinio», gorila-gizona SUSArako frantsesetik itzuli dugun erreportaia, 1970eko maiatzaren 7an argitaratu zen Le journal du Congo Kinshasa-ko egunerokoan. «Sabinio»-z publikatu zen lehenbiziko artikulua izan zelako, hots handia lortu zuen. Segituan, Europako eta Estatu Batuetako mass-mediek hartu ziotelarik txanda, berri txundigarriak munduari buelta eman zion.

        Geroztik isiltasuna erori bide da gorila-gizonaren gainera: guretzat behinik-behin, misterioa egunkariaren irakurleek «Txinbo»-tzat eta lagunek Feroz Abou-tzat ezagutzen zaien zairetar periodista gazteak utzi zigun eta ondoren eskaintzen dizugun honetan gelditu da.

 

        Rwanda aldetik sortu berri den eguzkiak goizeko lainoak urratzen hasi dituelarik, Rwanzagire, Barirubgira eta hirurok jeep-ean sartuta atzera utzi dugu Rumangabo, Rwanzagire Alberto parkearen goardia zaharra da. Barirubgira gaztea, txoferra.

        Kaiotik, ganadu-zaien lastozko tetxodun azkeneko etxolak ikusten ditugu; behi-talde batek bidea pasa dezan itxoiten dugu, esnatu berriko hausnartze lasaiaz, orain urte batzu oihan hertsi izan zenaren ondarreko belarrak zabarki txikitzen.

        Hiru emakumezko gazte, oihal ñabarrez jantzita, herri aldera doaz, begirada pisuaz, buru-gerri-magiaz ura karreiatuz, lurrezko ontzi tripadunetan.

        Atzoko beroa, lekutan gelditu da! Heze-hotzak, orain, koska egiten dit, haragitan. Mahuka hutsetan noa, hortz-karraska, dar-dar. Rwanzagire-k manta txiki bat ekarri du, baina bera aurrean doa, gidariaren ondoan. «Han aitzinean —esaten dit, mantaren azpitik azpitik beso luze bat atereaz— Mikeno duzu, sumendi gorria». Goreneko haitzak ikusten dira soilik, oso gora, bilutsik. Virunga mendietatik izugarriena iruditu zait. Behe-parteak laino lodi izerditsu batek estaltzen ditu...

        Hantxe, lanbro hartan barrena dago oihana, oihan busti ikusten gaitza, zaharra eta goibeltsua... Hantxe, iluntasun primitibo hartan bizi dira Afrikako menditar azkeneko gorilak... Hantxetik dator, hantxe ehizatu zuten «Sabinio», gorila-gizona...

 

        «Sabinio» 1958.an ailegatu zen Afrikara

        Atzo goizean Goma-n ginen oraindik. Herria erdibitzen duen kale luze beroan, umeek tomateak eta tipulak saldu nahi dituzte eta elbarriek, begi makartsuekin, hitzik esan gabe, dirua galdegiten dute.

        Orain dela hamabi urte ailegatu zen «Sabinio» Goma-ra, 1958ko azaroan. «Garai haietan, hauek denak —esaten digu gomatar batek, etxe zaharkitu batzuri buruz— europarren dendak ziren, hotelak, bankuak eta beren kafetegiak». Kontraste handia zen, kale horretatik aparteko etxeekin, bertakoenekin: mailu-kolpez zapaldutako pote zaharrez eginak ziren hauek, harriz eta egurraz, europarrenak.

        «William Pitman —gogoratzen du Kondo Mnimwa, berrogei bat urte, kolonia denboran Le Repos hoteleko enplegatu eta orain haren lekuan altxatzen den Kivu hotelaren arduradun dagoenak— gizon sinpatikoa zen. Berton alojatzen zen, Coma-ra etorriz gero. Kapela gris bat zerabilen. Ez zen turista bat haietakoa. Guk hasieran misiolaria zela uste genuen. Gero jakin genuen, gorilekin zebilena». Haiekin beti ondo portatu zela, esaten digu: zintzo pagatzen zuela, noski.

        Kondo Mnimwa-k 1960ko ekainez ikusi zuen Pitman azkeneko aldiz. «Bi-hiru egun egin zituen hotelean; beti bezalakoa ikusi nuen: serio eta sinpatikoa». Kondo Mnimwa uvira-koa da; esaten didanez gorilak, kingutiak, lanetik ihesean aspaldian oihanera sartutako gizakumeak dira. Tipo horretako sinisteak, oso zabalduta daude, zelaian. Wabunga-ko kale-saltzaile batek historia bera kontatu zidan, bakarrik harek hiru maila bereizten zituela: gizon-gizonak, gorilak eta batwak, bien bitartekoak. Batwak basoan bizi dira betidanik, nahiz azken bi hamarkadatan milaka batzu hirietara jeitsi diren. Batwa buruzagi bati istorio horiek esan nizkionean, ez zuen okertu bisaia, aitzitik dibertitua begiratu zidan, kontakizuna lagunei itzuli zien eta beren gisako komentario laburrak eginez parre egin zuten umoretsu; gero irribarreti diferentzia guztiak esplikatzen dituen fenomenoa kontatu zidan, alegia, berak zuhaitz baten adarrak ez, baina lurrean atxikitutako sustraiak direla.

 

        Mbea-n Bichumu-rekin

        Mbea izeneko mendi lepo luzean, batwen herrixka bat aurkitzen da orain. Duela hemezortzi hilabete bertaratutako bost familia bizi dira hor. Bertakoek harrapatu zuten «Sabinio», apirilaren 25ean. Hamar egun igaro dira.

        Hezetasuna lurrindu da eta beroak atzera lurraren kontra zapaltzen gaitu, Rwanzagire eta biok, bazkalondoan, Mbea-ra iristen garenean. Bost ordutako ibilbidea egin dugu honaino, huntza-larre tartean, hankak irensten dituen goroldioa zanpatuz, urte gutxitako musangak zerua heltzearren ahalegintzen diren alorretan barrena. Herrian inor ez da mugitzen, ez badira intsektoak, lepa ondoan ozka egiten digutela. Ez dago haizerik ere, eta garo-landareak belar tikiagoen gainean makurtzen dira, neketsu.

        Txakurtxo bati harrika ari zaizkion ume batzuri Bichumu-gatik galdetu diegu. Etxe bat seinalatu digute: hara goaz; sartu baino lehen, ordea, hor ageri zaigu gizon txiki bat, zaharra, ile-zuria, soineko bakartzat berarentzako propio egina ez dagoen txaketa luze litsatu bat darabilena. Segidan presentatu zaigu: Bichumu da bera. Ez dago bakarrik: etxe horretatik eta besteetatik gizon eta batez ere emakume eta haur gehiago atera zaigu; dozena batzu lagun dira denetara. Haietako inork ez daki hitz batzuetatik harata frantsesez mintzatzen, zenbaitek aldiz, swahiliz ongi dakite.

        Batwek ez dute normalean gorilarik ehizatzen baina, esaten digute, «batzutan defendatu beharra daukagu», animaliek atakatzen dietelarik. Emakumezko batek txorkatila erakusten dit, non gorila baten horzkada zaharra nabaritzen bait zaio. Rwanzagire-k, aldiz, hori gerta daitekeenik ez dit ezeztatzen baina, normalenik, defendatzen direnak gorilak izaten direla esaten dit, tximinoek ez bait dute sekulan, berak dakienik, inor atakatu, besterik gabe. Jakina, jendeak basoa desegiten duen bezala, barrura sartu-hala, gorila-taldeekin kontaktoan jartzen da, eta tximinoak bestela ezagutzen ez dituzten artoa eta txitxaroak probatzera ausartzen dira: borroka-bidea.

 

        Platano-jalearen atzetik

        Bichumuren batwak arazo berezi batekin topatu ziren, Mbea-ra etorri eta denbora gutxira: inguruan platano-jale bat zutela ohartu ziren. Herriraino sartzen zitzaiena, gainera, eta harentzat xedera guztiak alperrik ziren. Bolada batez ez zen azaldu, baina otsailetik aurrera atzera itzuli zen. Zer eta platanoak jatera, nonbait gorilen gustoko mokadutzat aipatzen ez dena. Bestetan azukre-kainabera desagertzen zitzaien, eta egun batetan emakume bat kuprezko esku-muturrekoak falta zituela konturatu zen. Orduan beldurtu ziren. «Bagenekien gorilak zirela —esaten du Batakak, begi handi eta isekariak dituen gerrari txikiak—, haiek hurbil zirelako, eta garotzak ikusten genituen, eta beste inongo animaliak ez zezakeen halakorik egin».

        Orduan gizonak bildu ziren ehiza egiteko. «Gorilak sakanan egoten ziren —esaten du Bichumu-k—, eta gu horruntza sartu ginen. Aztarnak segitu genituen, eta laster aditu genituen, jan-ondoko atseginetan. Bataka aurreratu zen, eta arbolaska batzuren gainera igo zen ikusteko». Bataka-k jarraitzen du: «Ezin sinistu nezakeen. Bizkar beltzezko bi gorila zeuden, eta, haien ondoan pikotxean jarrita, osinjaten, gizakume bat! Apenas trapu xehakatu batzu zeramatzan soineko eta ile-bizar zuriak gerriraino iristen zitzaizkion. Azala zikinez beztuta zeukan arren, larru zuriduna zela ikusi nuen. Osina lasai jaten zuen, ez bait zion azkurerik ematen. Satisfakziozko hotsak ateratzen zituen, beste gorilen antzera». Lasterka ihes egiteko gogoa sentitu omen zuen Bataka-k orduan. Baina Bichumu-k geldiarazi zuen. «Nik pentsatu nuen: "guk hori hatzemango dugu, bai". Eskerrak haiek ez gintuzten ikusi. Zorroa betetzen bazuten nahiko zeregina». Gorilek ez omen dute oso desarroilatua usaimena; haiengandik ehiztariengana orden usain gozo eta lizuna iristen omen zen. «Zortzi ginen gu —esaten du Bichumu-k—, eta hau —lagun gazte bategatik— itzuli bat eginez hiru haien atzetik animali gehiagorik zegoenetz ikustera joan zen. Ezetz adierazi zigun eta gu, hiru haiek inguratuz, bapatean zutitu ginen».

        Ez zuten berdin erreakzionatu. Goriletako bat, arra (eta gaztea, nik uste: batwek «lepo-beltza» esaten zioten), izutu egin zen, eta ihes egitearren lasterka hasi zen; gizonek makilazoka jo eta bertan akabatu zuten. Gizon txuria, aldiz, gazte gaixo hari jaramonik egin gabe beste ehiztariei parez-pare begira, zutik jarri zen eta hots baju eta garbi batzu atera zituen eta gero gurrunga luze nahasi bat. «Saiatu ginen hurbiltzera —kontatzen du Bichumu-k—, baina ez zirudien ikusten gintuenik; belar bat erauzi eta ezpainetan hartu zuen; ez zekien zer egin. Laguna utzi ala korrikan hasi», zehazten du beste ehiztari batek, ez maleziarik gabe.

        Izan ere beste gorila, bat ere higitu ez zena eta harrapatutakoan minik egingo zioten beldurrez burua besoez estaltzen omen zuena, emea zen eta, herritarren ustez, «Sabinio»-ren «adixkidea» izango zen, obserbatu zutenez «elkar ongi maite bait zuten». Hala ikusi omen zuten, biak herrira loturik eraman eta estraineko gauez etxe berean utzi zituztelarik; «Sabinio»-k kariñoz «Bra-Bra» deitzen omen zion; tamalez biharamonean herritarrek hil zuten hura, gero jateko.

        Ohargarria da «Sabinio» —bizi-instintoz ote?— operazio guztian ez zitzaiela ehiztariei bat ere erresistitu. Ez omen zuen ezer esaten, ez omen zuen ezer egiten, «begietan bizia zeukan baina gainerantzean tonto ematen zuen».

 

        «Haietarik bat sentitzen naiz»

        Sacramento, California, 1956. Bertako Unibertsitatean irakasle zen William Pitman zoologoak gorilak estudiatzearren Afrikara biajatzeko daukan asmoa adierazi dio, lehenbizikoz, Jinny Briggs bere andreari. Tximinoetan espezializatu zen eta Jinny ez zen harritu hura entzundakoan.

        Urte hartan eta hurrengoan, gaiari buruzko liburuak aztertzen segitu zuen, eta horretan laguntza eman zezaioketen eta bidaia erraztu zezaioketen hainbat lagunekin elkarrizketatu zen. 1958ko bukaerarako lortu zuen Walter Chapman Unibertsitate departamentu buruaren oneriztea, eta New York-en hartu zuten, Jinny eta biek, Kampala-rako abioia. Handik segidan heldu ziren Goma-ra, non aste bi iragan zituzten, Peterson zoologo suediarrarekin mintzatuz eta bazterrak ezagutuz.

        «Kibumba-ra ailegatu ginenean, automobilez —esaten digu Jinny Briggs-ek—, oso bero zegoen; herri koxkor bat zen, Mikeno mendiaren alboan; hantxe genituen zai gure pardelak karreiatuko zituzten zamalariak».

        Jinny Briggs-ekin hitz egin dugu, Kitsombiro-ko misioan. Dudarik gabe hona ekarri zutena bere senarra izango zela jakin bezain laster aireatu zen honuntza. Emakume txiki bat da, ile-horia, azal zuri-zuria, irudiz hauskorra. Ez zuen mintzatzerik nahi baina afaldu ondorenean hurbildu natzaio. Nondik hasi, zer esan...? Berriz ezkondu zela esaten dit, San Francisco-ra, baina William-ekin sorturiko semea besterik ez duela: hamairu urtetako mutila. Afrikan berak aldegin zuenetik zenbat gauza eta gauzak zenbat aldatu direnaz aritu gara. Bere orduko inpresioez; bere beldurraz, batipat, animali handi eta peligroso haiekin. Une egokia, beharbada, galdera-tabua egiteko: «Eta bera?».

        «William ez zen ezerekin ikaratzen —esaten du Jinny-k— etorritakoan, errebolberra har zezan, esaten nion nik; ezetz, esaten zidan berak, gorilak inori min egiteko ez-gauza zirela. Baina, esaten nion nik, ez dira gorilak bakarrik, leopardoak eta bufaloak ere badira. "Basoan naizelarik —esaten zidan berak— sentiduak zorroztu egiten zaizkit, haietako bat sentitzen naiz"»...

        Gogorapenak mindu du; Jinny Briggs-ek bista bajatu du eta nahiago du ez besterik esan.

        Pitman-en emaztea 1960ko apirilean itzuli zen Estatu Batuetara: Independentziaren eguna hurbiltzen zela-ta, belga askok egin zuten gisa, harek ere zuhurrago eritzi zion Congo-tik aldegiteari. Gizona Kisoro-n gelditu zen, lana amaitzeko hiru-lau hilabetetako lana bakarrik falta zuela-ta. Gero, haren gutun bi jaso zituen. Gero, isiltasuna... Boskarren hilabetean, enbaxada bidez gestioak egiten hasi zen emakumea: alperrik, inork ez zekien eta deusik ere. Orduan itzuli zen hona, baina inork, ez Goma-n, ez Kisoro-n, ez Rimangabo-n, ez zuen gizonaren berririk ematerik izan: lurrak irentsi zuen!

 

        Hitzak alperrik bilakatu ziren...

        Jinny Briggs-ek berak Ameriketara (publikatzeko asmoz, nahiz gero liburua osatu ezinik editoreek ez zioten halakotzat onartu) eraman zuen senarraren egunkaria ekarri du Kitsombiro-ra orain eta adeikortasunez utzi dit. Pasioz irakurtzen da: pasioz idatzita dago. Bertan deskubritzen da William Pitman goriletara hurbiltzerakoan nola aritzen zen eta haiekin adiskidetzeko zein sistemak asmatzen zituen. Aurreneko aldiz gorila zahar eta mehatxukor baten aurrean suertatu zenean, bere burua —aitortzen digu— arriskuan ikusiz, nola ahots normalez mintzatu zitzaion, eta eztiki-eztiki gorila nola gozarazi zuen. Nola asteak joan asteak etorri inkonszienteki animalien mugimendu pausatuak bereganatzen zituen, «batez ere gosaltzeko tenorean, goizeko eguzkiak natura osoa goxo ernarazten duenean». Nola behin haien gau-kabien arrastoak aurkituz gero, kasik esan zitekeen usainari jarraituz antzematen zituela.

        «Oso gertu ditudala somatzen hasten naizelarik, urratsak banan banan ematen ditut, anitz konturekin, adarren bat puskatzen ote den edo korrok egiten ote duten. Enbor erorietatik, hatzaparka igotzen naiz gorputz beltzik ageri ote den. Minutuak igarotzen ditut giharrerik higitu gabe, horren erne sentiduak eta zainak, ze suimanga baten hegoaren urruneko zurrumurruak eszitatzen bait nau».

        Jinny-rekin hartu-emanak hoztu erazi zituen hark. «Haiekin (gorilekin) eguna pasatzetik bueltan, etxean (uda hartan Jinny eta biak poliki moldatutako etxola batetan ziren) ez dut ja beste inorekin egoteko gogorik, bakar-bakarrik egon nahi nuke; Jinny-rekin haserretzeraino heldu naiz horregatik». Jinny-k ez zuen entenditzen, gizonaren postura.«Bakarrik ginen biok eta halaz ere berak ni bakarrik uzten ninduen. Zail zen hura eramaten».

        Orain biziki inpresionatzen gaitu 1959ko abuztuko egun batez Pitman-ek idatziriko pentsamentu honek: «Gure bizitzak erregulatzeko laguntza modura, hitzak geroz eta alferrikakoago bilakatzen dira»...

 

        Sabinio-ren kabia

        Kitsombiro apenas hazi da zerbait indenpendentziaz geroztik. Mila bat lagun bizi dira han, goatearen aldatzeaz. Erreka bazterrean, behi ale batzuek bazkatzen duten ordekaren alboan, misio zaharra dago: belga bat eta bi frantses, hirurak ere zaharrak, besterik ez dira bizi orain, katolizismoa predikatuz warengen artean.

        Misio eraikuntza rektangularra da, alde batera korta, bestera apaizen etxea eta sartu eta parean atzekaldetik ere sarrera duen eliza txikia. Etxe ondoan berriz, metro erdiko zabaleroko hiru ormaren babesean, baratza dago. Egunez horra ateratzen dute «Sabinio»; misiolariek ikus dezadan baimena eman didate.

        Eguerdi da, eta «Sabinio», fraileek burutik behera sartu dioten soinekoaz estalia, eguzkitan dago, ormaren kontra, ogi puska bat jaten. Ogiari ez omen dio muzinik egiten, ez egositako barazkiei ere, okelarik aldiz, ez du orain artekoan probatu nahi izan. Lasai mastekatzen du, mokadu bakoitza minutu batez erabiliaz. Ileak moztu dizkiote baina, behin eta berriro garbitu arren, ezin izan diote aurpegia ilun-estaltzen dion zaldar beltxarana kendu.

        Estrainekoz ikusten nauelarik, murruska egiten du eta bere begiño distirantak nireetan fijatzen ditu; instante batzu geroago, tentsioa goxatu nahian bezala, bista apartatzen du, baina erne segitzen du, disimuloz, zeharka begiratzen didala. Begirada azkarrak zuzentzen dizkit, eta joku horretan minutu batzu igarotzen ditu. Gero, minik egin behar ez diodala nabarituko balu bezala, begirada suabetzen du eta mastekatzeari berrekiten dio. Aita Laralde-k esaten didanez, apioa da gehien maite duen barazkia: gorilek anitz apreziatzen dutena fama duena, izan ere. Banbuak ere gustatzen omen zaizkie biziki, baina Kitsombiro inguruan ez da kasik horretarik ematen.

        Misiolariek Pitman ustez Estatu Batuetara eramango duten zientifiko amerikarrak lehenbailehen etorriko direla espero dute. Bitartean, Bob L. Kaunda psikiatra gaztea ailegatu da Kinshasa-tik. Ez da bera —aitortzen digu— animalitan oso jakitun, baina egunotan zer-edo-zer irakurrita dauka, eta erabat harrituta dago. Pitman-en jokabideek gorilenekin daukaten misteriozko antzaz. «Nire ustez pertsona heldu bat animali espezie batekin identifikazio punto honetara iristen den kasu bakarra izango da, munduan». Detailerik nabarmenenetakoa lotarako Pitman-ek paratzen duen kabiari dagokio. Kaunda-k George B. Schaller-en The year of the Gorilla liburuaren pasarte hau utzi dit irakurtzera: «Kabiaren egitea lan sinple bat da, hiru-bost minututik gora gutitan galdegiten duena (...) Lurrean egiten duelarik, landareak, zurtoinak, huntzak txikitzen eta bere inguruan ipintzen ditu, halako ordenik gabe; ez ditu belarrak bata bestearekin estekatzen, ez du korapilorik egiten. Oinarrizko egitura horri belar tikiago batzu eransten dizkio (...)» William Pitman-ek ez du bere eskuez eta gisa horrexetan eginikakoaz beste ohatzerik onesten; uzten dioten manta, aldiz, gau guztiz atxikitzen du, indarrez, bere burua arras estalirik.

        Hirugarren egunean, Bob eta biok herrian pombe edaten ari garelarik, misiotik Bama ganadu-zai luzea etorri zaigu artega, Jinny-k gizonarengana urreratu nahi izan duela eta honek oso erreakzio estrainoa erakutsi duela.

        Izan ere Jinny, William-ek ez bait zuen ezagutzeko seinalerik ematen, ez zen ordurarte hari mintzatzera hurbildu. Misiora iritsitakoan, emakumea negar-zotinka aurkitu dugu; berak dioenez, William-ek, ez-ezagutu ez ezik, gorrotoz ere begiratzen zion: Jinny-k Ameriketara itzuli nahi du, ahalik lasterren. Laralde eta VanHelsing misiolariek esaten digutenez, berek, gorrotoa baino, kuriosidadea eta beldurra ikusi dizkiote gizon gaixoari, eta, bi sentimentuen artean harrapatuta legez, zer egin jakin gaberik, saihetsak arraskatzeari ekin omen dio, emaztearen presentzia iñoratuz. Berak ez dira horrelakoekin gogoratzen, baina ni, ezinbestean, batwek aipatu zizkiguten «Sabinio» eta berarekin batera hatzeman zuten gorila-emearen arteko zitezkeen erlazioekin oroitu egin naiz.

 

        Independentziaren denborak ziren...

        Kinshasako gobernuak bi funtzionari igorri ditu Kitsombiro-ra, William Pitman-i buruz informe bat paratu dezaten. Berekin bisitatu ditugu aspaldiko batetan Californiako zoologoa desagertu zeneko bazterrak: Alberto parkearen inguruak. Han badago lehen ere haren berri adituta zeukanik. Anicet Bikwetu, garai haietan parkearen zuzendaritzan zegoenak, Pitman-ek utzi zion inpresioak xurikeriarik gabe esaten digu: «Gizona ez zegoen ondo, ulertzen? Egunero ateratzen zen bere etxolatik, lanbro edo-ta euri ari bazuen ere, beren izenez ezagutzen zituen gorila ale haiei fotografiak ateratzeko».

        Independentziaren egunak ziren. Goma-ko kaleetan bestela baino aktibidade gutxiago nabarmentzen zen; restaurant eta denda asko itxita zegoen. Afrikarrek beren auzoetatik ez irtetea nahiago zuten, europarrek kantidade handian ihes egiten zuten, dirua eta ondasunak berekin eramaki. Kontrola franko zegoen kamio guztietan. Runi-ko basoan, herritar saldo bat ageri zen, arku-geziekin armatuta, independentziak zekarren askatasuna ospatzeko Alberto parkean ehiza egin nahian. Parkeko zaindariek disziplina bajatu zuten, zeinarekin ganadu-zaiak noranahi sartzen ziren. Gelditu ziren europarrak beldur ziren; Force Publique-koak etxez etxe zebiltzen haiei armak kentzen.

        Ekainaren bukaerako goiz batetan agur esan zion William Pitman-ek Le Repos hoteleko Kondo Mnimwa jende-hartzaileari. «Beti bezala zegoen...». Gero, ez haren aztarnarik, beste inon ere.

        Hilabete bat lehenago bere emazteari idatzi zion azkeneko gutunean, orain gorila baten tankeraz azaldu den unerarte Jinny Briggs-i ezertaz susmarazi ez zion parrafoska siniestroa irakurtzen ahal da: «Azken bi hilabetetan Constance-ren taldearekin 317 ordu egin ditut; gauak pasa ditut eta egunak ere bai, harat eta honat. Geroz eta gehiago familiarizatzen naiz animalien eguneroko bizimoduarekin. Jan, lo, ibili... benetan gauza gutxik hausten dute egunaren eta gauaren erritmoa».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.