Mesedeetako sakamantekasa
Lupus Borrel
Garai hartan gizaki guztiak kalean zebiltzan gauero; tabernetan sartuta eta kalean zeuden farola azpietatik paseiatzen. Laguntasun bila edo aritzen ziren, eguneko lanorduetan makina gisa funtzionatu behar baitzuten; eta sendimenduak beste inon aparkatu beharra zegoen.
1990. urtean gengozan Bilboko Sakamantekasek bere agerraldia egin zuenean, Udaberria zen jada hasia bere lehen errituala ospatu zuenean. Handik zazpi hilabetera hiriko kaleak gorriz izutu zituen. Azkenik, Urriko hilargibetean, bere azken afaria korroskada batez amaitu egin zuelarik.
Ez da hain erraza aurkitzea, gaurregun, haren berririk, udaleko funtzionariek oso gordeleku sekretuan baitaukate izkutatuta dosierra. Hala eta guztiz, orduko solasaldietan agertutakoa oso fresko dago denen buruetan.
Zapatu goizean agertu zen lehen gorpua, biluzik eta errekako basatza artean zuri. Gau hartan, normala zenez, alde zaharreko taskoetan ibili ginen mozkortze saioan eta, denoi gertatzen zaigunez, ez geneukan inorenganako borondaterik; norberaren buruko korronteak jagotzen nahiko lana geneukan.
Mesedeetako zubia jende ugariz beteta zegoen eta marroiz jantzitako polizia haiei bultzaka, hanka egin zezaten nahian edo. Gurutze Gorriko hainbat soldaduk gora altxatu zuten gorpua. Zuri, lokatzez beteta baina zuri; tripetako aldean, zilo zabalez, itotakoek dauzkaten errai urdinduak erakutsiz, arrainenak bailiren.
Panorama honek ez zuen denbora askotan iraun. Gurutze Gorriko anbulantziak berehala eroan baitzuen sirenaren gorpua eta poliziak jendearen kontra kargatu, ohitura den lez.
Bizitza ez da oso luzea, jende asko unkitu zuen gertaera honek. Ohizko taskoan gosaltzen geundela, kafe eta pintxoen artean, hilketa hontatik hasi eta denboraz atzera egin genuen; Lamana kaleko asesinaketarena, zelan mutil gazte batek bere proxeneta hil zuen, zelan aho barruan sartu zion txori bat; edo beste kasu zaharrarena, handik hamar urtetara jazotakoa, lejionario izandako batek beste bat hil egin zuenean halako rifle batez, geure muturretan eguerdiko poteo erdian geundela.
Konurbazio handietan ia egunero hilketa bat gertatzen bada ere, holakoxeak dira jendearen morboa isiotzen dutenak. Jada, amoranteenak edo edonork erreibindikatuak ez zeukaten harrera onik jendearengan. Agian, jendeak berak ikusi eta bizi nahi ditu gorpu triskatuak, eta geure sakamantekasaren abenturak ahotik ahora egiten zuten bidaia. Ez ziren egunkarietan leitutakoaz fidatzen norberaren imajinazioak atontzen baitzituen zerraldoak.
Era berean, egunkariak eta kaleko ormak komunikatuz josi ziren; batzuek jazoera hauek orduko egoera sozialeko lakra zela esanez, ezkerreko radikalek imajinazioaren iraultza prest zegoela, eta noiz behinka, Barne Ministaritzakoek panfloz ereiten zituzten kale anonimoetan eta gau ilunean ostenduz, zeintzutan poliziaren ahaleginak azaltzen baitzituzten ikurrina eta Bilboko harmarriaren irudiak zeuzkaten paperetan.
Egunak epelduz joan ziren hegohaizearekin batera eta emagazteen errai urdinduak ere Mesedeetako zubipean agertzen ziren lokatz artean; baina gero eta jende gutxiago mintzatzen zen hartaz armuzua hartzerakoan, kafe eta pintxo tartean. Konbertsazio hura taskako barra gainera ateratzen nuen arren, armuzukideak udalak antolaberri zuen Hermandade Erotikoez mintzatzen jarduten zuen, neureari kasu egin gabe.
Argi neukan Bilboko udalak herriarenganako zirkua muntatu zuena, eta neure iniziatiba partikularra pikutara joan dela. Hala eta guztiz, Urriko hilargibetepean hermandadeotako neska galant bat eroan nuen Mesedeetako zubipera, baina, hurrengo egunean, erritu honi ere buelta eman zioten udaleko kulturako ordezkariek, heuren ekintza zelakoan edo.
Ez zegoen hura jasaterik; neure ekintzak ere heureganatu zituzten eta imajinazioaren iraultzarako neuzkan amets guztiak porrot egin zuten. Oso maite nuen konurbazio hontatik alde egitea baino ez neukan, edo Hermandade Erotiko Munizipalean sartzea. Azken hau da hartu dudan bidea. Hamar urteotan nahiko eskalatu ditut postuak hermandadean, gaur Udaleko Kultura Saileko arduraduna izendatuko nautela.
|