Sowetotar kronikak
Eneko Olasagasti
lehena: aitona
Aitona gogoratzen dut. Lurra landu zuen eta gazte zelarik lurrak berak hirira bota zuen. Beste lan batzuen artean okina izan zen eta sasoi txarretan ere, hari esker, nire aitak ogi zuria jaterik izan zuen.
Gogoratzen dut ere aitonaren esana aitak ekarritako apaiz mulatoa dioska bidali zuenean. Ukabila luzatuz esan zidan: «gu gaituk zatiketa eta erroketa, haiena duk berriz, batuketa eta biderketa, baina eutsi kaguen Botha, eutsi! Horri ere etorriko zaiok atalbunkana!». Eta besoa estutzen zidan bere esku hezurtsu baina indartsuaz.
Aitona ez zen oso ilustratua, gogoratzen dut, bai, eta edan egiten zuen. Gehiegitxo edan zuen egun batetan, etxeko sutondoan, sua utziz eta bapatean begirada niregana zuzenduz esan zidan: «hik ez duk oraindik askorik entenitzen, baina aditu didak niri: larrurik ez baduk jotzen, jo zak kanpaia motel! Lasaiago biziko haiz eta edatea baino hobea duk!».
Nik ezer entenitu gabe irrifar tonto bat eskeini nion. Algara egin zuen, barrurako algara, eta «hik badakik, bai» bukatu zuen. Baina esaten dizuet aitona ez zen oso ilustratua.
bigarrena: aitarena (istorioan kontatzen ez dena eta laburrena)
Aitona beltza izan arren, bere semea, hau da, semearen aita, Mendelek daki zergatik, zuria jaio zen eta honen semea ere akzidente berberaren erruz. Baina emaztea, behin bakarrik aipatzen den ama, beltza da. Aita letrekin manejatzen da, negoziantea da.
Aitona bigarrengoz ezkontzera zihoan, eta bere semeari ez zion ezer esan. Harrez gero ez diote elkarri hitzegiten. Eta aitari bere semearekin gauza bera gertatzen zaio.
hirugarrena: semearena
Anaia maltea:
Hitz hauek jasotakoan ez dakit non izanen naizen, baina zugandik urrun, ziur izan zaitez. Badakit, baino, berauek irakurtzerakoan harridura eta ulertezintasuna nahastuko zaizkizula garun pribilejiatu horretan. Ulertzen dut, ez pentsa bestelakorik. Baina goazen mamira, zuk atsegin duzun bezala. Zutaz aparte, gure aitaren seme zintzo hori, ez dut hau adituko duen askorik, eta sinetsiko duenak, nire inguruan ere ez. Zuri izateari uko egiten diot. Bai, aditzen duzun bezalaxe. Arbuiatu egiten dut zuriarekin zerikusi duen oro. Ez dut zuriaz eta bere ohitura garbietaz ezertxo jakin nahi beltzaren zaporeaz kutsaturik ez badatoz. Azken hilabeteok pauso hau burutzeko epeak erretzen eman dut, eta momentua iritsi dela deliberatu dut. Baina ez zaitut aspertu nahi, laburra izango naiz. Zergatik ibiliko zara galdezka. Benetan, ez al dakizu? Baina ez, ez dut arrazoirik agertu nahi, ajedrez polita litzateke zuretzat. Zuzen noa interesatzen zaizunaz mintzatzera. Bai, posible da, bertuteen stock-a zaren hori. Gizadi zuriaren emaitzarik praktikoenari, teknologiaren garapenari esker aldaketak, bihotz, giltzurdin, gibel, eta orain azal aldaketak errealitate ukigarriak dira. Bestelakorik ez dut aldatu beharrik, aldatuz joan da txiki txikiak ginenetik. Eta zugandik, aitak erakutsitako munduko erregelengandik urruntzean prozesu luze bat amaitu egingo da. Laburra izan naizela uste dut. Beti arte, agur.
Zure anaia.
|