L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-18 / Beltz Literatura (1986-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Zigarrokinak

 

Omar Nabarro

 

Pastelaren inguruan bueltaka dabilen euli errariaren antzera, nire begi galduek hautsontziaren planoak hartzen zituzten, gora eta behera, ezertan zehazki pausatu gabe, apurka apurka zigarrokin guztien artean hura gailendu zen arte. Ikusi barik ikusten nuen zigarrokinak arreta erakarri zidan, ordurarteko plano nagusitik beraren plano mugatura estutzen behartzen zizkidalarik begiak.

        Filtroaren ertzean gorriskaz inprimatutako ezpainen arrasto borobilek, gura barik, ahoa irudikatzera eraman ninduten. Ezpain lodiak, luzengak, haragitsuak imaginatu nituen. Zigarrokina justu justu filtroaldea eta tabakorena bat egiten duten marra horretan okertuta, hatzamarrek utzitako zimurdurek berauen tankera iradokitzen zuten: meheak, finak, hatzazal luzeez burutuak. Karmina eta hatzazaletako lakaren arteko kolore oreka zehaztezina izan nuen proiektatzen irudimenean; koralezko hondoa arratsaldez eta zerumugako marra iluntzean, edo, agian, ardo gorri mehea argi ezberdinek zeharkatuta izan zitekeen kolore elkartura.

        Zelan ez utzi irudimenari berak bete zitzan ezpainetatik erpuruetaraino hedatzen zen eremu ezezagunarekiko bestelako xehetasun guztiak. Lepoak badia antzeko bihurdura eratzen zuela besoa zigarroa amatatzeko luzatzen zuenean. Gorago laberinto zorabiakorra belarritako distirakorraz zamatua. Hatzamarren itzaltzat har zitezkeen marratxoak, bekain eta betazpietan hasita, sagats hostoen zilueta eratzen, zigarro ketan estalita agertu eta desagertu egiten ziren esmeralden borneak bailiran.

        Zigarrokinen artean nekez irakur zitekeen marka izenean, lurralde esotikoen oihartzunek, musika tresna ozenak eta gozoak, fruitu dastatu gabeen amestutako zapore mozkortiek, batera egiten zuten dantza bertan. Eguzpiten imagina zintzaket, lepoan behera eraman nezakeen eskua ipurdimasailetaraino...

        Harrez gero hautsontzi guztiei erreparatzen zieten nire begi tristuratuek, zure presentzia salatuko zidan zigarrokinaren bila. Ibileren mapa osatu nuen. Banekien, zorroztasun sinesgatzez, zure mogimendu guztien berri. Gaueko orduetan pub kutreenetako hautsontzietan nituen ikusita atzean uzten zenituen hondakin miresgarriak. Ordutegia eta lana ere imaginatu ahal nituen. Sarritan janari apurren batzu hautsontzian. Ezinezkotzat jotzen nuen zeureak izatea. Gogoeta berbera halakoetan, norekin egona ote zinen. Jelosiak jota nenbilen ordurako.

        Zeu ezagutu beharra neukan. Dossierrari azken mesedea eskatu nion, zure hurrengo mogimenduen berri eman ziezadan. Konputagailuak ez zuen huts egin. Ez nuen luzaroan itxaron behar izan. Bertan agertu zinen, goizaldeko ordubatan, aparailuak esandako orduan baino beranduago baina iragarritako tokian. Zigarroa ahoratu, erre eta amata egin zenuen aurkezleak mikrofonoz hurrengo ekitaldirako deia egiten zuelarik. Ez nekan zalantza izpirik ere. Hautsontzian amatatu berria zen zigarroak argiro adierazten zidan, zeu zinen. Zeu zinen bezala «la reina del travestismo, recien llegada de...» hitzak entzutean eskenatokira hurbiltzen hasi zena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.