L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Future? What future?

 

Joanes Urkijo

 

        Azken mende t'erdi honetan, «zientzi-fikzio» deritzogun horren bidez idazle batzuk gizarteari nortasun modernoa ematen laguntzeko ahaleginak egin dituzte. Bien bitartean beste askok argitara eman dituzten lan eskas eta iragankorrek zerikusi txikia daukate, zientzi-fikzioarekin ezezik, literatura berarekin ere.

        Theodore Sturgeon generoko idazleak esan zuenez, «zientzi-fikzioaren ehuneko 90 kaka hutsa da, gauza guztien ehuneko 90 kaka hutsa delako, hain zuzen ere»; ardura gaitezen beraz gainontzeko ehuneko hamar horretaz, gure artean gitxien ezagutzen den horretaz, Buck Rogers, Flash Gordon, Diego Valor edota Jedi umegorri horiengandik urruti dagoela, «zientzi-fikzio», «antizipazio», «zientzi-fantasia», «espekulazio» eta hainbat izen eman zaizkion literatura berezi horretaz.

 

        Lehen

        Lord Byron eta Percy Shelley bere senarrarekin egin zuen apostu baten ondorioz, Mary W. Shelleyk «Frankenstein» argitaratu zuen 1818 urtean. Gorpu hondakinez osatutako munstroaren irudiak logura kendu izan die geroztik irakurle eta zinema ikusleei, baina filmeek hainbestetan idurikatu duten ikara horren gaindi, lan askoz ere konplexuago, aberatsago bat aurki dezakegu, hainbatek zientzi-fikzio modernoaren abiapuntutzat hartzen dutena. Jakina, Victor Frankenstein sendagileak, Pigmalion moderno baten moduan bizitza sortzeko ahaleginetan, zientzigizon ero eta hondatzaileren zerrenda luze bati eman zion hasiera. Munstroa bestalde Rousseauren «basati onbera»ren irudia da, inozo eta errugabe jaioa, gizartearen aurre-iritziak ez ukitua. Baina gizarte honek ez dio barkatuko bere itsustasuna, bere indar neurrigabea, eta inongo aukerarik eman gabe hondatu egingo du, hala nola beraren ondoren tiroka hondatuko dituen hamaikatxo estralurtar, beraien itxura itsusi eta ikaragarriaren aitzakiaz; edota hainbat eta hainbat mutante mespretxatu eta baztertuko, hauek gizon arrunten aldean parerik ez badute ere, ezberdinak direlako soilik.

        Mary Shelleyk Frankenstein burutu zuenean zientzi-fikzioak ez zeukan ez izenik ezta berezko literatur kategoriarik ere. Ondoko ehun urteak aurkikuntza harrigarriz josiak izan ziren: Darwin, Pasteur, Einstein, lurrunezko makina, berebilak, globo eta hegazkinak, den-dena bildu zen idazleari aukera berri eta amaigabeak ematearren, beronen irudimenaren mugak hautsiz: Poek ukitu metafisikoa ekarri zuen orduan, «Eiros eta Charnionen elkarrizketa» edo «M. Valdemaren arazoko gorabeherak» narrazioetan bestelako biziera baten posibilidadea ikertuz. Verne teknologia berriaren poeta bezala agertu zen, artean txarto ezagutzen zen espazioa astrountziz edota itsasazpia urpekuntzi nuklearrez beteaz, baina beti gizonaren motibazioak baztertuz. Garai berean, ordea, Samuel Bellamyren «Atzera Begira» deritzan nobelan erakusten den gizartearekiko kezka sozialismoaren sorrera bultzatu zuen kezkaren antzekoa da. Nobelak sekulako arrakasta lortu zuen: hogei hizkuntzatara itzuli zen, ondorengo hainbat soziologok beraren eragina aitortu zuten, eta formula «apurtzaile» baten bidez (1887 urtean hipnotizatua izanik, protagonista 2000 urtean itzarri da) norabide berriak ireki zitzaizkion literaturari: Mark Twainek yanki bat Camelotera igorri zuen; Henry Jamesek amaitu gabe utzi zuen XVIIIgarren mendera bidaia bat...

        Baina zientzi-fikzioa noiz edo behin ukitu zuten idazleak ezezik, XIXgarren mende amaierako belaunaldi honetan izen bi dira batez ere aipagarri, heurek gorpuztu bait zuten genero honek jasandako lehenengo zatiketa garbia: H.G. Wells eta Edgar Rice Burroughs. Lehenak, Darwinen teoriak oinarritzat harturik, gizartearekiko ardura erakusten du, munduak bere burua hondatuko duela aurresanez, «Denboraren makina», «Moreau doktorraren uhartea», «Gizon ikustezina», «Kometaren egunetan», «Aireko gerra» eta hainbat nobelatan, hain zuzen ere.

        Wells aitzindaria izan zen. Beraren ondoren, 20 eta 30garren hamarkadetako Europa politizatu hartan, idazle andana batek totalitarismoaren ondorio beldurgarriak emango zituen aditzera, handik laster hein handi batean beteko zirenak: hantxe ziren Aldous Huxley eta «Bai mundu berria», Georges Orwell eta «1984», Yevgeni Zamiatin Sobietar Batasuneko disidentea, Txekoslobakiako Karel Capek «robot» izenaren asmatzailea, Stapledon inglesa, denetan itxaropentsu bakarra beharbada...

        E.R. Burroughesk bestalde, Tarzanen abenturekin batera martzianoak ere eman zituen ezagutzera. Musker eta beste itxurazko munstro ikaragarri sorta batek Estatu Batuetako aldizkari eta komikiak jendeztatu zituen urte gitxitan, andre lirain jantzi eskasekoak mehatxatuz, gizon lerden errubio eta txintxoen ahaleginen aurka. Beste inork ez zuen honelako arrakastarik lortu; bera baino lehen inor ez zen zientzi-fikzioaz benetan aberastu, nahiz eta Tarzanen inguruan sorturiko merkatal inperioa ez zen makala izan. Baina guri axola zaigunez, Burroughsen martzianoek gaurdaino eten ezinean diharduen hildo bat osatu zuten, komiki merke eta ugarien bidez etxe arruntetaraino iritsiz. Gaur egungo ZONA-84, CIMOC eta beste hainbeste komiki beraren ondorengoak dira hein handi batean.

 

        Orain

        Komikiak izango ziren, hain zuzen ere, zientzi-fikzioaren zabalpen harrigarria bideratuko zutenak, hogeigarren hamarkada erdian Hugo Gernsback izeneko batek eman zien bultzadari esker. Lagun honek burutazio aparteko batzuk izan zituen: berberak asmatu zuen, esaterako, «zientzi-fikzio» izena; beraren komikietan, zaleei heuren artean eta egileekin komunikatzeko beta eman zitzaien, et hala lehertu zen mogimendu geldiezin bat, «fandom» izenez bataiatu zuena, komikiei era berean «fanzine» izen gaur hain ezagutua eman zielarik.

        Bigarren Mundu Gerra atzean lagata erdietsiko zuen zientzi-fikzioak bere heldutasuna, industri bilakapen orokorraren itzalpean berak ere hazipen eta ugalpen erabatekoa ezagutuz. Halaxe heldu zen Urrezko Garai bat, gehienetan Van Vogt, Asimov, Heinlein eta Sturgeon idazleen lanetan oinarriturik ikertzen dena. Hauekin batera, 60garren hamarkadatik hona sortu izan diren idazleen zerrenda neurrigabea litzateke: James Blish, Frank Herbert (Dune), Brian Aldiss, Arthur C. Clarke (2001), Ray Bradbury, Ursula Le Guin, edo Stanislaw Lem, ozentsuenak aipatzeko.

        70garren hamarkadan entzuera lortu duen Uhain Berriak bestelako osagarriak erantsi dizkio zientzi-fikzioari, zuhaitz ezin abartsuago bat osatuz. Narrazio teknika arretaz landuz, Uhain Berri honek hizkera berri eta berezkoa bilatu du, James Joyce edo Nouveau Romanen errekurtsoez baliatuz, teknologia eta gizartearekiko planteamendu berriak adieraziz, feminismoa bezalako gai berriak arakatuz. Idazle batzuren lanak «literatur ez berezia»ren kategorian sailkatuak izaten hasi dira, «literatur serioa»renean, alegia. Alderantziz ere, «idazle serio» batzuren lanek zientzi-fikzioaren muga zeharkatu dute: hala, esate baterako, William Goldingen «Lord of the flies» (Eulien Jauna, 1954), edo Borgesen igarkizun eta paradoxa dotoreak. Azken batean, Brian Aldiss zientzi-fikziolariak arrazoi osoa ez ote zuen nago, zientzi-fikzioa esistitzen ez dela esan zuenean. Jakina, geroa heltzen denean, zientzi-fikzioak bere funtsa, hari begira jaio zen helburua galtzen du.

 

        Geroa

        Eta gero hori orain ehun urte bezain etsipenezkoa aurkezten zaigu oraindik ere. Munduak daraman norabideak ez du aldatzerik, gizarteak betirako antolatzen du nola edo hala ikusita ere. Harry Harrisonek, «Make room! Make room!» (Egin leku! Egin leku!, 1966) nobelan gainpopulazioaren arazoak aztertzen ditu, etxebizitzak zulo txiki eta nazkagarriak bihurtuta, jubilatu goiztiarrak gaur bai eta bihar ere bai manifestaldi bortitzak antolatzen... baina ez du irtenbiderik eskaintzen. Samuel Delanyren «Dhalgren» nobelan ere (1975), hiriaren dekadentzia iragartzen da, bere koadila kaletar gogorrekin, bere maitasunik gabeko sexualitate nabarrarekin. Etorkizun bera ikusten dugu Antony Burgessen «A Clockwork Orange» (Laranja Mekanikoa, 1962) izenekoan, nahiz eta honetan, politikarien instintoa egoeraz baliaturik aurrera egiteko, askoz ere nabarmenago gelditu. Politikarien instintoa, baita saltzaileena ere, Frederik Pohl eta C.M. Kornbluth idazleen «The Space Merchants» (Espazioko Merkatariak, 1953) nobelan esterako: publizidadeak munduaren jabetasuna hartu du, errekurtsoen esplotazioa bere azken mugetara heldu da, hala nola kutsadura eta gainpopulazioa; saltzaileek, bitartean, gizon erosle pobreen jokabidea menperatu asmoz, zaletasunaren sorgarriak ipintzen dituzte heuren salgaietan.

        Idazle batzuk are harago heldu dira, hondamendi orokor baten ondoko mundua imajinatzean: Ray Bradbury zientzi-fikzioaren poeta paregabeak, «Martian Chronicles» (Martitzeko Kronikak, 1946) liburuan Martitz planeta jartzen du lekuko, lurtarren helduera eta martiztar gizaberdetsuen desagerpena azaltzeko, harik eta Lurrak bere burua hondatu arte, perretxiko atomiko batean desagertuz. Salbatuko diren bakanek Martitzen aurkituko dute hutsetik berriro hasteko paradisua. Asimovek gauza bera adierazten du «Fundazio» izeneko kuatrilogian, zientzigizon baten «sikohistoria»ri esker zibilizazioak birsortze are hobea ezagutuko duelakoan. Baina nork daki, izan dezagun kontuan, zientzi-fikziolari batentzat mundua beti salbatu beharrean dagoela, bestela zertaz idatzi lezake ba berak? Edozein kasutan ere, baliteke gure «future»a erabat bestelakoa izatea, Michael Moorcock inglesak proposatzen duena esaterako: milaka urtetan zehar zientzia eta aurrerapen neurrigabeak bereganaturik, gizateria atsegin eta jolasei emango zaie, irudimenezko jokutan eta atsedenaldian apokalipsiaren zain. Edota, auskalo, Arthur C. Clarkek bere «2001»ean asmatu ez ote duen batek daki, gizonak goreneko izaera, ez fisikoa, erdietsiko duela, Santo Tomasi falta zitzaion Jainkoa esistitzen den froga nabarmena azkenean lortuz... Baina badaezpada ez ezazue ezer sinetsi, esana dizuet: zientzi-fikzioa ez da esistitzen, eta azken batean mundu guztiak dira gure honetan, adiskideok.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.