Autobusa ez da oraindik ageri
Manu Ormazabal
Zortzi t'erdiak jota daude eta autobusa ez da oraindik ageri. Inoizkorik atzeratuen dabil; gero presaka egunoro bezala eta gainera gaur euria; behar genuena.
Denak pasatuta eta Bilborakoa falta. Hor datorrena delakoan nago. Astiro ari da hurbiltzen. Kristaletako ur tantoez ez dezaket barrenekorik bereiz. Zutik joan beharko dut, apika. Arraro samarra litzateke hain goiz izanik beterik baletor, halere maiz jasotzen dena da, zenbat eta abailduago norbera, hainbat eta okerrago gauzak.
Atea irekitzen den une berean barrunta ditzaket elizako dorreko erlojuaren ezkilen danda pausatuak erdiak jotzen... ordubetako bidea eta lanean nagoke.
Ia hutsik dator; zazpi bat lagun eta txoferra. Bi mailak igotzen ditut, euritakoa aurretiaz ontsa astindu ondoren. Kontxo! gaur txofer berria daukagu, gaztea bera.
Nire egun on-ari irrifar zabal batez ihardesten dio. Automatikoki abiatzen naiz atzekalderantz logalearen haztarnak aldean daramatzadala. Ordubete eta Bilbon. Eguraldi eguzkitsua dagoenean bezain alai eta baikor sentitzen naiz, honetarako aparteko ziorik ez badut ere. Egunkaria idoki eta irakurtzeari natxekio. Lehen orrialdea... internazionala... kirolak... eta gurutzegrama; azken honi begirada bat ematen diot; lanorduan ekingo diot serioskiago.
Hotzikara batek korritzen du nire gorputza, baina gauza normala, oinak blai baitauzkat.
Isiltasun sakona nabari da gaur autobusean, inork ez du tutik esaten. Ba! denak ni bezain berritsuak balira ai zer nolako zorabioa.
Egunkaria tolesten dut eta zigarro bat pizten. Gertaera estrainoa; inork ez dit ezer esaten... Non ote dago kobratzailea? ... Okerreko autobusean sartu ote naiz bada?... Galde diezaiodan txoferrari... Alutzar madarikatua! Tonto samarra ematen du... erantzun ere ez... irrifarra berriz... Atzekalderago noa ea dagozkigun karriketatik goazen ala behar ez zen autobusa hartu dudan... ez dut kanpoaldea begiesten... kristaletako gandua nonbait. Igurtzialdia ematen diet baina hemen ez dago deus ikusterik... ezker eta eskuinaldeko beiretan lan berbera dagit lorpen bertsuak erdiesteko. Urduri jartzen ari naiz... hau ez da normala. Txoferrari noakio berriro. Aurrekaldeko kristaletatik kalea ikus dezaket... suertea euki dut.. halere erabat ezezaguna da niretzat... ez dago dudarik... zein autobus da hau! deihadarkatzen dut... artegago eta larriago. Autobusa geldiarazteko diotsat txoferrari... arren eta otoi... irrifarre berbera.
Bidaiariengana jotzen dut nora garamatzaten dakitenetz... Aurpegi zurbilak, hitsak, horiskatuak batzuren sonbreropean. Peskizakoa lepotik, eztarritik oratzen dut, hestutzen, kasik itotzen, nire urduritasunari ihespide bat bilatu nahiean,... begikume irrifartsuak, zuhurrak, maltzurrak, ustelak... heriotzaren irrifarrea. Izerdi hotza, jelatua kopetean, hozkirria gorputzean zehar... tua ezin irentsi... ezin negarrik egin, ezta oihurik ere urratu zintzur lehorrari. Burua botako dut martxan... Atea ez dezaket ireki; ukabilez jotzen dut, belaunaz, ostikoz; kristala hautsiko dut... alferrik... izerdia ugalduz doakit... arnasa arinagotuz, zurru bilakatuz... zurrunga gisa.
Unaturik nago, ahiturik... aintzinean ez dago itzurpiderik. Zoruan etzan eta etsipenean murgildurik nire ahuleziaz jabetzen naiz. Barreak dantzuzkit... gero eta ozenagoak... bidaiariak... barrea algara bihurtzen da... durundio gorgarri. Belarriak hatzamarrez hersten ditut... burua eragin jasanezinezko eromen iragangaitzean.
Bapatean isilunea... isiltasuna... farregarri dakusat nire burua... ahalkez jazten naiz... lasaitasuna... barealdia.. axolagabekeria... arnasa sendo eta sakona.. Geldiro zutitzen naiz eta zortzigarren jarlekua betetzen dut. Autobusaren abiadura motelduz doa gelditu arte. Atea irekitzen zaio. Ez dut higitzeko ez gogorik ez ahalmenik. Pertsona bat sartzen da, emakumezkoa... atzekalderantz abiatzerakoan egun on ozen bat jaurtitzen digu... albotik iragatean, autobusa martxan jartzen delarik, irrifar ezti batez agurtzen dut.
|