L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Etorkizunik ez da

 

Josu Landa

 

Konturatu gabe, filosofari bihurtu naiz. Nire berrogeitalau urterekin, atso zaharregi bat bezala sentitzen dut neure burua. Bizitza osoa telefono dei baten zain pasatu duenaren modura, etorkizunak dagoeneko ez du axolarik niretzat. «Bizitzan edertasuna ez dun dena, neska», hainbestetan errepikatu zidaten gaztetan, eta ez hori bakarrik, hainbat eta hainbat oroitzapen. Presentea pasatuan bezala bizituz gero, apokaliptikoa baino ezin du izan pertsonak, eta halaxe gertatzen zait niri. Gaztaroa milienarismoan eta zahartzaroa apokalipsiaren esperoan. Seguru aski, hasieratik presentea futuroan bizitzen ikasi banu, ez nintzateke hain zaharra kausituko, atso gaztexeagoa izanen... Baina tira, orain behingoz zenbait gauza argi samar ikusten ditut, eta agian horregatik bihurtu naiz filosofari.

        Nola pentsatuko nuen, bada, hogeitasei urte haietan sentitutakoak hainbeste urte zipriztin zitzakeenik? Mikel ez zen morroi erakargarria, defentsa guztiak kolpetik deusezten dizkizuten horietakoa. Ustekabeak edo, harrapatu ninduen. Behin, «zure amodioa diruz erosiko dut» esan zidan, sustraitik atera zitzaidan ostiko ikaragarri bat jo nion, eta biharamunean berarekin oheratu nintzen, diruz pagatzen ez uzteagatik bere begizkotik libre geratuko nintzela ustetan. Hortik aurrera, neure burua filme baten gidoian partaide sentitu nuen, filme bat bestearen ondotik, hurrengo eszenetan zer gertatuko zen ez-jakinean baina aurresentituz. Inoiz sentitu dudan amodiorik haragikoiena bilakatu zen.

        — Badakizu zein den niretzat gure arteko misteriorik haundiena? —galdetu zidan erlazio hura arriskutsua lekidakeela erabaki baino lehenagoko gau batez; erantzuna segituan bota zuen:— zure erreakzioez ez dudala inoiz dudarik egiten. Beti badakit zein mementutan abandonatuko zaren, eta zeinetan zoroen moduan konbultsionatuko zaren. Askotan, begiraden bidez eskatzen didazuna bete besterik ez dudala egiten iruditzen zait.

        Handik urte batzutara konprenitu nuen aurreko egun hartan zer adierazi nahi izan zidan. Neuk ere neure burua bere keinuetan isladaturik ikustera heldu nintzen. Bulegoko atetik sartzen zen bakoitzean, berehala igertzen nion larrua jo nahi zuenentz, eta desiotan nahiz desio-faltatan beti ere bat etortzen ginen. Erregaliaren bat ekartzen zidanean, horixe baino ez nuela desio iruditzen zitzaidan ondoren. Sentsazio guztion bilgune izan zen mementu horretantxe konturatu nintzen arriskugarria izan lekidakeela Mikel, inola ere kontrola ez nezakeen munstro gero eta ikaragarriago hura. Aurresentimenez gidatzen ginen biok, gutako bakoitza bere aldetik nahiz biok batera. Aurresentimenekiko konfidantzak itsuturik bizi ginen, baina jabetu ezean.

        Joxean, nire nobio eternala, ez zen inoiz guztiz ohitu tarteka nigan nabaritzen zituen samurtasun ez-logiko horietara, lekutik kanpoko lainezara gerturatzen ziren desio urrundu haietara, Mikelekiko amodio hartara hitz batez. Baina ezinbestez bere tripetako borondate on bortxatu guztiaz baliatu zen ustezko neure bitxikeria haiek jasan ahal izateko, bakarrik patuak bizitza osorako oparitutako nobio batek jasan dezakeen moduan (zein ironikoak eta maltzurrak diren denboraren distantziak asma erazten dizkidan metaforak!).

        Uda batez, gurasoen herrian familiaz inguraturik eta maitalerik gabe pasatu nituen oporraldi luze batzutan, aspaldiko parten, neure barruak astintzeko eta neure burua arakatzeko parada eduki nuen: Baserrietako animaliekin asko ibili nintzen, filmerik ez zen herri hartan eta liburu mordoa irakurri nuen. Erretiroaren azken aurreko gauean, haur bat edukitzeko irrika sentitu nuen, eta baita erabakia hartu ere.

        Joxean oso pozik agertu zen nire asmoarekin, eta aitatasunaren aldetikako ahalegin guztiak eskaintzeko prest agertu zen. Mikelen erreakzioa apur bat estrainoagoa izan zen. Oporren ondoko lehen zitan azaldu nion umea egiteko asmoa, oneritzizko lez interpretatu nuen irribarrea zabaldu zuen eta ez zuen hartan komentariorik egin. Hala ere, bestaldetik, egun hartan lehendabiziko aldiz ez nuen neure burua berean isladaturik ikusi, aurresentimenak hutsegin zidan. Erregaliaren bat ekarriko zidala espero nuen, eta ez zidan ekarri. Amatasun desiatuaren zoramenak ez ninduen mementuaren tragediaz ohartzen utzi. Hortik aurrera gure erlazioa hoztuz joan zen, eta sabeleko borobila nabarmenki haundituz hasi zitzaidanerako elkar ikusteari utzi egin genion. Handik aurrera ez nintzen inoiz nire aurresentimenez fidatu.

 

Gaur hamabost urte, haurtxo negarti bat ekarri zidaten besotara, xehetasun guztiez gogoratzen dut, klinikako gela zabal-zabal baina jendez betetako hartan. «Neska bat da», esan zidan infirmierak neu netzan ohera hurbilduz. Poza gainezka sentitzen nuen bularrean eta buruan. Sabelpeko oinazeak sentimentutan urrun sentitzen nituen. Bost minutu pasatu ez zirela, lore sorta bat ekarri zidaten, nota batekin: «hamahiru larrosa gorri hauek zuretzat, eta musu fresko bat Anerentzat». Dudarik ez zegoen Mikelek bidaliak zirela, idaztankera berea zen. Baina nola demontre zekien neskato jaioberriaren izena Ane izango zela? Nola jakin zezakeen Joxeanek bezperan erabaki bazuen neska izatekotan Ane izango zela? Horrek ez zuen inporta. Oso sentimen arraroak jo ninduen, loreak alboan utzi eta atentzioa berriro haurrarengana zuzendu nuenean. Bere egoera berean egoteko desioa sentitu nuen, ama-alaben paperak trukatzeko gogoa... baina tira, inportanteena berriz ere Mikelen berri banuela zen, eta besoarteko neskatoak mugaraino eramaten zuen neure zoriontasuna.

        Hilabeteak pasa ziren, eta hasiera batetan pentsatu nuenaren kontra, ez nuen Mikelen berri gehiagorik izan. Ane haziz joan zen eta bereganako sentimentu harrigarri haiek modu desberdinez identifikatuz joan nintzen. Jaioberrian ama-alaben paperak aldatzeko grina bezala ikusi nuena, inbiria bezala identifikatzera heldu nintzen garai batez, jatorririk eta arrazoirik gabeko inbiria zorionez ezkutagarria. Larritasunez sentitzen nuen bekaizkeria hori, bakartatea erraietan barreiatzen zitzaidan neurrian, areago erre egiten ninduen, titti erazten ninduen. Sarritan, neure burua jeloskor sentitu izan dut, fieroski jeloskor, nondik norakorik gabeko jelosiak jota. Alabaren aldamenean pasatu ditudan hamabost urte hauek ez dira gozoak izan neuretzat, eta ez dut uste Anek ere larregi maite nauenik, zenbaitetan nekez suportatzen dugu elkarren konpainia. Azkeneko uda hau urruti pasa du, eguzkipeko udaleku urrun batetan. Gaur arratsaldean itzuli da etxera, eta antezedenterik gabeko sinzeratze batetan, enamoratu egin dela aitortu dit. Argazkiak erakutsi dizkit, eta ahotsari alaitasun zeharo gorrotagarri bat zeriola, honela esan dit:

        — Begira, ama, horixe duzu nirekin enamoratu den mutila. Beno mutila, nahiko edadetua da, udalekuko etxean zaindari gisa egiten du lan.

        Aneren behatzak Mikelen irribarre goxo eta nahastezina erakusten zidan. Segundu laurden batez, gauza asko argitu zaizkit zorigaiztoko amildegi batetan jausten nintzen bitartean. Noski jeloskor nintzela, Ane besotan lehen aldiz edukita larrosa gorri haiek jaso nituenetik. Mikelekiko aurresentimenei kasurik ez egitea erabaki nuen une hartantxe galbidea sinatu nuen neure bururako.

        Aneren eskutik argazkia ikusi dudanetik oraintxe arte pasatu diren ordu supersoniko hauetan, eromenaren ertzean sentitu dut neure burua. Ene jainkoa, gizon hori ez da nire alabarentzat modukoa, pentsatu dut, gaur eguneko neskatilak diren bezalakoak izanda, seguru Anek Mikelen zakilaren tamainari baino ez diola erreparatuko. Zuzenbiderik ez zela ere pentsatu izan dut, eta tarteka Mikelen zakila nire aluaren presiopean imajinatu dut, bustidura kolpekatuan, plazerrak itota. Eromenetik salbatua topatu uste naizenean, izugarri zahartua sentitzearekin batera, eta konturatu gabe, filosofatzen aurkitu dut neure burua, filme baten protagonista izatera berriz inoiz iritsiko ez den atso filosofari hutsal bat bezala. Aurresentimenik gabe, ez dago presentea futuroz bizitzerik, apokaliptikoa izaterik baino ez dago. Argi eta garbi ikusten dut: Mikelekiko aurresentimenetan ez sinistera eraman ninduen hutsegite hura (opor luze haien ondoko lehen zitan) ez zen halako hutsegiterik izan, seguru nago erregalia ekarri egin zidala eta poltsikoan zeukala, baina ez zidan eman.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.