L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Alferrik ari haiz, Bonifazio

 

Juan Luis Zabala

 

Edifizoak oro ari ziren burrunbaz erortzen eta Bonifaziok ez zekien zer egin, nora jo. Hogeitahamar pisu baino gehiagoko edifizioak ere behera zetozen eta harrizko bloke handi batzuk jo zuten Bonifazio, bere gorputz itzela odolezko errekasto ttipiz josi ziotelarik. Mina, bai, gogor samarra zen, baina nahasketa hura eta irtenbiderik eza zen latzena. Hiri hark ez zuela azkenik zirudien eta Bonifaziok edifizoak erortzen eta erortzen ikusten zituen etengabe. Hiritarren hilotzak apenas ikusi ahal ziren, harrizko bloke piloek estaltzen bait zituzten. Bonifazioren aurpegieran nekea, ezinegona, harridura eta izua nahasten ziren. Une batzutan alderdi guztietara begiratuta ez zetorkiola edifiziorik gainera konturatzen zen eta bere esku lakarrekin belarriak estaltzen zituen zarata ikaragarri hura ez aditzearren, urduri... Berriro ere edifizioren bat gainera zetorkiola ikusten zuen arte.

        «Noiz bukatu behar ote du infernu honek?», galdetzen zuen bere artean Bonifaziok. Ez zuen ezer ulertzen, ez zekien zergatik erortzen ziren edifizioak, edifizioak ere ez zekien oso garbi zer ziren, baina pena eta beldurra nahasten zitzaizkion haiek ikusterakoan.

        Halako batean, hogei bat pisuko edifizio batek bete-betean harrapatu zion burua Bonifaziori, eta une batez ibilgeturik geratu zen, esku lakarrekin burua gogor estutzen zuelarik; aurpegieran mina nabari zitzaion, espresio latz batean isladaturik. Hala ere laster jaiki ahal izan zen, eta gainera zetozkion edifizioei ahal bezala txiri eginez, noraezean ibiltari abiatu zen berriro, azkenik ikusten ez zitzaion infernu hartatik alde egiteko asmo itsuak bultzatuta.

        Harrapatuta hago, Bonifazio... Besterik ez huen behar: orain, pisagura... Akabua! Alferrik ari haiz, alferrik, Bonifazio, ez duk irtenbiderik... Mundu guztia burrunbaz etengabe erortzen eta erortzen ari diren edifizioz osatutako hiri amaigabea duk. Eta bakarrik erraldoi idiotak iraun ahal duzue bizirik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.