L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Sei poema atenporal eta amodiozko gutun bat

 

Iñigo Aranbarri

 

Eta dembora futuroa

contenituric dembora pasatuan.

 

        Jainkoa zurekin, Elvira.

        Hasera oro da zaila, ene guzizko andre noblia. Diego hil egin da. Atzo ehortzi genuen. Nuevo Errotik irten eta kalenturaren infernuak inguratu zuen hirugarren egunerako, Guatabitako bidean, sekulam ezagutu bageko gizon eta emakumeei izkribatzen hasi zenean. Zazpigarren egunean, gurekin dugun indio batek oihaneko matalpa artean Eldoradoko etxeen teilatu urreztatuak ikusi ahal izan zituen egun berean, hemen bidaltzen dizkizudan poema hauek idatzi zituen. Hogeitabatgarren egunean, eta beste zenbait gutun eta poema zirriborratu ondoren, oinazez itorik, dohakabe haren su estalgaitzei amaiera ematea erabaki genuen ezpata kolpe batez. Eldorado ez da inoiz ere nostalgikoena izanen Elvira, eta zeuk ere badakizu horrenbeste. Geroa orain da hemen, eta iragana oraina. Gutti falta zaigu oso gure tonbak urrez jantzi ahal izateko Elvira, orduan, eta orduan bakarrik itzuliko naiz zugana, nire nekeak zuk eskainitako ardo eta fruitu gozoetan behin betiko ur ditzadan.

        Ahalguztidunak lagun zaitzala denbora infinitu honetan. Nuevo Erron. 1561eko udazkenean.

 

 

Hiru epitafio

 

Kaspar Hauser, Gizajo

 

Dorre zaharkituetako beleak

Zure gorpu hotzean

Habiratzen

Aintzira beltzak harrotzen

 

Jeremias, Profeta

 

Urrezkoak basoak

Urrezkoak lautada eta ametsak

Egunak haizeak legez

Magnolio hostoak zeramatzala

 

Novalis, Poeta

 

Oilar gorro doilorra

Erraien sakontasunean

Lanbroa larrazkenean

Itsu galtzen doala

 

 

Trakli bidalitako gutunetik

 

Itsuak gorderik zituen mizpirak

Irakutsi zenizkidan, Georg,

Eta hegazti urtu ginen

Ilargi odoleztatuaren zurrunbiloetan

Ozeano hustuan itotzen ziren

Suge Gorriak ahoratu nahiean

 

 

Nastassja Kinskiren portretari begira

 

Bada oren bat arratsean

Non zure eskua errauts den

Non zure ezpainak amapola zimel

Bada diztira bat oihanean

Non teilak zure azal diren

Non tenplua zure piku

 

 

Springsteen delako bati

 

Lurrari begira gelditu ginen: Hondarra

Eta belar iharrak

Zaldi lainotuen beldurrez

Eskuak eztanda egin zigutenean

Eta ezkutua lurralde beltz bat

Eta ezpatak urkien itzalak

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.