L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Zientzia fikzio motak

 

Eneko Gojeaskoetxea

 

        Fikzio mitologikoa

        Halako ipuinetan, badira jainko edo deabru antzeko izaki batzu, gizonak baino, gizakiak baino ainitzez indartsuagoak. Haiek mundu urrutietan, hots, beste planeta batean ala beste denbora batean bizi dira, eta gure planeta Lurrera itzuli nahi lukete, planetako nagusiak izaiteko, gu suntsitzeko edo menperatzeko. Hortarako, oso ahaldunak eta dohaindunak direlako, gizon batzuen gorputzetara sartzen dira, edo gizon batzu hil eta, haien gogoak —nola esan?— 'irensten' dituzte. Beste batzuk, harrapatu dituztenak bahitzen dituzte, haien planetara eramaiten dituzte eta abar. Hala nola «Hildakoen Uhartea» delako ipuian. Holako ipuietan beste hipotesis bat askotan atxemaiten dugu: gure planetan sorginak deitzen direnak, haiekin harremanetan sartuak direla, beraz zientzia fikzio mota hau fantastikoaren edo ipui herrikoi izigarrien mugan dugu. Baina gertakarien kausak, jainkoen eta sorginen teknikak fisiko-kimikoak izaiten dira. Horgatik zienzia-fikziozkoak dira ipui haiek.

 

        Heroic Fantasy

        Hau ez da batere zientifikoa. Ez da zienzia-fikzioa, fikzioa hutsa baizik! Heroic Fantasy delako hau alegiazko mundu batez ari da. Idazleek ipui berriak moldatzen dituzte. Asmatzen dituzten munduetan, sorginkeria bada, bai eta ere jauregiak edo gazteluak, Erdi Arokoen bezalakoak, harma miresgarriak, dena nahas mahas. Ipui edo ipui segida bakoitzeko pertsonai nagusia gizon harrigarria da, balentri-egilea, hura menturatik menturara joaten da, sorginen, etsaien eta gazteluen erdian beti ibiltzen ari. Eta manikeistak dira holako ipuiak; pertsonai nagusia ona da, haien etsaiak, gaixtoak; ez dago bien artekorik. Dena den, pertsonaiak bortitzak izaiten dira, adibidez Konan Barbaroa deritzana, edo Bilbo eta hobbiten mundua.

        Esan behar da, ederki saltzen dela Heroic Fantasy, filmetan eta haurrendako komikietan atxemaiten dela, bereziki.

 

        Space Opera

        Jendeak zienzia fikzioa deitzen duena, gehienetan Space Opera da. Fikziozko filmarik edo pelikularik gehienak, gaztendako aldizkari edo kasetarik gehienak, Space Operakoak dira. Haietan atxemaiten dira gizon harrigarriak, balentri-egileak, menturak, harma izigarriak.

        Heroic Fantasy eta Space Opera ez dira gauza bera ordea. Space Operak zienziaren teknikak, azaldurak eta legeak erabiltzen baititu. Space Operan ezin baita zer nahi nola nahi konda: kausa zientifikoak, materialak behar.

        Zera deskribitzen du Space Operak. Espazioan zehar, planetetan gaindi, burruka edo gerla giganteak. Harma alimaleak, planeten ezabatzeko hainakoak, harma kunplikatuak, bitxiak, aireontzi handiak... Mundu kaltegarrietan, iguzki xoragarrietan, gizonen, gizakien arteko gerlak, edo gizonen eta lurkanpotarren arteko borrokak. Hasieran, oso kolonialista zen Space Opera: lurtarrak beti onak erakusten zituen, lurkanpotarrak gaixtoak, faltsuak, zitalak, beraz, suntsitzekoak.

        Baina gero aldatu zen Fikzio mota hau, eta gaurko Space Operak lurkanpotar onak eta zibilizatuak, eta Lurtarrak gaixtoak edo zozotuak batzuetan erakusten dizkigu.

 

        Hard science

        Heroic Fantasy, Fikzio hutsa da; Hard Science, aldiz, zientzia hutsezkoa da; harek ez du fikziorik onhartzen. Dena zientifikoki eta xeheki esan behar da. Esan behar da, Hard Science ulergaitza dela, zeren eta hitz zientifikoz, hitz zailez betea baita. Hard Science edo zientzia hutsa delakoak oso errealista iduri du, baina aspergarria bilakatzen da batzuetan.

 

        Politic Fiction

        Politic Fiction-ek ez du politika-teoriarik azalkatzen ez eta goresten. Ez da propaganda gorde bat. Baina gaurko egoera politika baten ondorioak asmatzen entseatzen edo saiatzen da. Eta Politic fictionezko ipuiak ez dira gero urrutian gertatzen. Politic fiction laister, hemendik urte batzu gerta litekenaz ari da. Adibidez Huxleyren «Bai mundu berria» delako liburuak totalitarismo osoan bizi den gizartea erakusten digu. Edo Orwell-en «1984».

        Egoera edo giro politika bururaino joan eta zer gerta liteken kondatzen dute holako ipuiek. Beraz, abisu bat emaiten digute.

 

        Speculative Fiction

        Newthing. Fikzio Espekulatiboa, gaurko fikzioaren izena da. Harek zienzia fikzio klasikaren gaiak, gai erabilienak, bazterrera utzi eta gaurko problema berriez, gaurko arazo berriez ari da: bazter zikintzea edo poluzioa, gizarte teknologikoa, biharko hiri alimalek nolakoak izanen diren, biharko ekonomia, ekairik eza, petrola behin batean egiazki falta balitz zer gerta liteken, jendeketaren handitzea, munduko gosearen prolema, ekologiazko buruhausteak... bada zer konda!.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.