L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —<susa1735>




 

 

Motxilako biblioteka

 

Mikel Antza

 

                «Sei ipuin amodiozko»

                Xabier Mendigaren Elizegi

                «SUSA» saileko 29.a; 1985

        Xabier Mendigaren Elizegiren lehen liburu honetan egilearen luma sorpresiboak eman ditzazkeen fruituetariko batzu besterik ez dira agertzen. Egileak hautaketa tematiko baten arabera moldatu du liburua, ipuin bakoitza bai testuinguruz eta bai amodioa, hori bait da gaia, abordatzeko modua erabat aldatuz. Formalki aniztasuna eskeintzen du Mendigurenek, eta hizkuntzaren menderatzez harrigarria. «22 ebaki» izeneko ipuina dateke borobilena, efektistena, gustagarriena. Bai makabrotasunerako joera nabari zaio hor beasaindarrari; baina horretaz gain zinemarekiko eta txabakanotzat hartu ohi den kultura edo subkulturarekiko gustoa ere antzematen da beste ipuinean. Eta orohar, «happy end»ari muzin egitea. «Nenufare zuria edo lshmir eta Guzmuden ipuin zorigaiztoko eta moralexa mingotsa» izeneko ipuinean agertzen da hori nabarmen. Mendigurenek ez du maite amaiera zoriontsurik, nahiz eta ipuinak ongi amaitzen trebea den. Liburua irakurtzean, irakurtzen amaitzean, saskian hain fruitu gutxi egotea da sentipen nagusia; hori bai, sei fruituak gozoak dira. Zaleak sortuko ditu liburuak, Mendigurenen hurrengo produkzioaren zai geratuko direnak, ziurrenik.

 

 

                «Diario del ladrón».

                Jean Genet.

                Seix Barral, «Biblioteca Breve» saileko 492.a.

        Jean Genetek 1949an «Gallimard»en eman zuen argitara narratibazko lan hau. Honekin «Notre-Dame des Fleurs», «Miracle de la rose», «Pompes funébres», eta «Querelle de Brest» aurreko bost urtetan idatzitako prosazko lanari azken puntu behin behineko ezarri zion, bere luma antzerki lanera zuzenduz. Literatur kritikoek usu nabarmendu dute Geneten prosaren iluntasuna, irakurlearekin komunikatzeko duen zailtasuna. Eta Genetek konzesio ia batere gabe idazten du. Narrazioaren haria, hari batere lineala ez dena bestalde, nonahi hausten du, eta berari idazten ari den une horretantxe interesatzen zaiona kontatzen du, edo ez du kontatzen. Irakurle morbozalea behin baino gehiagotan dezepzionatuko du «Journal du voleur» honek. Literatur erraza, edo erraz irakurtzen dena xerkatzen duena berriz nekatu egingo da. Hortzaka eginez irakurri behar da Geneten liburu hau, miseriaren gorenetarainoko bidaia horrekiko norberak jakingo duelarik zein distantzia ezarri. Literatura, autobiografia, lengoaiaren lilura, krimenaren lilura... Eta bizimodu latza deskribatzeko beharrari erantzunez sortutako liburu bat. Nahiz eta Genetek guzti hori txorakeria besterik ez dela esango zukeen.

 

 

                «Bertso-paper printzatuak»

                Joxe Austin Arrieta

                «Elkar» 39.a; 1986

        Gauzak nola dinen, eta nola gertatzen diren, idazle batek argitaratutako bigarren (edo hirugarren) poema bilduma aurrekoak ezagutu gabe komentatzea ez da apika oso zilegi zientifikotasun kritiko-literario bat zaindu nahi izanez gero. Horrelako asmo haundirik ez dagoenez iruzkin hauen azken helburu gisa, «Bertso-paper printzatu» horiei buruz zerbait esateko, idazteko, gogoari amore eman diot; berorien irakurketaren ondoren Joxe Austin Arrietaren aurreko poesia lana ezagutzeko irrika sortu zaidala aitortuz («Arrotzarenak / Neurtitz neurgabeak» GAK, 1983).

        Zizelkari lana nabarmen agertzen da bertso-paperrotan, horietako askotan. Baina garrantzitsu deritzot eraberean, sentimendu eta eritzien libre jaulgitzeari ematen zaion lekua ere azpimarratzea. Hitzekin jolas egiten du Arrietak, eta jolasaren ondorengo plazerea nabari zaie poemoi askotan. Katxondeorako joera, joera herrikoia, hiztegi landua, batzutan aristokratikoa, forma popularrekin nahastuz, Aresti, Mirande eta beste zenbaiten lanak oinarritzat hartuz sortutako konstrukzioak.

        Lekuonak liburuaren sarereran aipatzen du sintesiarena. Sintesia bai, baina baita ere agian Joxe Austin bere literaturaren baitan arrago pertsonal bat sortzen ari dela. Apunte gisa ere balio lezake «poema politikoetarako» tendentzia ere, arrunta ez delako sorprendentea.

 

 

                «Krokodil bat daukat bihotzaren ordez»

                Itxaro Borda

                «SUSA» saileko 28.a; 1985

        Itxaro Bordaren bigarren entrega honetako azalak asko adierazten du. Izenburuak asko adierazten du. Aitorpena egiten du egileak izenburutik beretik. Aitorpen anbiguoa, hala ere, kokodriloak edo krokodilak hortz zorrotzak baditu ere, malkoak ere botatzen bait ditu. Eta gero ilargiarena. Bordak ez dio ilargi mitiko bati kantatzen. Gizonaren lehen urratsa ilargian agertzen duen argazkia jarri digu azalean. Erromantiko izatekotan, mende honetako erromantiko izan behar...

        Exotikotasuna agertzen digu poemotan zehar, egunerokotasun harrigarriki sintzeroa maiz, autokritika zantzuak. Iparraldeko idazle heterodoxo honen lan gustagarria zeinetan hizkuntzaren erabilpenean trebezia agertzen duen, eta amaieran irribarre ironikoz «geroaz damutuko naiz bihar» dioen... Beste batzu «Ez dago tregoarik» kantatzen dute.

 

 

«Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido.»

        Durangaldeko talde suharrak aurrera darraiki bere aldizkari literario-satirikoa kaleratzen. Euskal Herrian burutzen den lanik freskoenetakoa da «Txistu y Tamboliñ...». Batek ez daki zenbatgarrena den, baina horrek ere ez du gehiegi axola; kontuan hartzekoa dena zenbaki bakoitzak eskeintzen duena da. Eta honetan «y hankaputa, la bizca y la teta prometida» izeneko atal berezia dakarte; atal pornografiko-guarroa eta abarrekoa, IBM, Utretx, Omar Nabarro eta CLG-ren lumatik. «Iruzurra (engañue)» izeneko komikia ere dasta ahal dezakezu eta baila «Oskillaso»rekin egindako elkarrizketa, ipuin, poema eta sorketa lan klasifikaezinen artean.



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.