L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Philip Marlowek begikeinua egin zidanean...
edo porrotaren lilura

 

Antton Azkargorta

 

 

«Dans une société criminelle,
il faut étre criminel»

Sade

 

        Agian, ez da alferrik izango Estatu Batuetan eta 1920-30 bitartean «nobela beltza»ren sorrera markatu zuten baldintzak berrikustea. Urte horietan, nobela literarioaren garapena bere momenturik disdiratsuenean zegoen arren, maila politikoan eta sozialean Estatu Batuak pairatzen hasiak ziren zalantza eta nahaste ugari.

        Sistema perfektoa zirudiena arrakalatzen zegoen eta 1929an, pilatu tentsio guztiek Krak ospetsua probokatu zuten. Eta urte berberori da hain zuzen ere, detektibe nobelatan hain bira inportantea suposatu zuen Dashiell Hammett idazlearen «Red Harvest» («Uzta Gorria») lehen nobelaren argitaratzearena. Sherlock Holmes-en azterketa garbietatik, zientziaren mitifikaziotik, Hammett-en gizartearen kritika zorrotzera, larrialdi edo «angoisse» etengaberarte bide luze-luzea dago. Nobela Beltzean ez da apenas pertsonaia moralki positiborik agertzen eta korrupzioa gauza hedatua da eta normala gizartearen maila guztietan.

        «Lege Sikua»ren urteak dira. Gangsterrak, influentzi trafikoa, korrupzio orokorra... nonahi, eta instituzioak ez daude giro horren bestaldean: polizia eta justizia (ez egiazkoa, Antigonarena, «justizia legezarlea» baizik) ez dira degradaziotik libratzen.

        Eta textuinguru horretan, zenbait aldizkaritan nobela laburrak argitaratzen hasi ziren, betidaniko polizi nobelaren ildotik hasieran eta apurka-apurka, aldatuz, gizartea ordezkatzen eta defendatzen zuen herria, gizartearen kontra kokatzen den antiheroia joango da bihurtzen. Edozelan ere, misterioak hor dirau, asesinoa nor den jakin beharra. Baina egiazko arazoa ez da jadanik hori, nola edo hala, lehenago zein beranduago jakingo bait da; benetako misterioa, herria amaraun horretatik irtengo denentz bihurtu da.

        Argi dago ezetz. Edgar Allan Poe-tik hain irakurria izan den terrore nobelatan legez, sujetoak ez du inoiz terrorea eta angustia sortzen dion sarea apurtzeko kuraia izango.

        Bestalde eta «Far-West»eko nobelatan eta periplo klasikoetan legez, detektibe klasikoak ez bezala, herria burruka-proba sekuentziatan murgiltzen da. Egia jakiteko ez du jadanik ezertarako balio Holmes-en analitika biktoriar hotzak, zientziak ez du apenas baliorik, egia orain gizarte barruko kontraesanetan nahaspilaturik dago, kakartean.

        Dena den, nobela Beltzak diferentzia nabarmena du inspiratu bide deneko «western»arekin konparatuz gero: serie beltzeko nobelaren azkenak, herria bere patuaren hertsidura behinbetikoan eta deusean jaustera darama. «Western»eko sheriffa edo «legez-kanpokoa» soilik irteten ziren kontaketaren hesparru itxitik, periplo berri bat hasteko.

        Halaber, «western» moetako nobela, haurtzaroaren nobela bat da (yankien nazioaren haurtzaroa) baina ez haurrentzako nobela. Bere osotasunean, posiblerantz dago bideratuta. Nobela Beltza aldiz, dena jokaturik dagoen adineko nobela da, eta hor, porrotera bideratutako simulakroak baino ez daude. Eta porrot egite horrek ezarritako moralaren onartze inozoa baino zerbait gehiago adierazten du.

        Detektibeak gizartea kritikatzen duenean, ez du inoiz sistemaren kritika sakonik egiten, ez dio sekula «legea»ri edo jabetza sistemari erasorik egingo, bakarrik kritikatzen ditu sistema ongi erabiltzen ez duten gizabanakoak. Eta horrela, hasieratik bertatik, porrota nahitaezkoa zaio, ez du irtenbiderik, ez du alternatiba errealik aurkezten, porrota bere bokazioa bihurtzen du. Bere kritika, sistema barruko erreformismo hutsalean gelditzen da. Bakarrik etika indibiduala aurkezten du: ez da gizartea gizabanakoak moldatzen dituena, baizik gizabanakoek gizartea.

        Ez da jadanik arrakastak kolekzionatzen dituen «western»eko hernia. Orain, arrakasta teoriko eta puntualak izanik ere, ipar ameriketako gizartearen miseriatan murgiltzean jasotako experientzia mingotsak guztiz estaltzen ditu.

        Horrela, gai bariatuak darabiltza genero honek: hiri ustelaren garbiketa; zorte-unea; azpijokoek («frame-up») errugabe bat gartzelaratu dute: legea txarto dago? Ez, bakarrik epaileak eta legegizonak; patua; autosuntsiketa... —zerrenda hau ez da askoz urrunago eraman behar— azkenean, ia denek desilusioa, eskeptizismoa eta itxaropen eza definitzen dute. Filosofia amankomun bat soma dezakegu guztietan: errebolta absurdoa da eta itxaropen gabea. Baina hala ere, ezin da guztiz ukatu, zeren gertaera gabeko bizitza heriotz antzeko zerbait delako. Eta ez dago, bizirik gaudenean bizitzari uko egitea baino gauza absurdoagorik.

        Gaur egun hain modan jarri den (zergatik ote?) «galtzailearen estetika» faltsua da, klase-porrotetik dator, kolektibitatearen porrota da egiazkoa. Zeren eta, porrot indibiduala ez da inoiz asumitzen, kolektiboa da asumitzen dena. Adibidez, gaur egun langabeziak gogor gaztigatzen ditu gazteak. Eta hori gazte izatearen frakasoa ote? Ez noski. Gazteen langabezia ez da gazte kategoriaren emaitza, hau absurdoa litzateke; errua, lan banaketaren sistemarena da.

        Bestalde, nobela hauen estilo hotza eta zinikoa, eta egituraren arkitektura sinpleak aipatu itxaropen ezaren mezua indartu egiten dute. Horrela, printzipioz ugariak eta heterogenoak diruditen textuek, irakurketa jarraiean irudi definituagoa erakusten dute: homogeneitate bat dago itxurazko heterogeitatearen barruan. Milaka piezatako puzzlea legez, zati pribilegiatuak ditu eta obra anitza eraiki itxuraz, bakarra da.

        Legearen presentzia, lege-ezaren esentzia, beti daude present, eta egiazko heterogeneitatea: errebolta eta sistemaren deuseztatzea, kanpoan gelditzen dira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.