Pardel galaktikoko biblioteka
«Los anafroditas»
Rafael Castellano.
Ttarttalo.
Ez dakigu noraino edo zenbateraino zaigun zilegi nobela hau sail honetan sartzea. Hau ez da inondik inora zientzia fikziozko nobela, baina Susako ale hau ere ez; ez erabat behintzat. Nobela honek baditu ordea, futurista dei daitezkeen zertzeladak, ikuituak, halako kutsu berezi bat.
Hasiera hasieratik CAPTVko sukurtsala azaltzen zaigu (Caja de Ahorros del Pueblo Trabajador Vasco), eta halako flash indartsu bat jasotzen duzu burmuinean. Gero konturatzen zara hau ez dela nobela politikoa, baina tarteka-marteka soziopolitika, erotopolitika, folkpolitika eta antzeko izen bitxiez bataia genitzakeen pasarteak aurki ditzakezu, R. Castellanori horren gogozkoak zaizkion sinbiosi, korapilotze eta adar jotze horien adierazgarri.
Nobelako gai nagusia sexua da, bere esanahi zabalean. Itxurazko leif motif holaxe idatziko luke Faletek nabarmenenak «el Follador Gusticiero» ezizeneko superdohaitua eta anafroditen hau da, sexugabeen tekno sekta etilikoa ditugu. Guzti horren atzetik badira beste asmo batzuk ere. Idazle madrildar-debarrak aitortzen digu pairatzen ditugun beatokeria desberdinen kritika egin duela ia nahi gabe: beatokeria sexuala, autonomikoa, pornografikoa eta abar. Naif bezain gaizto agertzen zaigu egilea zeregin hauetan: pentsamendua menderatzen saiatuaren poderioz «Estado español» esan ezik pentsatu ere egiten zuen Ertzantzako ofiziala aurkezten digunean, edo Irungo muga zeharkatzeko pasatu beharreko kontrol eta polizia mota ugarien berri zehatza ematen digunean, esate baterako.
Horrez gainera, hizkuntza bera da azpimarragarria. Ezaguna dugu aspaldi Rafael Castellanoren prosa barrokorako nolabait deitzearren zaletasuna. Hemen areagotuta agertzen zaigu joera hori, luzatu ahala luzatzen diren perpausekin, hainbeste excursus sartzearen ondorioz aditz nagusia non zegoen eta zer zioen ahazten zaigun esaldiekin. Hori, jakina, nahita egiten du, eta bada bertan nahitaezko punto eta aparteek agintzen dizkiguten estilo liburuen kontrako mendekua, berak adierazten digunez. Izango da hizkera hau zailtzat jota liburua baztertuko duenik, baina badakigu Castleman beti izan dela errazkerien etsai.
Espainieraz idatzitako elaberri bat beraz, euskal erreferentziez beterik, nolabait eta batipat baskoak izan nahi lituzkeena irakurle. Esan dezagun halaber, gustokoa gertatu zaigula Nagelen azal fosforotsua.
«Hermes»
Gregorio Muro «Harriet» gidoigilea.
Jose Manuel Mata marrazkigilea.
HABE. Habeko Mik aldizkariaren 5. ale berezia.
Honako hau HABEk euskara ikasten ari direnen lagungarri argitaratzen duen komiki aldizkariaren 5. ale berezia duzue. Aipatu besterik ez dugu egingo Habeko Mik komikizaleei nahiz euskara ikasleei apenas mesederik egiten dien alperrikako diru xahutzea iruditzen zaigula. Hori alde batera utzita, esan behar dugu ale bereziak arruntak baino dexente interesgarriagoak direla, guk uste, eta hauxe litzateke beharbada, orain artekoetan borobilduena.
Genetikaren iraultzaren ildotik abiatzen da geroaldi zehaztugabe batean kokatutako ixtorio hau. Bertan hondamendi nuklearraren osteko gizateria bi gizartetan banatua azaltzen zaigu: emakumezkoak alde batetik eta gizonezkoak bestetik, elkarrekiko lehia bizi eta gerla izkutu samarrean.
Harriet «Sorgin seinalea» eta «Arraza madarikatua» komikien gidoigile, besteak beste jabetzen omen da bere planteiamendua neurri haundi batean karikaturazkoa dela, eta gertaera asko gehiegizkoak. Berak ordea nahita egin du, eta bere helburua gizakiaren manipulazioaren salakuntza egitea bide da. Horretarako eta giza duintasunaren aldeko aldarrikapena egiteko matxismoaren eta feminismoaren kontra agertzen da.
Guk, egia esan, ez dakigu bi gai horiek zerikusi haundirik ote duen; horrez gainera, gidoia egoki kontaturik dagoela esan behar, erritmoa bizia eta ederki zaindua dela, gustora eta eserraldi batean irakurri dugula. Horretan noski, laguntzen du Mataren marrazkiak. Honek Jimuren «Lau zaldun» ipuinarekin egindako komikirako bertsioa ezagutzen genuen, eta gustokoa zaigu bere lana. Egileek aseptikotasun itxura eman nahi izan diote gizarte futurista horri, eta marrazki txukun, garbi eta kolore lanen bidez lortzen dute xede hori.
Batekoz beste saio interesgarria deritzogu honoko honi, gaur arte bederen euskal komikia alor honetan aritu gabea izan dela ahaztu barik.
Bukatzeko, aipa dezagun euskararen irakaskuntzan erabiltzekotan 5. eta 6. urratsetako ikasleentzat dagoela pentsatua hizkuntz maila, eta badituela orri barreneKo azalpentxoak ere.
«Tierra!»
Stefano Benni.
Anagrama. Contraseñas saila, 84. zenbakia.
Barcelonako «Anagrama»k azken honetan argitara emandako elaberri honek ematen digu hizpide. Egilea Stefano Benni dugu, kazetari eta poemagilea, eta bere lehen nobela den «Terra!» hau munduko kultur hizkuntza nagusietara itzulia izan da urte gutxiren buruan. Eta, benetan diogu, liburua irakurri ondoren ez gaitu batere harritzen boom horrek.
Lan hau zientzia fikzioan kokatzea xinpleegia litzateke, nahiz horretatik ere baduen. Argumentuaren hari nagusia ematearren, esan dezagun munduak beste lau gerla nuklear ezagutu eta gero izotzaldi eta energi eskazia izugarria pairatzen dituela 2157an. Mundua hiru potentziatan banatua llago: Federazio Sineuropearra, Jeke Aramerrusiarrak eta Samurai Erresuma teknomilitarra. Izarretan galdurik bizitzeko baldintza egokiak eta energi iturri aberatsak dituen planeta berri bat dagoelako mezu ilun bat iristen da, eta hirurak abiatzen dira espazioan zehar haren bila.
Hori ez litzateke aitzakia baino. Liburu honek balio ugariak ditu, eta garrantzizkoena ene iritziz ixurtzen duen umore birrintzaile eta etengabea. Umorea pasadizoetan, elkarrizketetan, deskribapenetan eta are izenetan ere nabari daiteke: New Yorkgrado bezalako hiriak, edo Showspotshow telebista eta barne arazoetarako ministraria, beste mila batzuren artean.
Umorearekin batean, azpimarratzekoa litzateke fabulatzeko duen joera izugarria eta dohai aparta: argumentu nagusia era guztietako ehundaka ixtorio bitxiz josita eta tartekatuta dago. Narraziorako libertate osoa eta kontatzearen plazerra, urrunetik ezer gogoratzekotan «Don Quijote»ren lehen partea ekarriko ligukeena burura.
Gainerantzean, elaberriaren egitura laua da nahiz badituen beste hamaika punto aipagarri: esate baterako, liburuan bertan jeroglifiko grafikoak sartzeko zaletasuna, non Umberto Eco-ren «Il nome della rosa»ren zordun ageri den. Bestalde, ugariak dira oso kultur erreferentziak, eta lur berria deskubritzea bezainbatekoa ez bada ere atsegin haundia ematen dio irakurleari beroriek deskubritzeak.
Liburua ez doa inondik ere profeziaren ildotik, baina ematen dituenak garbi dago gaurko irakurleari esaten dizkiola, hala nola Disney Armyk Disney Island eratzeko Cuba konkistatzen duenekoa, edo Jagger eta MacCartney izeneko industrigizon ultraaguretuek musika multinazionalak kontrolatzen dituztenekoa...
Den-dena ere ona izatea gehiegizkoa izaten denez, esan dezadan neri behinipein nardagarri samarra gertatzen zaidala liburuari darion europazentrismoa; horren aldamenean berriz, nabarmena da kultura zaharrekiko erakutsitako errespetua, pseudomistikoa izan arren.
Konturatzen naiz axaletik ari naizela, ezertan ere sakondu gabe, baina dudan tokiak ere ez du besterako paradarik eskeintzen. Beste hainbat ezaugarrl aipatu gabe utziz, irakurlearen esku geratzen da neri zinez aspaldi honetan irakurritako libururik politena iruditu zaidan honetako altxorrak daztatzea.
|