Kosk egiok hik ere
Mikel Antza
Zaindari Nagusiaren gelako ormak zirkuito-itxiko monitorez josiak ageri ziren. Hotsik gabeko irudien argi urdinskak tindatzen zuen gela-barneko aire hertsia. Besaulki jirakorrean jezarririk Zaindari Nagusiak ezpain gozatsuz dastatzen zuen paradisuko fruituez eginiko koktela. 45TZK bere robot zerbitzari pertsonalaren azken asmakizuna. Goxoa zegoen! Paregabea! Ezin hobea zela pentsatzekotan egon zen Zaindari Nagusia, baina aurre-ikus ezinak ziren 45TZK-ren abileziaren ondorio anitzak.
Lanbide errazik bazegoen unibertsoan, huraxe zela pentsatu bide zuen Zaindari Nagusiak, zeina, bestalde, Begi Handi goitizenez ezaguna zen. Zaindu besterik ez zuen egin behar. Monitore zenbakaitzei, txandaka erreparatu, erreparatu, so egin, begiratu... Hori bai, zaindaritzara iritsi aurretik lana frango, eta izerdi litro asko botea zuen. Guztia, unibertsoa, inongo porturen bila joan barik, zeharkatzen zuen espazialuntzi digante hartako biztanleek buruhausterik izan ez zezaten.
OOOOAH6=9PL monitorean giza bikote eder bat larru joka ikusi zuen. Alboko monitorean haur bilo horiak, ebanoaren kolorezko azala zuten beste haur batzurekin bainuko jolasean begiztatu zituen. Sapaiko monitoretan altzairu eternalez eraikia zegoen espazialuntziko korridore luzeak ikus zitzakeen. Kuadrila bat igaro zen kantuan sagardotegiruntz... Nola maite zuten espazialuntziko biztanleek sagardoa! Nola! Sinestezina litzateke, sinestezintasuna espazialuntzian keria bat ez balitz.
Zaindari Nagusiak berriz sagardoaz ase nabari zuen bere gogoa, eta edaria exotikoetara jotzen zuen neurrigabe. Azken zurrutada eman zion kikarari; emakumeen pabiloieko entseguak kontenplatzeari ekin zion. Sagarraren dantzaren urrats betierekoak saiatzen zituzten aurreko mendean jaio berri ziren neskatoek. Sagarraren Egunaren ondoren espazialuntziko biztanleria sanoa berrekoizteko prest izanen ziren. A...! Zein eder ziren. A...! Zein eder zen bizitza... berriro. Garai ilunak, aro gaiztoak, denboraldi kaskarrak iraganean galduak ziren, eta helmugarik gabeko bidaian zoriona zen ezagutzen zuten parametro bakarra.
Erretiroan pentsatzeko ordua ere iristen ari zitzaiola esaten zion ahots txiki batek Zaindanari, han, bere garun portentosoaren barrenean. Eta, berak, irribarre bondadotsuz erantzuten zion, telepatikoki, «bai, bai, badator ordua, baina goza ditzagun une eder hauek, ezerk oztopatuko ez duen etorkizunerako bidaia honetan». Eta 45TZK robotak aurrekoa baino are deliziosoagoa zen koktela ekarri zion marfil arrosezko kikara batetan. «Hi haiz, hi» pentsatu bide zuen Zaindari Nagusiak. Eta 45TZK robotak, haren burutazioetara ohiturik, bere engranajea makurrarazi zuen ereberentzia irringarriz.
Emakumeen pabiloian Hem-nek-zeba neskatxak ez zion dantza irakasleari kasu gehieerik egiten. Ikasle ona izaki, bideo projekzioetan ikusitakoarekin ikasi beharreko guztia ikasia zuen. Bere txanda iristerakoan, saioa egin zuen eta guztien begirune alaitsua jaso zuen. Irakasleak promena zedin baimena luzatu zion, eta txoritxo baten jauziak eginez abiatu zen pabiloitik at. Zaindari Nagusiak ongi asko ikusi zuen, eta koktela gustagarriagoa iruditu zitzaion neskatila ikusiz.
Hem-nek-zeba sagardotegiruntz abiatu zen. Bazekien bai han izanen zela Hek-leb-hadamn, Sagarraren Egunaz geroz bere esposoa izanen zena, bere esposo maitatua. Bertsoaren azken ahapaldiak jaso zituen haren ahots sendotik, eta entzulego adiak min hartzeraino zartatu zituen eskuak, aupadaka hasiz, txapelketa baino lehenago ere txapeldun proklamatuz. Izan ere, Hek-leb-hadamn zen bertsolari txapelketarako faboritoa, hurrengo belaunaldian bertsolarien errege izendatuko zutena. Apostuek behintzat bere alde jotzen zuten. Eta espazialuntzian irabazlearen alde egiten zen beti apostu, apenas zekiten arriskua zer zen. Ziurtasuna zen birtuterik orokorrena.
Zaindari Nagusiaren ahoan koktelak zapore bizia hartu zuen gaztearen bertsoak bere garunean aditzerakoan.
Hem-lek-zebak sagardotegi zuriko zoko batetara eraman zuen Hek-leb-hadamn. Mu eman zion lepoan, eta mutikoak barre egin zuen zoriona erraietan barrena isurkai bero bat bezala hedatzen zitzaiola nabarituz. Zaindari Nagusiak, mutikoak hori sentitzearekin poz hartu zuen.
Zer habil? galdegin zion mutikoak beti bezala.
Hire bila etorri nauk erantzun zion neskatoak.
Nahi al dun tragoska bat gonbidatu zuen mutikoak.
Ez, nirekin etor hadin nahi diat modulatu zuen misteriotsuki neskatoak, begietan sekula santan espazialuntzian inork ikusi ez zuen distira pizten zitzaiola. Zaindari Nagusiak koktela marfilezko kikaran eta bere urdailetan usteltzen ari zela nabaritu zuen, eta urduri, bere buruari otoitz egin zion gertatu behar zuena gerta zedin beldurrez.
Begi Handik sagardotegitik ertetzen ikusi zituen, eta 45TZK-ren koktel asmatu berria errefusatu zuen pentsamendu batez. Aurrerantzean bi gazteen ibilera erakusten zuten monitoreak baino ez zituen begiratu, gero eta urduriago, beti errepikatzen den ameskaizto baten aldaera begien aurrean bailuen.
Ezkerretara jo zuten lehendabizi, gero eskubitara, goiko solairuetara zeraman tele-transportagailua hartzeko. Beti ere mutikoa neskatoaren urratsei segika. Jakinmina zenik ere jakin gabe, jakinminez beterik. Neskatoak irri egiten zuen. Eta beren bidean gurutzatzen zirenek ere irri egiten zien espero zien deskraziaz ohartu gabe, batere ohartu gabe gainera, gizajoak.
Negutegira iritsi ziren. Hek-leb-hadamnek ongi zekien hori, Natur Zientzietako ikastaroan hara eraman bait zuten, buruz zekitzan han zeuden landare, arbola eta belar guztien izenak, guztiak ikusi, ikertu eta dastatu zituen. Edo hori uste zuen berak behintzat. Hem-nek-zebak, mutikoak gutxien espero zuenean gainera, ohizko bidetik aldentzen zen korridore bat hartu zuen.
Zaindari Nagusiak gertatu behar zuena aurreikusiz, ziurtasun taldeko goardiarik iaioena agertzen zuen monitorera begiratu zuen zuzen. Hura zen bere esperantza bakarra. Esperantza aski hutsala bestalde, neskatoaren erabakia eta edertasuna kontuan hartuz. Eta kontuan hartzen zituen Zaindari Nagusiak une larrietarako panel jadanik ahantzian botoi gorri bat bistaz bilatzen hasiz.
Goardiak neskatxa agurtu zuen, neskatxak proposamen ilun bat egin zion. Goardiak neskatxa laztandu zuen begiradaz. Gero mutikoa. Eta onarpen mutuz mugitu zuen burua. Gero, ate debekatua zabaldu zien.
Gela barruan iluntasun berdea zen nagusi. Gero, gutxika-gutxika, sapaietik jausten zen argi-hari baten bistan Hek-leb-hadamnek bere bizitza guztian ikusi ez bezalako arbola eder bat agertu zen.
Banekien! Banekien! zioen ahapeka Hem-nek-zebak.
Korrika abiatu zen fruitu borobilez zamaturiko arbolaren baranora. Hatz luzeskak inguratu zituen adar sendo batetara eta fruitua hartu zuen eskuen artean. Ahora eraman eta kosk egin zuen.
Hemendik ateratzen duk sagardoa esan zion mutikoari aho betez.
To! Har ezak, egiok kosk hik ere, ikusiko duk zein gozoa den.
Mutilak aho zabalik so egiten zuen arbola, ezdaposibleka. Esku artean jaso zuen azul gorrizko sagarra eta haragi zurian kosk egin zuen, fruituaren zaporeak bere bertsolari senean oihartzun kasi ahantziak bizkortuz.
Une horretan, Zaindari Nagusiak, botoi gorria sakatu zuen, eta Hem-nek-zeba eta Hek-leb-hadamnek basamortu gotor batetan aurkitu zituzten beren buruak. Neskatoak apenas zekien urrats bat bestearen ondotik ematen, eta mutikoa hitz-toteldua zegoen. Han goian, nonbait, inorako bidaian, Zaindari Nagusiak bere buru soilduko ile urriak maseatzen zituen, negarzotin-telepatikoka zioelarik:
Ez dago etorkizunik benetan, berriro ere hasi beharko dute eta sagardozale dantzarien leinua madarikatu zuen hamabi bat bertso inprobisatuz.
|