Gutun poliglotak
Mikel Antza
I
Vitoria-n, 1937ko martxoaren 30an
Meine Liebste, Gratchel
Ez hadi hire Walter kuttunarekin haserratu. Lan ugari izan dinagu azken egunotan, eta orain ere, azken orduko prestakuntzek permititu didaten lasaiune batetan idazten dinat. Ez dinat nahi gauza txarrik pentsa dezanan, badakin eta nola izaten diren gauza hauek. Orain bi egun ailegatu gara hona, base berrira, eta egia esan aspertzeko betarik ez dugu izan. Libertitzekorik ere asko ez dugun bezala. Arratsean garagardo batzu edaten dugu kantinan. Hirea bezainbat nabari dinat gure garagardoen hutsunea. Txantxetan ari naun, pottola! Hi zer modutan habil? Eta gurasoak? Emaizkien eskuminak nire aldetik; eta ahal izanez gero hoa ene amoña zaharrari bisitalditxoa egitera, badakin asko maite duela hirekin mintzatzea; aitonaren gerra-pasadizoak kontatzea. Esaion bere Walter ongi portatzen ari dela. Ba al dakin nor dagoen eskuadroi berean? Ez hunake sekulan asmatuko: Hans. Gogoratzen al dun joan den udaran Wilhelmshaven-eko hotelean topatu genuen Hamburg-eko mutila? Ziur ez dunala ahaztu, ni amorraraztearren begi ederrak zituela esan hidan-eta. Berlinen bakarrik hagoela pentsatzen dudanean hiltzeko gogoak sentitzen dizkinat. Asko maite haunat, itzuleran jan egingo haunat, orduan ikusiko den zer den... Beno Gratchel, deitu egin gaituzte, banoa, bihar edo etzi operazio bat dugu. Denbora puska batez nire gutunik jasotzen ez badun ez hadi larritu, jo eta ke ibiliko gaitun-eta. Polita al dago Berlin? Muxu handi bat hik dakinan tokian,
Walter
P.S: Ahantzia nuen, hau da nire helbide berria, «J.88 Eskuadroia. Hotel Frontón. Vitoria. ESPAÑA». Idatz egidan.
II
Bilbon, 1937ko urtarrilaren 20an
Tovaritch Nikolai,
Kristoren atxurragaz eskribiduten diat lagun maitea. Hemen dinoten lez: lostiadok, edo holango zerbait. Gure egoera lamentable xamarra dok (nire kaligrafiaren morukoa, bestalde). Gero eta gitxiago ulertzen deuat zertarako igorri gaituzten hona. Gerra zikin honegatik ez balitz, hiri hau mundiala dela esango neuake. Herrira bueltaten banauk noizpait kontatuko diat hemengo berri detaile osoz. Orain, benetan zer eskribiduten ari naizen ez dakidala. Pesta izan dogu bart. Egoera gatxa dok. Beno, hori ere edan, barka, esan deuat. Baina benetan holangoa dela egoerea. Guk ez dogu gose larregi pasaten. Ondo portatuten ari dira gurekin. Atzo aurreskua dantzetan ikasi neban, eta nik gure dantza batzu irakatsi nien hemengotarrei. Faxisten abioi bat botatzen lortu genduzan. Eta uste deuat horregatik izan dela pesta. Baina akaso ez. Beste zerbaitegatik. Erranen didak ez deuadala deus erraten. Zer nahi dok ba! Nire amorioak kondatutea? Orain berton ene ohantzea bero zegok! Hortaz aparte gitxi. Siberiako hotza egiten duela dinote hemen, baina hauek ez dabe Siberia konoziduten... Mila demonio!, hemengo edariak ez ditut batere gustoko. Nire «Polikarpov-I-15»a vodka tragu baten trukean emanen neuke. Gorantxixak etxekoei tovaritch!
eta besarkada iraultzaile eta sozialista bat hire lagun
Valla-k
III
Hendaye-n, 1937ko apirilaren 28an
Mon vieux André,
Ezinak estutzen du nire nahia. Gutun inprobisatu hau egiten dizut guganaino iristen diren berri gero eta zehatzagoen andana amaitu ez delarik oraino. Gure kafetegi hitzaspertuak zein gorrotagarri egiten zaizkidan orain eta hemen, Espainiarako mugan, ezin adieraz dezaket literatur artifizio guztia erabilita ere. Espainiako gerlatik iristen zitzaizkigun berriek eraginda aldegin nuen Parisetik, zuri abisua helerazteko modurik topatzea presak eragotzi zidala. Arazo honekin ni bezain arduratuta zaudelako zuzentzen natzaizu, bai bait dakit jakin ez zarela batere ezaxolati justiziari dagokion ezein aferen aurrean. Berria hauxe duzu: Gernika, euskaldunen ohituren sinboloa den herri ttipia faxisten bonbenpean suntsitu dela. Izugarrizko sarraskia egin omen dute merkatu eguna bait zen herrian, eta ingurutako baserritar piloa omen zebilen kaletan faxisten abioiak agertu eta beren bonbak askatu dituztenean. Pentsatzen dut hango egunkaritan agertuko zela berria, baina badaezpada ere René-ri berria heleraz diezaiozun erregutzen dizut. Askatasunaren izenean egitea otutzen zaidan gauza bakarra da, mugan ezin pasaturik bait nago, eta herri sarraskitua bisitatzea ene desioa bada, oraingoz kunpliezin den desioa duzu hau, André. Zerbait egin behar da. Zerbait egin behar dugu. Saia zaitez «Quartier Latim»eko kideak biltzen eta gertaera kondenagarri honen aurrean zerbait egiten. Ez dakit ongi ohartuko zaren gertaeraren larritasunaz, baina zerbait egin behar duzue. Besarkadarik beroenaz, besterik gabe, agurtzen zaizu, zure betirako lagun,
Paul
|