L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Metraila puskak

 

Goizean esnatzerakoan gure aurrenengo kezka zerura begiratzea zen, oskarbi zegoen ala ez jakiteko. Horren arauera suertatu ohi ziren-eta hegazkinen inkursioak. Egun hartan hodeirik bazegoen barreiaturik, baina bagenekien ezin egon gintezkeela lasai.

Maria Badiola

 

Emisora faxista bat aditzen genuen. Gero eta gertuago gertatzen zen borroka. Eta «vamos a dejar Guernica tan llano como mi apellido» esaka mehatxatzen gintuen Queipo de Llano-k.

Isaac Barandiaran

 

Amak merkatu postu bat zeukan Paseo de la Unión-eko arkupetan. Hainbeste kanpai hotsek beldurtu egin zuten gure zakurra eta amaren gonetan ezkutatzen saiatzen zen. Ama ere ikaratuta, itxi egin zuen postua goizetik, zakurrak gidatzen zuelarik errefuxioetara isatsa hankatartean gordez.

Gurutz Artetxe

 

Goizean Munitibar, Mendata eta beste herriska batzu bonbardatu zituzten frenterako beren bidean, eta gure herria ere erasoko zutela somatu nuen. Halaxe, Bilbotik merkatura etorri ziren nere amari eta arreba bati adierazi nien lehen bait lehen bazkaldu eta Aixe-errotara joan nahi nuela. Geratu nahi izan zuten, elizako kanpaiak entzun ahala gordelekua bilatzeko nere aholkua ahaztuko ez zutela zin eginda.

        Aixe-errotako mendi tontorrean abioien agerraldiak abixatzeko zeuden zelatariekin nengoen. Haietako bat begiematean suziri bat bota eta bandera aireratzen zuten Santa Maria eleizako kanpaiak jo zitzaten. Abioi bat ikusi genuen ibaiaren ubidea jarraituz zetorrela, bira egin zuen Aixe-errota ejetzat hartuta Gorozikaraino, herria inguratuz. Frenteko esperientziaren arauera, ohizko errekonozimenduzko hegaldia izan behar zuen, nahiz eta gure harridurarako bonbarik jaurti zuen. Harrez gero, zelatari postua begiemanda, ez zegoen non ezkutaturik.

Imanol Zubiaurre

 

Garbi iratzarri zen eguna Gernikan. Behin eta berriro somatzen zen abiazioa Kalamuako frentean, gure herrira gerturatzekotan balego bezala. Elizako kanpaiek iragartzen ziguten. Arma fabrikan egiten nuen lan, zeinaren atzean hormigoizko errefuxio bat eraiki zuten. Handik begiematen genituen abioien joan etorriak, ingurunea ametrailatzen zutela ikusiz. Arratsaldeko laurak aldean hasi zen guretzako desastrea: Oiz menditik barrena hurbildu zen abioiak itzuli erdi bat egin eta Aixe-errotarantz abiatuz lau bonba jaurti zituen, lau eztanda.

Fernando Totorikaguena

 

Ur-gaineko estoldaraino heldu nintzen. Bertan sartu ziren batzuk eta arbola itzel baten gerizpean etzanda geratu ginen besteok. Lutxaurrandiko bat etzan zen nere eskubitan, Foruako beste bat ezkerretan, hemezortzi urteko Elantxobeko neska gaztea eta bere izeba oinak nere buruaren kontra zituztela. Neskari txanpon zorro bat eman nion ahoan sar zezan. Eta Andoaingo ferrobiario errefuxiatu bat ere gogoratzen dut geure ondoan. Bonba bat erori zen halako batean estoldaren ertzean. Belarriak zulatu zitzaizkidala uste izan nuen danbatekoarekin, eta minutu batzu geroxeago bueltatu nintzen nere senera. Bazihoazen abioiak. Burua altxa eta Lutxaurrandiko Joxe ikusi nuen. Arestian eman nion zigarreta horia erori zitzaion, odol jario hari bat ahotik. Osorik zegoen bere gorpua. «Joxe hil egin da» egin nuen garraisi. Baina besteek ere ez ninduten entzuten. Hotzak hartu ninduen astiro, konortea galtzeraino.

Fernando Totorikaguena

 

Ahoa ez ixteko gomendatzen ziguten gudariek, etengabeki zabaltzeko, itxiz gero barrundik lehertzeko arrisku handiagoa zegoela-eta.

Basilia Urtubi

 

Ahotik odola zeriola ekarri zuten besotan jasoa. Mediku eske zebiltzan, baina erasoen poderioz ez zen laguntzarik lortu ahal izan. Dena den, leherturik zegoen barrendik...

Jone Gandarias

 

Txandaka ailegatzen ziren abioiak, batzutan hamar-hamabost bat, oso behetik irristatuz. Pilotoak eta guzti ikusten genituen. Junker-ak hiru motordunak eta beltzak, Heinkel-ak argiago eta bi motorrez. Eta kaza gehiago hurbiltzen ziren gero, jo eta ke ametrailatu beharrean. Metrailaren diztirak antzematen ziren adarrak kimatzen.

Jon Monasterio

 

Hain behetik pasatzen ziren, ezen gurutze gamatuak eta guzti ikus bait zitezkeen. Ostera, antiaereo bakar bat baino ez zegoen, Agustinotan paratutakoa. Heinkel bimotore, Junker trimotore eta Spifire kazentzat ez zen arrisku koskorrik. Pikadoan jeisten ziren isilik, metrailatu ondoren berriro ere igotzeko, burrunbatsu.

Benito Uberuaga

 

Nire bizitzako gomutapen ikaragarriena beti gogoratzen dut. Abiadorea ikusten nago, antioju beltz haiegaz, hagin zuri handi haiek, irribarrez. Akaso ez zen irribarrerik izango, baina nik irribarrea ikusi nuen aho eta ezpain haietan. Nola ametrailatzen gintuen madarikatuak! Bonbak jaurtikitzen hasi ziren segidan, eta Arana kontearen errefuxiora korritzeko esan ziguten.

Deunore Labauria

 

Ahal izan genuen bazterretatik igarotzen ginen Santa Mariako errefuxioraino. Ez ziren zotinak eta aieneak besterik entzuten, laguntza eskasenek ere baretu ezinik. Lehertu gabeko makina bat bonba agertzen ziren han hemenka. Laffite bonbak, suemale ttikiak.

Benito Uberuaga

 

Arana kontearen etxeak fantasma jauregi bat zirudien. Suak hartu gortinak haizatzen ziren leihoetatik kanpora, bapatean ezkutatu eta berriro ere mamuen gisan agertzeko.

Miren Izagirre

 

Jakatxo gorri batez jantzirik neraman besotan nere haurra. Jaka eranzteko gomendatzen ziguten errefuxiatuek, hain behetik zetozen abioiak ezen aise begieman ahalko zuten. Hala egin nuen, haurra belar artean gordez.

Paula Ormaetxebarria

 

Nigandik metro gutxi batzutara amona batek besotan zeraman bere biloba. Amona ametrailatu eta bertan behera erori zen, haurra bizirik gordez. Haien alboan ametrailatu zuten gipuzkoar bikote bat baita ere, eta aurreraxeago halaber Orue baserriko gazte bat. Ez dakit zenbat denbora iraun nuen hantxe. Oinez ailegatu nintzen etxera, eta galderez ito baninduten ere, mututurik eseri eta gertatutakoa burutik uxatzen saiatu nintzen alferrik.

Mikaela Agirre

 

Ibarra zeharkatu eta Pirineotatik barrena abiatu nintzen etxeraino. Suntsiturik zegoen, eta lurrean zetzan armairuaren barnean lehertu ez zen bonba bati erreparatu nion, erropa tartean xartaturik.

Paula Ormaetxebarria

 

Azokan, hilik zeutzan makina bat alimale lurretik. Eta baita gizakiak ere, abereak lotzen ziren burdin barra gainera jauzirik. Ametrailatuak oro.

Mertxe Gartzia

 

Kaleak zaborrez gainezka zeuden, kableak lurretik barrena. Deslai korritzen zuen jendeak nora ezean. Basterretxearen gorpua ikusi genuen Errenteria zubipean flotatuz, marea beherak harat honat zerabilelarik. Bonba lehertu zen tokia ikusi genuen. Bere egitura agerian geratu zen txikituta. Gaur egun ere metrailarik izango da bertan.

Joseba Onaindia

 

Gauez Luno-ko errepideko estoldatatik hilotz eta gorpuki ugari ateratzen zituztela ikusi nuen. Iladan paratzen zituzten Ariz-en txaletaren aurrean, portikoaren parean. Ez ziren aurpegiak antzematen, emakumezko ala gizonezko ote ziren jakiteko erropatan erreparatu behar izanik. Batera eta bestera begiratu eta sutan zen dena. Neron-en sasoiko Erroma zirudien, mundu guztia alde batetïk bestera korrika, senideei deika, orroeak eta zotinak errefuxioetan, eta ezin zitekeen ezertxo ere egin.

Mikel Rementeria

 

Errefuxioaren goiko ahoa zerratu zuten lehenengo bonbarekin, alderdi biak. Hantxe hil ziren ehundaka, irten ezin. Gero esaten zuten, handik egunetara ere garbitzaileek garraisiak entzuten zituztela zakarren petik.

Andresa Idoiarago

 

Herrira itzuli ginen hurrengo egunotan ere. Agerian geratu hilotzak erretiratu zituzten zegoeneko, nahiz eta artean etxeak sutan jarraitzen zuten. Zortzi-hamar egunetara hasi ziren garbiketa lan luzeak. Baserritarrek idi gurdiz eramaten zituzten hilotz zein gorpukiak, zakarretatik ateratzen zituzten ahala. Egundoko kiratsa zerion giroari. Granoz josita esnatzen ginen eta izurriteak izan ziren. Maiz txertoak ipintzen zizkiguten arren alferrikako suertatzen zen.

Agustina Malaxetxebarria

 

Francoren tropak sartu ziren jada herrian. Galoi pilo bat zeramatzan aleman bat hurreratu zitzaidan behinola ogia erostera nindoala, eta zilarrezko ogerleko bat eskeini zidan. Bolada haietan ez geneukan ahora zer eramanik, baina uko egin nion txanpona eskuratzeari, bere intentzioen mesfidantzaz. Eta hala ere behin eta berriz hurreratzen zitzaidan segika. Baita nere senarraren presentzian ere, gure konfidantza irabazi nahirik. Gazteleraz mintzatzen zen zertxobait, eta laguntzatxo hura alferrik galtzen ez uzteko erregutu zigun. Onartu egin genion ogerlekoa azkenean, seme bakoitzari bi pezeta banatzen zizkiolarik gainera.

        Segidako egunotan ere bixitatu gintuen, mixeria hartan gure sostengu bilakatzeraino ogerlekoz ogerleko. Gero eta hiztunago agertzen zen. Eta Teniente Coronela zela jakin arazi zigun. Gernikako bonbaketan parte hartu zuela eta izuturik zegoela burututakoaz. Engainatuak izan zirela. Alemanian erlojudenda bat omen zeukan bere familiak. Militar kontratua lehen bait lehen bukatzeko desiratzen zegoen, hara itzuli eta lanari ekiteko.

        Haur ttikienari zera galdetzen geniola gogoratzen dut: nola egin dabe hegazkiñek? Eta haurrak besoa luzatu eta behatzez ametralladora bati tiratuko balio bezala: ta-ta-ta-ta-ta-ta-ta. Alemanak asko sufritzen zuen, baina sarritan galdetzen genion geuk haatik.

Iñaxi Zabala

 

Sarritan pasatzen naiz Murueta aldetik, eta ezia izaten dut gure gereizi-ondo salbatzailea begiratu gabe utzi, zaharkitua honez gero, hosto barik. Bizirik dirau hala ere gure oroimen tristearentzat.

Jone Gandarias

 

Orain, Gasteizko aireportura behin baino gehiagotan joan izan naizelarik, Oiz mendiari so geratzen natzaio. Buruz segitzen dut abioien hegaldia Gernikarantz.

Rafaela Madariaga

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.