Ez zuten ama lurra merezi
Maialen I.
Goiz nabarrak mendi lerroa zehaztearekin batera mailadian gora herriko plaza nagusian eraikitako urkamendira jaso zutenean jabetu zen gerta zekiokenaren tamainaz. Ezin bestean atzera geldituak ziren haurtzaroko jolasak, gaztaroan neskatxek eskeinitako lehen irrifarrak eta inuzentzia galduez geroztik beharrezko izan zituen trapukeria eta zurikeriak, azken ordu haietan asko balio izan ez bazioten ere, herrenka zoroan igaro zitzaizkion begien bistaz harunzkaldetik. Haurtzaroko ikaskideak, kale zuloan, oraindik zango gorritan, piparpotoei ostikoka jarduteko bilatu ohi zituen jolaskideak, batxilerreko lehenengo urteetan, latinarekin borrokan, irteeran lotsaz gordetako ilusioz etxera bidean lagundutako neskatxa harrez gero hainbestetan amestua, puru zuztar itzaldu bati kea ateratzen saiatzen den urde mutur-motz bati besotik helduta eta joku zikin hartara bultzatu eta laguntzen uste izan zituenen algara zoroak solas ixilean galtzen hatzeman zitzakeen larridurak eta izuak disimulatutako irrifarreen atzetik.
Borrero bihotzgabearen eskuen profesionaltasunak lepazintzurra goiz hartan bertan koipeztatutako sokaz trebeki marraztu zionean izerdi hotza irristatzen sentitu zuen, indarrak ahultzen eta hotzikara beldurgarri batek barnea iraultzen ziola. Bikario errespetagarria hurbildu zitzaion orduko, joku lazgarri hura ikuskizun zuelarik bildutako jendetza ixilik, begi guztiak beragana zuzenduak erreparatu zituen, herio segalariaren konplize ixilak bailiren.
Otoitz zurrumurrua amaitu bide izaki, azken borondatea? mailukada erritmikoa irudi ozenagoturik barneratzean lehertzen sentitzeak, minutu haien intentsitateak ordurarte irentsirik izan zuena oihukarazi ziola nabarmendu zen.
Epaitua izan nahi nuke!!!. Ez naiz errudun!!!. Zergatik hil behar nauzue?!
Oihuaren ikaragarria plaza, herri, eskualde osoan hedatu eta itzultzen zen, oihartzun multiplikatuek hesi itogarria osatzen zioteiarik.
Zergatik???!!!.
Eta garraxiaren ondorengo etsipenaren zotina irentsi zuen zintzurra sokaren kontra irristatzeak sortutako zirarrak gorputzazala pinport-pinport jartzen ziolarik.
Akordatuak ere farregura ematen dit nola ibiltzen zen, hor belaunetarainoko galtzerdiak izaten dira bada? Bada horietako galtzerdi pinto baldar batzuk jantzi, beste zapata haundi batzuk eta hankak tarraska zituela. Oraindik ikusten nagoela iruditzen zait, behin, ez dakit Domisantu eguna edo zer izango zen ere, egun seinalatua behintzat, eta bera moduzko batzurekin, eleiza atzeko, orain jardina edo zer dago han?, ba han zumar haundi batzuk ziren lehen, orain ihartu eta botata baina, han mutiko zapo-zapo denak, bere hanka handiekin korrika nola ari ziren, zanko erdiraino ailegatzen ez zitzaizkion, lehen esan dizudan galtzerdi horietako hori-berde baldar batzurekin.
Orduan denek halaxe ibili behar izaten zuten, eta hura ere ba halaxe. Orain berriz ume txikiak ere praka luzeekin ibiltzen dira baina orduan ordea, hamalau hamabost urtera arte praka motzekin ibili behar izaten zen eta.
Oraintxe ere esango lukeela uste dut, hau mutil gaztea, aroztegian lanean aritu zenean han ibiltzen zela hura sudurretatik kandelatzarrak zintzilik zituela, lapiko zaharren bat edo hartu eta, orain terraza edo duteneko hartan jarri eta ziriren bat zuzendu eta eman lapikoari, oraingo konjuntoetakoak nola jarduten dira? ba holaxe. Nonbait ikusiko zuen eta horixe ba!
Itxaropenaren azken izpiei eskeinitako deihadar haiek ez zuten halabaina bilatzen zuten esku laguntzailerik topatuko, eta loturak sortzen duen ezintasunaren lekuko ziren daldar beldurtiak salatzen zituzten galtzetako zimurren higidura arritmikoek. Halere, harridurak gorena jo zuen aurre jende samalda hark, besoa jaso eta bina pausatuaz eskumuturra eskubirantza erortzen uzten zuelarik erpuru gotorrek heriotza aldarrikatzen zutela ikustean.
Gauzak azkarregi zihoazen, herri diruen xahubide gailen bilakaturik, burges demokraten euskarri tinko eta leial zen egurketari autoktono tropelak, ziurrenik ordurako izendaturik zuen agindua, zeinetarako berariaz eta aski trebeki prestatuak bait ziren, bete ahal izateko. Dena den, etxetik atera zutenez geroko orduerdi hartako gertaeren aurrean tinko zirauen, ezinbestekotasunak indartuko bailuen.
Begi zorrotzez neurtzen zuen betarte beltz haietako gorrotoa, eta tartean-tartean aho-betean ikusleen artetik zetozkion txu berdexkei korrokadaka eta biraoka erantzuten zien. Instant bat lehenagoko ixiltasuna haseran zurrumurru, gero zalaparta eta azkenean gatazka bilakatu zen, eginkizun hari berehalakoan bukaera eman zekion eskatzen zuten oihu eta aharrak ugaldu eta gogorragotzen ziren bitartean. Nahaspila guzti haren artean hobendunak buru-higidura bortitz batekin estalki beltz xumea errefusatu zuen.
Eta hori geuk bultzatu genian, herrikoa zela eta bat beharrean herrikoa izan zedila behintzat. Orain harrapa ezak!. Erabat harrotuta zegok. Sikira, buru pixka batekin jokatuko balu, dena bere esku dagoela eta nahi duen erara izan behar duela uste dik. Jode, eta orain arte zer izan duk bada?. Inondik inola ezin izan zian titulurik lortu eta azkenean ez zekiat nora joanda atera zian eta. Horri, titulua eman zionak ere hobe ziakeen urdaiazpikoa emanda bidali izan balu. Ez geniakeen hainbeste buruhauste izango!
Bai, horrek, eman izan baliote, hori ere aprobetxatu egingo ziakeen.
Bapatean izua eta ikara jabetu ziren gorputz galant hartaz, oinpean lurra irekitzen zitzaiola sentitu zuen. Garai batetan urrats sendoak ematen zituzten bernak ere ez zioten erantzuten eta saio bat egin nahi izan zuen, handik ihes, baina giharrek ez zuten agindua bete asmorik azaldu.
Heriotz zelaian hedatzen hasi zen laino lauso xume haren artetik, azken ordurarte bultzatzaile izan zituenen sendotasuna arrailtzen, zinegotzi jeltzaleen kakalarria eta izu-ikarak itxuraldatzen zituen aurpegiak ikus zitzakeen aurreko arkupeetan. Itomenak galerazitako EEEeerrrzzz! sarkor eta ikaragarri batek ikutu zituen biltegi handiren batetan merke-xuhurrerian epeka erositako bitxi tortikatsuez hornituriko emakume guri-mardul bihotzberak; mendekua eskertzen zuten farre algara zoroek berriz alkohol gorriak erretako zintzurrak gozatu, kortedemangasak eta korrokadak ere eskuarki ikus-entzun zitezkelarik.
Ataxka eusten zuen maratila askatu nuenean bi hanka handi ikusi nizkian zintzilik agertzen. Zangoerdi ingururaino ikusten nizkian eta mugitu egiten zituan aurrera eta atzera, ihes egin nahi izan balute bezala. Haseran, egia esan, neuri ere zirrara bat sortarazi zidaan baina mendekuaren gozoak ez dik parerik. Ikustekoa huen, zapata gorri handi haiek, txalupak ematen zien dardarak eraginda, ostikoka ezin gelditu, tira-tiran giharreak eten beharrean gelditu arte. Oihu ito batzuren oihartzunak entzuten nizkian erruki eske, kortedemangas itzel bat eskeini nioan, barren barrendik atera zitzaidaan eta porkulo hartzak esanik aldendu nituan handik.
Gero ixiltasuna nagusitu zen, tartean-tartean asegaberen batek edo bestek gehiago eskatzen bazuen ere. Gehiengoak ordea burumakur, txapela jantzi eta funtzioa amaitutzat emanik plaza nagusiaren lau irteeratik etxerako bideari ekin zion.
Plaza husten hasi besterik ez zen egin aurretik zehaztutako plan inguratzailearen hedapen taktikoari hasera eman ziotenean. Kapoteak, xispak aidean eta alden zitezenaren oihupean bultzaka eta estropozoka izkutatu ziren bizkar ubelduei igurtzika. Ez halere nahikoa eta karlista zaharren eredura, hatxebero ziratekeen gazte taldeak subermaturik, gora eta militarka aizkora-sugeak ezarri zituzten batzoki jeltzaleko masta puntan, wiski, zerbeza eta rokanrolaz mozkorturik.
Goizeko zazpiak hogei gutxi aldera, ezezagun baten deia jaso genuelarik zortzi numero bi patruilatan bidali ziren deia baiezta edo ezezta zezaten, eta zena zela, jakinaren gainean jar gintzaten. Hiru minutu barru jakinarazi ziguten izugarrizko jendetza eta iskanbila zegoela plaza nagusian eta zer edo zer bazela eta laguntza bidaltzeko. Horrela, neu buru nintzela, hamabost furgoneta eta berrogeitazazpi gizon harturik plaza nagusia inguratu genuen. Berehala sakabanatu genuen jendetza eta arkupetako herrigizonak askatu.
Udaletxea eta batzokia hustutzea zailagoa izan zen, jendea barruan bilduta bait zegoen eta ateak itxita. Leihoetara gomazko pilota batzu eta kepotak bota genituen arren ez ziren irtetzen. Barruan oihuak eta abestiak entzun zitezkeen eta halako batean leihatilen atzean babesturik bandera terrorista zintzilik jarri zuten eta izkutatu. Gero leiho zuloetatik kea irtetzen hasi zela erreparatu genuen eta suhiltzaileei deitu behar izan genien. Lana bukatu zutenean beren zurubietan gora barrura sartu ginenean ez zegoen inor, antza denez atzeko aldetik ihes egin zuten.
Zortziak eta hogeitabostetan kuartelera itzuli ginen bi furgoneta eta hamabost gizon badaezpada ere bertan utzita. Gertaera honen ondorioz lau numero zaurituta gertatu ziren eta bi furgoneta guztiz mailaturik.
Tiro hotsa eta iskanbila izugarria sortu ziren, ahal zuenak ahal zuenera makalagatik alde eginez. Plazan, dozena batzu txapelgorri, zutabeen atzetik kuiketan, arkupetako txistulari kuadrila korrika babes bila eta hego haize sotilak eragindako gorpu zintzilikatu baten kulunka ikus zitezkeen, ke laino itogarria zahutzen zen aldarteetan.
Beren burua salbu ikustean, agintea errekuperaturik eta arnasa baretu orduko zereginak zehazten hasteko ordua zela eta han hasi ziren. Nabarmena zen oraindik izua, eta hitzak esan baino irristatu gehiago egiten zitzaizkion buruzagiari.
Baina zeren zai zaudete? Zintzilik dagoen hura, zertan daukazue han?. Jeitsi hura azkar. Deitu medikuari. Non da apaiza, nora joan da?. Zuek zer egiten duzue hor, atera itzazue barruan dauden guztiak edo zeuek joan beharko duzue itzalera, azkar, azkar.
Zerbeza pote, komuneko paper, txanpon, kuxin, bengala eta txistu artean zintzilikatuari hurbildu zitzaizkion eta batak hanketatik eutsi, bestea urkabean gora eta behera, hirugarren bat argazkiak, planoak eta anguluak kalkulatzen, dozenerdi bat firme jarririk hildakoa gurtzen baina inola ere ezin asmatu gizona handik askatzen.
Moldakaitz erabatekoak izaki eta azkenean nolabait jeitxi beharra zegoela eta, soka moztu ziotenean zuzen-zuzen lurraren kontra jo zuen, hezur hots ixilaren ondoren luze-luzean lehertuta zetzalarik.
Lehen eguzki printzak hegia zeharkatzen ausartu zirenean argi errainu xumeak isladatu ziren odolmamiaren azalean, zeru urdinean putre ixilek biharamuneko elikagai preziatua begiztatzen zutela hegakada patxaratsuan.
|