Larrutik ordaindu
Laura Mintegi
Hegoamerika handian, Peru izeneko herria dago, honen barnean Ayacucho lurraldea, eta lurralde honetako txokoren batetan, Huanto herria.
Huanto indioak quechuaz mintzatzen dira, lurralde amankomunatuak lantzen dituzte, eta ez dute jabego indibiduala ezagutzen.
Baina guztion lurrak galtzeko arriskuan daude, inguruko jauntxo batekin daukaten afera dela-eta. Lurrak galduko dituztelako beldur, epaia zergatik ari den okertzen pentsatzeko batu dira, eta azkenik zera erabaki dute, justitziak jauntxoaren alde jokatzen duela, honek gaztelera dakielako.
Honela bada, denen diruak batu dituzte, eta gutxi dela ikustean, gaztelerako hiru berba erostea erabaki dute, berba beharrezkoenak: «ñoqayku» guk, «munaspayku» nahi dugulako, eta «chaytan munaspayku» hori da guk nahi duguna; eta berbak erosteko, buru oneko hiru gizon hautatu dute, ondoren Limara bidaliz.
Limara heltzean, hiru huantiarrek bertan denda bat daukan herrikide batengana jo dute, eta arazoa azaldu. Dendariak, beraxek sal diezaizkiela berbok esan die, eta bakoitzeko 50 sol kobratuko dieta esan die esan ere.
Merkeago utz dezan, herrikideen arteko elkartasuna aipatu diote, dendarien bihotza leun dadin, eta honek, trufa eginez, 50 soletatik 60tara merkeagotu die.
Erosketaz pozik, eta norberaren gaztelerazko berba ikasita, herrirako bidea hartu dute berriz.
Bidean baina, leku bakarti batetan hil bernia den gizona aurkitu dute, odola dariola, eta oraindik lagun dezaketen ikustearren, berarengana hurbildu dira. Horretan daudela, zaldiz datozen hiru goardia zibil agertu dira. Galdezka eta oihuz hasi zaizkie goardiak, heurek hil dutelakoan, baina hauek ez dute esaten zaiena ulertzen, gaztelera ez dakitelako. Bai ulertzen dute ordea, goardiek erabilitako tonua, eta elkarri esan diote: «Honela tratatzen gaituzte gaztelera ez dakigulako, baina hiru berba ezagutzen dugu, erabil ditzagun». Eta goardien galderei erantzun diete.
Nork hil du gizon hau?
Guk.
Zergatik hil duzue?
Nahi dugulako.
Preso hartuko zaituztegu bada.
Hori da guk nahi duguna.
Indio gizarajoak epailearen aurrera eraman dituzte, eta hemen elkarrizketa bera behin eta berriz errepikatu da.
Guri heurentzako parkamena eskatzea baino ez zaigu gelditzen, heuretaz errukitu zaitezten, eta zigorra arinago pasa dezaten gartzelara koka apurra eraman diezaiezuen.
A, eta ez iezaiezue gazteleraz mintza, hizkuntza horretaz mintzatzea larrutik ordaindu dute eta.
Pilar García Negro-ri eskerminez
|