L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Alegiak

 

Omar Nabarro

 

Maskarak

 

Maskara egilearean izena erresumaren luze zabalean hedatu zen. Bera ei zen inoiz inon izandako artistarik trebeena bisaiak ezkutaraztearen artegintza hartan.

        Hiriko aberats, buruzagi, gerlariburu, zeken, doilar, pederasta, proxeneta, lapur zuri, ohorezko hiltzaile eta engainatzaile orok, batzarrean bilduta, maskaragilea heuren serbitzupean hartzea erabaki zuten, zeregin horren pagutzat diru, jauregi, emakume eta gainerako ondasun guztiak eskeiniz, premiazko bait zuten, antza, barruan okerkeriak eta gaiztakeriak eragindako damuzko mamu izugarriak ager ez zekizkien bisaietako izpiluetan isladatuta.

        Halaxe egin ei zuten. Etorri ei zen, bai, etorri ere, maskaragile miragarria eta baita hiriko kate, merkatu, plaza, azoka, gartzela, eskola, jauregi, putetxe eta gainerako tokietan ibili ere, menekotzat hartu zutenen aurpegiak ezkutarazteko zeintzu maskara ote ziren egokienak asmatzearren. Lan horretan egun luzeetan ihardun ondoren, batzarrera deitu ei zituen ordurako zainetan odola ere maskara minak jota ziren buruak.

        Maskaragilea halaxe mintzatu ei zitzaien:

        Ikustea izan dut, zeuok eta zeuon menekoen artean emandako egunetan zehar, zein den zuen barrua eta baita zuen aurpegiak ere. Sinets iezadazue, ez duzue nire zereginen beharrik, zeuon bikoizkeria bait da zuen eginen maskararik hoberena. Ez dut egundo lortu, ezta lortuko ere, zuen aurpegiak heurak bezain maskara perfektorik egiterik. Aurpegia bera duzue zuok denok maskara.

        Berbok esan eta alde egin ei zuen maskaragileak, ez zuelarik beste inoiz beste maskararik egin.

 

 

 

Zentzura

 

Senar emazteek seme bakarra izan zuten. Aita langile arrunta eta ama etxekoandrea izan arren, semeari literatur zaletasuna sartu zitzaion, txikitandik, barne muinetako alde sakonenean sustraitu arte. Han ibiltzen zen, paper zuriak izkribuz zikintzen, gauari orduak lapurtuz.

        Aldi berean gertatu zitzaien aitari lana galtzea eta semeari lehen liburua zentzuratzaileari zuzentzea. Aitak kaleak gora eta behera ibili zituen, aterik ate, lanen baten bila. Semeak, aldiz, zentzuratzailearen berrien zai ematen zituen goizak, arratsak eta gauak ere, loak hartu ezinik.

        Bizitza gogorra dela eta, etika auzietan denbora alferrik emateko konbentziduta beharraren podetioz aita, borrero lana hartu zuen gizonak. Semeak zentzuratzailearen erantzuna jaso zuen egun berean gertatu ei zen hori ere.

        Zelan liburu hartan izkribitutako gauzak edozein kristauren begiak zauritzeko gai zirela, zelan erabaki zuen liburu horrek kaleko argia ez ezagutzea, zelan jakin arazi zien agintariei liburuaren irakurketak kutsatutako guztiak zibilizaziorako galdutzat jo behar ziren, hori guzti hori kondatzen zion ezetzaren arrazoitzat zentzuratzaileak semeari zuzendutako gutunean.

        Agintariek liburuaren berri izan eta berehala erabaki zuten, zentzuratzaileak esandakoari jarraiki, zentzuratzailea bera hiltzea, bera bait zen, izkribatzaileaz gain, begiak liburu harek profanatutako bakarra erresuma osoan. Halaxe agindu zioten aitari eta halaxe izan zen betea agindutako lana.

        Zentzuratzilea izanik aitak hildako lehen gizakia, etsipenak jota heldu zen etxera hurrengo eguerdian. Mahaiaren aurrean jezarrita aurkitzen ditu emaztea eta semea; jaten hasteko prest. Semeak eskuetan egunkaria duelarik, ijika hasten da halako batean, pozez gainezka barrua.

        —Azkenean ere akatu egin dute pizti zentzuratzaile madarikatu hori. Bart, baten batek tiro bakarraz erdibitu ei zion bihotza.

        —Berdin dio —erantzun dio aitak— zentzuratzailea agintzen izan dutenek bizirik dirauten bitartean ez da ezer aldatu.

        —Baina madarikatu hori lurpean datza, behintzat. Baten batek aurre egiten dio zuzengabekeriari gure herri honetan.

        Aita isildu egin zen, arazoa ulertzeko semea gazteegia zelakoan bait zegoen; edo, beharbada, auskalo, ez zuelako semeak beraren lana zertan zen jakin zezan gura.

 

 

 

Liburuzaina

 

Urteak igaro hala, gaztetan liburuzain soila legez lanean hasitako hura, bibliotekako liburu, aldizkari, txosten, paperbilduma eta bertan gordetako gainerako materiale guztiei buruzko xehetasun txikiena ere ikasten joan zen, denboraren poderioz eta naturak erregalatu oroimen pribilegiatuari esker. Horrelaxe, bada, liburu zainen buru izatera heldu zelarik, mahaia eta aulkia eman zizkioten, liburuak ateratzeko lana beraren menpekoen eskuetan utzita.

        Mahai hartatik mugitu gabe erantzuten zien liburu biltzaileen galderei, artxibategi jaun txit jakintsuak berak ere nekez erabiliko zuen trebetasuna erakutsiz. Urteek, alabaina zentzu bikoitzean eragiten zieten liburuzainaren meneei, batetik abantailak sorraraziz, baina, era berean eta dialektika ankerrenaren morroi denbora bera, aurkako mamuak ere ernaldu, erditu eta haziz ere.

        Isiltasuna ei da biblioteketako altxorretan bitxirik preziatuena, metalkirik gardenena, perlarik distirakorrena, berau barik ez bait dago bestelako ondasunen bila abiatzerik. Hau guzti hau ederto zekien gure liburuzainak; adinak, hala ere, ez du ezer parkatzen, ez du inoren errukirik, ez daki bihotzaren taupaden berririk. Gortuz joan zen, bai, liburuzaina, garunetako artxibategian gordetakoak bere balioa aberastu hala.

        Aulkitik mugitu gabe erakusten zien biltzaileei zein artxibategitan begiratu, zein kode erabili harako haren bilketan, nongo orrialdetan kontsultatu beste datu harrigarri hura. Dena dela, gero eta gorrago, gero eta ozenkiago hitz egiten hasi zen, hasieran artxibategi gelako beste edozein baino ahots zoliagoaz, baina apurka apurka eta gorraren gorraz irakurketa gela baztertuena ere eztarri garramatu harek —tabakoari lar ekitearen ondorioa— oihartzun amultsu bezain grabez betez. Bilo urdinari zor ei zaion begiruneagatik edo, egoera jasanezina bilakatu arte ez zuen inork ere protestarik egin. Inoiz, hala ere, pazientziak ere gainezka egin behar bisaia serioegi haiek estalitako barne ozeanoan. Protesten uholdea Zuzendari Orokarraren bulegoko ateak busti zituen.

        Batzarre Orokorra bilduta eta Zuzentzaren balantzan aldekoak eta kontrakoak elkarri kontrajarri ondoren, liburuzaina jubilatzea erabaki zuten, beronen zereginetan emandako urteak ohorezko dominaz estali ondoren, esker onaren seinaletzat.

 

 

 

Dedaloa

 

"Atzerri, otserri" dioen arren esaera zaharrak, berarentzat ez zen dedaloa baino hurruneko hiri hartako kaleen laberintoa. Noraezean, gauak eta goizaldeak, gora eta behera, ibili eta ibili eman izaten zituen, zorabio hartan gidatuko zuen haririk gabe, plano mentalak marraztu ahal izateko garunarririk gabe. Harik eta leku hura aurkitu zuen arte. Adurrak nahi izan zuen trabena hartan beraren herriaren argazkia egotea, horman eskegita, menpean denetariko boteilek osatutako erreskada nabarra zuela.

        Handik aurrera trabena berera abiatu ohi zen berriro, gauero, itsaso ezezagunean dena ardazten bait zen kalearte hartan, dedaloaren erdian jaioterriko usaina zerion argazkidun zulo hartan. Halaxe hasi zen edaten, argazkipeko boteila guztietatik frogatzearren, argazkiari begiratzen zion bakoitzean boteila berriren batekin tematu izaten bait zen.

        Urteak joan, urteak etorri, halakoren batean jaioterrira, argazkian ikusi eta ikusi egin izandako sorterrira, itzuli ei zen, begiak herriminak lausotuta eta gibelaldea alkoholak gizenduta.

        Heldu bezain laster herriko kaleetan ibili zen, argazkikoa begien aurrekoren aldean zertan ote zen bestelakoa jakitearren. Berdintsuak eritzi zizkien biei. Aldaketa nagusi eta hala ere txikietaz jabetuta behin behineko begirada haren bidez, zainetan garagardoaren igurtzi apartsuaren eza nabaritu zuen, deika ari den maitemina baino arretatsuagoa, hunkidurak areagotu egiten zuen egarriari nahastuta. Gogoan zeukan gaztetako trabenara abiatu zen. Trabena hura, non bere bizialdiko lehen xurrutadak jo bait zituen, pentsatu zuen, solemneki.

        Garagardoa eskatu zuenean trabernariaren begirada mutua, harriduraz, eta hatzamar nagusia hormarantz erakusten. Horman eskegita, txartela, "osasunaren alde, debekatuta alkoholdun edozein edari. Eskerrak ez edateagatik leku honetan". Lur jota atera zen kalera. Lehen trena hartu zuen.

        Esaten dutenez, atzerriko dedaloan galdutako kaleartera itzuli da, barra aurrean jezarrita argazkiari begira edanez ematen dituela gauak eta goizaldeak heurak ere sarritan. Gaztetako herriko argazkiari begira, gibel minez, dedaloko uhartean betirako preso.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.