Itsaso
Legazpin 1983, urriak 20
Bazirudik motel
zertan gabiltzan galdezka ibiltzeko jaio ginela,
ez iezadak niri galde,
neronek ere ez zekiat,
ez, gaur ere ez zekiat zer egin behar dudan,
arratsaldea hortan bota eta ez zioat helbururik topatu,
Bruce Springsteen-en azala hartu behar izan diat rockari
hildoak kamustuz bete dizkiat belarriak, luze,
eta atzo bezala ahots latz horren kidetasunean
kezkak leundu nahiean estali nau iraganak, tira!
ezin diat ezer gomendatu,
baina, neronek ere bixamon hau uxatzen ez jakin arren
ez diat uste nostaljiaz maitemintzeak lagunduko hauenik,
egunero argitzen dik egunak, eta biharko euria zetorrek,
bazter itzek oroitzapen hoiek, ez ezak txamarrarik ahantz,
ez gaituk heroeak
joan hituan motel, pasio izugarrien pertsonaiak,
ez zegok, seguruen, gure bizitzaz obra handirik egiterik,
maitemindu, sufritu, pasa zituagu geureak,
eta hunkipen bila bezala sartzen gaituk "sesión continua"ko
filmeak bizi nahirik, barrenak ase ezinik,
baina nork zekik? aurkitu al duk inor?
kontrabarretako txiri apaletara jotzen jarraituko dugula iruditzen zaidak,
badakik, ipar izarra altuegi egon ohi duk
mentura maite ote dugun ez dakigunontzat,
eta sekula gauza handirik arriskatu ez badiagu ere
haurtzaroan amaitu hituan opariak, ezta?
motel! ez ezak gorrota, ez dik merezi,
gaixotu egingo hau, eta martiri guztiak ehortziak dituk,
gorputza erruz egurtu duk, baina, urte batzuk geratu behar zaizkik,
serioski luzatu omen duk bizitza-itxaropena,
aspaldidanik zekiagu itsasoko ura urdina ez dela,
eta begietako laino hori betaurrekoen atzean ezkutatuz
luza iezaiok irrifarrea zoramen zurrutadaz hire bizitza mozkortzeko
jaio zen neska sorgin horri,
nahikoa litzateke agian, egunero, sukaldeko pertxeroan
zoriona zintzilikatuz etsipena zutik agurtuko bagenu,
ez iezadak jaramonik egin, neronek ere ez zekiat,
ordu luzeak bota zetiagu kaleetan,
urteak joan ahala gauza asko entzun ahal izan diagu.
|