L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Otso zuria

 

Pako Aristi

 

Elur asko egin zuen Valentinek aldegindako urte hartan, nik gogoratzen nuen elurrik gehiena. Haserako elur gesala, itotzen eta itsutzen joan ten zeru lotsor hura, eta hurrengo asteetan huntzoztoak bezala heldu zion elurrak lurrari. Azkenerako bide guztiak itxi zituen. Txoriak behebarruetara sartzen ziren, eta sukaldean berotu eta esne zopak eman arren hil egiten ziren. Ehiztariek dozenaka basurde botatzen zituzten, goseak eta hotzak bultzaturik herritik oso gertu eta gainera akiturik bait zebiltzan. Ura edateak hortzetako mina ematen zuen. Zuhaitz kadukoez jantzitako basoak kanposantu bilakatu ziren. Enbor eta abar idortuak hilarriak ziren, eta zuhaitzen arimak hilik zeuden elurpean, udaberriaren ilusiorik gabe. Kristaletako bapainuan idazten zituen apaizak sermoiak, tabernariak prezioak eta maitaleek beren maitasun gezurrak.

        —Azeria, azeria?

        Oihukatzen zuen Felix eskaleak ia egunero kalean bizkarrean azeri hila zuela igarotzen zenean, jendeak txanpon batzuk bota ziezaizkion. Ardo pitxarretan gastatzen zuen dirua eta ilunabar aldera beti konbentzitzen zuen Grimaldi mediku gaztea bere etxean edo eskaratzean lo egiten uzteko, hotzak kupidarik gabe konsumatuko zuen heriotzaren errudun izateak bizitza guztirako loa kenduko zion zemaiarekin.

        Limens-eko bide guztiak itxi zituen elurrak. Ezin eskolara joan, ezin fabriketara iritsi, ogia norberak bere etxean egiten zuen, eta elurteak iraun zuen hilabete luze hartan ez zen gutun bakar bat heldu Limens-era. Gabonetako postalak otsailean jaso genituen, eta agureak asko harritu ziren.

        —Urteak gero eta azkarrago doaz! —esaten zuen Gabonetako postalen aurrean, beste urte bat igaro zela pentsatuz.

        Valentinek aldegin ondoren bakardade hilgarri baten mintzak inguratu ninduen, eta urdailean husgune bat bezala sentitzen nuen, tristurarekin bakarrik gonbara zitekeen edo basurdeek erakusten zituzten plomozko zulo haiekin.

        Elurraren etorrerak tregua hebain bat ekarri zuen nostalgiaren aurkako gatazka estari hartara. Umeen bihurrikerien zerrenda bariedade infinitotara zabaldu zen elurrarekin. Dolores zeritzan emakume bat kalean zihoan, farrez, paisaiari begira, argazki bati bezala, zertzelada guztiak bere ninietan grabatu nahirik.

        —Zerua holakoa da, zuri-zuria —esan zidan, eta eromenaren lorratza ikusi nuen bere begiradan— hospitalek ere txoratu egiten naute, bere kolore zuriarekin, enfermerak ere zuriz jantzirik, baina hau, hau —eta bazter guztietara begiratzen zuen— hau, gure Jainkoaren paradiso berbera da.

        Egun batetan Limens-eko enparantza umez beterik agertu zen. Isilik zeuden, begietan keizura nabaria zutela, porkaxean isekirik zegoen ikuskizun hark probokatzen zuen isiltasunaz iruntzirik. Otso zuri bat harrapatu zuten ehiztariek ingirarik gabeko denbora pasa hartan, eta Isidoro Fonseca, Limens-eko zaharrenetakoak esan zuenez, bera ezkondu zen urtean bakarrik gogoratzen zuen herrian otso zuri bat harrapatua izatea, baina ezin zuen gogoratu zenbat urterekin ezkondu zen.

        —Mutil koskor bat nintzen, eta bizitzan egin beharrekoak lehenbailehen egitea zela onena pentsatuz ezkondu nintzen!

        Otso zuria bota zuten egunean idazten hasi nintzen, Isidoro Fonsecaren oroitzapen remotoak eraginda, eta idazten koloreztatu nuen egun luze haietako isiltasun zuria, idazten lehortu nuen Valentineren ihesak utzitako bakardade eta tristurak astindu zuten untzi hatza, eta goizetan lerro artean Valentine hitza aurkitzeak egun bat gehiago bizitzeko estakurua eskeintzen zidan.

 

Haseran estekatu gabeko parrafoak idazten nituen, baina ezin nuen ulertu, esaldiek hitzen artean gordetzen dituzten sekretoei itaundurik ere, zergaitik ez nuen goiz hartan herritik aldegin Valentinerekin. Hori ulertzeko garrantzitsua izan zitekeelako edo, ene oroitzapen hurbilak idazten hasi nintzen, Valentinerekin botatako arrats urdinarreak idazten, eta gogaiturik eta lokabika Limens begiratzen nuenean, separen erraietan ezkutaturik zegoen patu bat, agindu bat, zor bat sentitzen nuen elurraren oihalpean ageri ziren etxe, muino, errekasto eta zubi haienganako.

        Kaminoaren, ertzean, erretenean geldituriko auto zaharkitu bat sentitzen nintzen. Inork ez ninduen arrankatu.

        Limens-eko bideak ixtekotan zeudelarik, azken gutun sorta ekarri zuen postariak, elurra urtu arte etxetik ez zela aterako esanez. Valentineren gutun bat zegoen. Eskuak artega sobreak hegadari eman nahi zion hegazti bat zirudien. Letra luzeska eta balantzati hark Valentinek trenetik bezala begiratzen zidan. Oso gutun laburra zen.

        «Egun bakoitzean zoriontsuago izan zaitezela. Horrela ez zara joandako sasoietaz gogoratuko. Idatzi nahi baduzu. Cassona Hotel, Puerto Almeida».

        Hamar aldiz irakurri nuen. Ezpainetan eduki nuen, tintaren erliebe nimiñoa neurtuz.

        Nere iragan guztia kolpe batez eskuetara ekartzen zidan baga bat zen gutuna. Kostako herri batetan zegoen Valentine, eta ziur nengoen ez zituela hosto okre haietan galdutako arratsaldeak ahaztu. Iraileko arrats urdinarre haien istorioa "Euriak ez zaitu bustitzen Valentine" deitu nuen, eta elurretara atera nintzen ipuina buzoira botatzeko.

        Elur asko egin zuen hai Valentinek aldegindako urte hartan, nik gogoratzen nuen elurrik gehiena. Umeek Limens-eko emakume guztiak ikaraturik zeuzkaten elur malutekin, zubiko petrilak bufanda txuria erosi zuela zirudien, agureak eternoki eseri ziren leiho atzeko aulkietan, eta kanpandorreko beletak tarta baten natazko gailurra zirudien. Laino uharrek munduari beste pintaldi zuri bat eman behar ziotela iragartzen zuten. Ipuina buzoian zegoen lo. (*)

 

(*) Oharra:

        Ez beti, baina sarritan egia bilakatzen da orri zurietan literaturaren jantziekin estaltzen dugun istorioa. Beste batzutan, egia izandakoa disfrazatzen dugu balore unibersalen bat eman nahian. Askotan berriz bakardadeak jota hasten gara idazten. Ipuin amaigabe hau umetan elurrak sortutako amesbideak rekreatzekotan hasia da, baina nola ez dakidala, bihotzaren buzoian gelditu zitzaidan lo, eta bihotzeko gutunak ez ditu inorantza partitzen postari nagusiak, sentimenduak, baimena ematen ez duen artean. Eta horrela nabilkizue, bero gehiegi egiten duen garai eta leku hauetan, elurrari buruzko ipuin bat amaitu ezinik. Ipuinak ere bizitza propio bat eta borondate aldakaitz bat dutenaren froga. Zer gara izan ere idazleok, lehoi eta tigre basatiz betetako kaiola erraldoi batean latigurik gabe heriotzari eskua eman edo ez zalantzan dagoen domatzailea baino?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.