L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Karlos Panera:

«Euskarazko antzerkia bereziki lantzeko

zentruak ezinbestekoak dira"

 

        Ibilbide luzea egina dauka teatrogintzan. Duela 15 urte hasi zen «Cómicos de la Legua-Kilikilariak» taldean musikari gisa. Handik lasterrera, eta taldea profesionaltzearekin batera, aktore lanetan hasi zen. Garai hartakoak dina «Tripontzi Jauna», «Nafarroa 1500» eta beste zenbait antzeslan. 1980. urteaz geroztik, Maskarada-ren produkzio guztiak zuzendu eta bideratu ditu. Hauen artean aipagarrienak, «Gastibeltzaren karabinak» eta «Harrizko Aresti Hau»; azken hau Gabriel Aresti poetaren gainean, Oskorri-ren laguntzaz, egindako muntaia dugu. Askoren ustez, Euskal Teatroan gailurra jo duen antzeslana. Orain dela gutxi, «Théâtre du Soleil», «Molière» izeneko filmeaz hain ezaguna egin zen konpainiarekin lanean aritu da Parisen.

        — Zertan da antzerki prestakuntzaren panorama Euskal Herrian, eta zein premia berezi azpimarratuko zenituzke prestakuntzari buruz?

        — Esan beharrik ere ez dago, profesionalen prestakuntza garrantzi handiko arazoa dela teatroaren alor guztietan. Hala ere, uste dut denok dakigula hemen ezin dela, egun batetik bestera, «Actor's Studio» bat montatu, ezta kataluniarrek daukaten «Institut del Teatre» edo antzeko zerbait ere. Zeren eta, funtsean, antzerki eskola horiek, gurea ez bezalako altxor kulturala daukaten nazioetako tradizio eta errealitateen erantzuna bait dira. Biderik laburrena bide zuzena bada ere, ez paperik ez erregelarik ez kartaboirik ez badaukazu, zail izango da bidea seinalatzen.

        Boteretik aukeratu den jarraibideak, hau da, eskola «ofizial» (Antzerti) bateranzko bide zuzena, eta aldi berean, konpainia «ofizial» bat sortzeko saioak (beti ere hari zuzenez subentzionaturiko muntaien bitartez), espero ziren emaitzak ez ekartzeaz gain, argi eta garbi utzi du sarri askotan nolako ezjakintasunez eta baserritarkeriaz egiten den herri honetan teatroaren inguruko politika guztia.

        Dagoeneko uste dut mundu guztia jabetu dela, baita sortu zutenak ere, «Antzerti Zerbitzua» delako hori ez dela ez «zerbitzua» ez ganoraz antolatutako eskola.

        Nire eritziz, prestakuntzaren gai honetan, oinarri-oinarritik hasitako bideratze-prozesu gisa planteiatu behar da arazoa; hau da, hiriburu handietako eta herri nagusietako Udal Tailerrei bidea zabalik utzi, lekuan lekuko antzerki-zaletasuna eta honen inguruko kezka guztien bultzagarri bihur daitezen. Espezializazio teknikoak (dramaturgia, eskenografia, argia, etab.) deszentralizatu eta bizirik dirauten edo iraun zuten eskola ezberdinen esperientziak bildu. Urte batzuk pasa ondoren, nolabaiteko eskola ofiziala sor daiteke prozesu honetatik. Baina eskola hori, zerbait izatekotan, prozesu horren buruketa edo azken atala besterik ez litzateke izango.

        Bestalde, euskarazko antzerkia bereziki lantzeko zentruak ere ezinbestekoak dira. Behin eta berriz azpimarratzen dut halako zentruak sortu beharra, ez bait da nahikoa tailerretan sartzeko euskarari balioa ematea.

        — Zer deritzozu zirkuito teatralen funtzionamenduari?

        — Herri honetan antzerki-muntaiak banatzeko erabiltzen diren erizpideak negargarriak dira benetan. Administrazioak, antzeslanak kontratatu eta programatzeko iniziatiba herrikoi eta pribatuak alde batera utzi eta bere monopolioa eta kontrola ezarri du.

        Aurrekontu guztiz urriekin erantzun nahi zaio herrietako kultur-eskariari, eta bide batez, erakunde ofizialen propaganda egin.

        Bestalde, Diputazioek eratutako zurkuitoetan, ez zaie erantzunik ematen antzerki taldeek dituzten beharrizan minimoei ere, eta ezta urtean zehar agertutako muntaia itxurosoenei ere. «Beharrizan minimo» horiek ez betetzeak zera dakar: askotan, taldeek edo muntaiek ezin dutela beren probintziatik ere irten, alboko probintziako Diputazioa bertako «beharrizan minimoak» betetzen ere estu eta larri dabilelako. «Foralismo kultural» bitxi honek kalte izugarria egin du Euskadiko zirkuito nazionala eratzerakoan; baina, emendaezina ez dela sinetsi nahi genuke.

        Horrekin batera, kalitate gutxiko programazioak egin dira askotan; eta propagandari dagokionez, axolagabekeria izan da nagusi; gehienbat programatzaileen erruz, hauetako asko eginkizun horretan txiripaz sartutako funtzionarioak direlako. Eta jakina, errentagarritasun ekonomikoari begira egin dituzte programazioak.

        Guzti hau esaterakoan, Euskal Komunitate Autonomoaz ari naiz, baina begibistakoa da gainerako euskal probintzietan ere, bai Nafarroan eta bai Iparraldekoetan, Administrazioak antzerkirako duen jarrera oso antzekoa dela. Euskarazko antzerkiaren egoera okerragoa da oraindik, aintzakotzat hartu ere ez da egiten. Baina kontu hauek ez dira atzo goizekoak, mundu guztiak dakizki.

        Azken finean, egoera larri hau emendatzeko, auzo eta herrietako elkarteei utzi behar zaie iniziatiba, eta, Administrazioak guzti hori bideratzeko ahalegina egin dezala. Gure hizkuntza eta kultura berreskuratzeko jarrera ideologikoak eta borondatea zehaztu eta argitu behar dira. Eta azkenik, ahalik eta herri gehien hartuko dituen zirkuito bat sortu, azpiegitura on batez hornitua.

        Bestalde, beste era bateko ikuskizunak emateko moduko ingurune alternatiboak sortu behar dira. «Italiako erara» egiten den antzerki-mota oso zabaldua eta eratua dago, baina ez da modu bakarra. Antzoki estu horietaz gain, beste era bateko lokalak prestatu beharko lirateke, leku zabalak eta trabarik gabekoak eskainiz.

        — Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa...

        — Sorkuntzarako laguntzei dagokienez lehenengo eta behin zera esan behar dut, ez nagoela bat ere ados teatrorako diru-aurrekontuarekin, ez sorkuntzara bideratzen direnei, ez eta bestelakoekin ere (bekak, zirkuitoak, e.a.)

        Euskadin, beste Autonomia batzurekin konparatuta, oso diru gutxi gastatzen da teatroan, gure kultura eta hizkuntzaren berreskuratze premia gorriak bestelakorik eskatzen badu ere. Premia hauei aurre egin nahi diegunok ito egiten gara gutxienezko kondiziorik ezak eskuak lotuta.

        Gaurko ikusleak badu teatro eskaintza zabal bat; kalitatezko lanak eta taldeak ikusteko aukera dauka, kalitatea eta maila ezberdinak konparatzeko gauza da, azken finean.

        Laguntza eta azpiegiturarik gabe, nola egingo dio aurre Antzerki Euskaldunak konpetentzia gogor honi?

        Azter dezagun, esaterako, Euskadin ospe handia duten kataluniar taldeen kasua. Els-Joglars-en «Los virtuosos de Fontainnebleau» izeneko lanak hogei milioitik gorako aurrekontua zeukan. Dagoll Dagom taldeak 15 milioitako diru-laguntza jaso zuen, gutxi gora behera, instituzioetatik, «El Mikado» egiteko. Talde hauek, gainera, diru sarrera onak dauzkate, oso zirkuito sendoa bait dute, hau da, estreinatu baino lehenago salduta daukatela obra; bere izen soilaren poderioz. «Flotats» edo «Centro Dramatico Nacional» izeneko taldeek diru gehiago inbertitzen dute ikuskizun bakar batetan Eusko Jaurlaritzak teatrorako dirulaguntza guztietan baino. Ze antzerki mota egin daiteke, gaur egun, hiru, lau, bost edo sei milioirekin?

        Hemen ez da sekula egon teatrorako diruaurrekontu nahikorik. Ez da egon, ezta ere, diru eskas hori gastatzeko edo banatzeko erizpide sendorik. Berdin dio, esaterako, dirulaguntzak banatzeko orduan, talde batek 10 edo 100 emankizun eginak izatea, edota emankizun hauetara 100 edo mila ikusle eraman izatea. Berdin da, baita ere, talde edo pertsonaren nondik norakoa, curriculum-a, bere lanaren tinkotasuna, e.a.

        — Nolabaiteko funtzio aproposik betetzen al dute antzerki jaialdi eta topaketek?

        — Jaialdien gaiak ez dit ardura gehiegi ematen. Ez diet, halere, zentzu argirik aurkitzen: garestiak dira oso eta dauden programazio iraunkorretan badago, bestalde, kanpoko eta kalitatezko antzerkia ikusteko aukera.

        Izatekotan puntualak eta monografikoak izan beharko lukete.

        — Egizu gaur egungo euskal antzerkiaren halamoduzko diagnosia.

        — Lehenagoko guztia esatean antzerki euskalduna izan dut gogoan, gehienbat. Beraz, uste dut gehiena esanda dagoela.

        Euskaldun Antzerkia diodanean, jakina, zera esan nahi dut, euskaraz eginda dagoena, euskara hutsean.

        Euskarazko bertsioa daukaten erderazko obrek ez dute zer ikusirik euskarazko antzerkiaren baldintza eta prolematika larriarekin. Antzerki elebiduna beste lege batzuren menpe dago, «eskaintza eta eskaria»-ren legeak batez ere, uste bait dut euskarazko bertsioa egitearen arrazoiak komertzialak direla gehienetan. Bertsio hauek ez diote benetako euskarazko antzerkiari inolako mesederik egiten eta bai ordea kalte handia, konpetentzia desleiala egiten bait diote, berez apurrak eta eskasak diren euskarazko antzerkirako laguntza eta zirkuitoetan sartzean.

        Amaitzeko, eta laburpen gisa, hauexek lirateke, nire ustetan, Antzerki Euskalduna garatu, normalizatu eta gaurkotzeko punturik garrantzitsuenak:

        1) Kontutan hartu eta potentziatua izan dadila programazio guztietan.

        2) Sorkuntzaren arlo ezberdinetako laguntza berezia izan dezala.

        3) Euskara hutsezko antzerkia landu eta garatzeko helburua duten zentru pilotoak sortzea. Zentru hauetan euskarazko antzerkiak dituen berezko prolemei eta hobetzeko beharrei egingo zaie aurre, arlo ezberdinetako profesional edo teatrozaleen topaleku izanik (idazleak, antzezleak, teknikoak, teatro-monitoreak, e.a.).

        4) Antzerki Amateurrak, azpiegitura on batez horniturik, zor zaion laguntza eta duintasuna izan dezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.