Literatur stock-a
Arano
Violet Font
Lakuako laberintuko bulego galdu bat: Literatur Liburugintza Bulegoa. Hiru mahai hutsen gainean telefono bana eta boligrafoz betetako poteak. Garaikoetxea etxekoandreentzat guapoa zeneko argazki ofiziala paretean zintzilik, bulegoan urteak pasatu ez balira bezala, nafarraren fotoa Ardantzarenagatik ordezkatua izan gabe.
Hiru funtzionari, bakoitza berari dagokion mahaiean. Emakumezkoa, etxetik ekarritako telebista nimiñoko programara begira, gantxiloa egiten duen bitartean. Harengandik gertuen dagoen gizonak tronboi entseiuan dihardu etengabe bere auzoko txarangarako. Hirugarrenak poeta frustratu gauez ttanttaka ara den grifoa dirudi, izkiriatzen ari den bertsoak ozenki errezitatzen.
LEHEN KOADROA
NEKANE. (Gantxiloaz mahaia kolpatuz) Hago isilik txarangako tronboi zaztar horrekin!
PERU. (Tuuuu-u, tronboi zarata amatatuz) Mekaben, hire ditxosozko «Falson Fresk» hori agoantatzea ere badun ba! Ez hintzateke, ez, berehala errendituko horko pertsonaien aginpidea bahu.
ELADIO. Ez egion kasurik egin, Nekane. Ez dun arrazoirik falta. Guk sikiera ez dinagu halako burrunbarik ateratzen. Morrosko horren turutarekin ez zeukanagu aterramendu onik, neska.
PERU. Beidok!, zuek biok bai majo konpintxatuta berriro ere! Amante asko zabiltzate azken aldi honetan. Ze uste duzue ba, honoko hau tontoa dela ala?
NEKANE. Handiagoak aditu behar genituen! Ni, gizon-erdi ere ez den poeta mixerable horrekin nahastea!
ELADIO. (Lotsagorrituta) Aizan, aizan...
PERU. Baina Nekane, hori poeta!? Hiri bertsoak kantatzen dizkinala-eta, poeta? Enbusteroa bai galanta! (ELADIO parodiatuz) «Ai, ene jardineko flore ederra, ez da zurea xarma alferra! Bihotzean min dut, bihotzean min dut, bihotzean min dut. Zuregatik zorigaitz ankerra».
ELADIO. Aaa, inorantziak ematen duen atrebentzia... A ze parea! Baina, arraioa, alferrik duk zerriei perlak botatzea. Ez dakizue ongi noren aldamenean zaudeten. Ni, ni nauk nobisimoen artean poetarik onena!
NEKANE. (Algaraka) Tira, tira, tira. Zaudete biok isilik, galduko dut-eta nire telenobela faboritoaren haria. (Pausa ondoren, telefonoa hartuz) Bedela? Bai... bai, Nekane anderea. Deskafeinatu bat faborez. Eta ez ezazula sakarina ekartzea ahaztu.
PERU. Sakarina, sakarina. Ai ze fina! Ipur masailak zaintzen akaso? (Tronboiari putz eginaz: tuuuuuu-u)
ELADIO. Hobe huke tripontzi horrek hice zelulatzar adiposoak errejimenean ipiniko bahitu. Hi bai haizela paradako astoa! Jango huke baita...
PERU. Jana, jana-jana-jana. Zer moduz meriendatuko banu? (Telefonoz) Bedela? Bai... bai, Peru jauna. Hori da, bai, katilukada kafesne, beti bezala. Eta ez ahaztu kaxakada pastatxo ekartzea. (Tronboiari ekiten dio: tururuuuu-u).
NEKANE. (Berekiko, telebistatik begiak kendu gabe) Horrena inbidia zikina!
ELADIO. Jontxo! (Pentsakor) «Ai ene ultramarretako kafea, zugan urtzea azukre koxkorraren xedea». (Telefonotik deitzen du) Bai... bai, Eladio jauna, bai. Nola asmatu duzu ordea? Bai, hori da, kafe doblea. Bai, eta azukre koxkor parea, zuk ongi dakizun bezala. (Fonoa eskegitzen du). Zein bizkorra gure bedela!
PERU. Eta zerbiziala, ezta? Esan ezak, esan ezak egia... Bapo asko entenditzen haiz hi horrekin! (Tronboiaz: tuuuuuu-a).
NEKANE. Ixo!, txarangako tronboi zaztar horrekin!
BIGARREN KOADROA
BEDELA. (Atea jo eta bulegora sartzen da besterik gabe) Arratsaldeon jain-ko-ak-di-zu-be-la. Hementxe dituzue... maaartxando kafelitoak!
NEKANE. Bazen ordua demontre! Dagoeneko hoztu ez direnean...
BEDELA. (Marmarka berekiko) Harritzekoa, motor-gorritxoak ezin mihingaina kieto utzi! Mutxurdin-sardinera-marizikin-ipurgorri-txolin hori!
NEKANE. ...eta sakarina ahaztuko zian gainera.
BEDELA. Tori Eladio, hemen zure azukre koxkor paredun kafe... bikoitza (irrifartxoa).
NEKANE. Hori al da edukazioa! Orain azkenak izango al dira ba lehenak!?
PERU. To!, eta aguanta-marea (turu-ruu).
ELADIO. Ze-ze-zertara dator hainbesteko marmarra...?
BEDELA. (NEKANErengana) Har beza, har beza erreginak bere deskafeinatu sakarinatua... esssne bero-beroarekin. (Barrurako) Ji, ji, deskrematurik deskrematuenak ere ez lizkioke mitxelin-erroskila horiek finduko.
(Kafeak zerbitzatzen ditu mahai bakoitzean. NEKANEk indar berriekin ekiten dio gantxiloari, betaurrekoak telebista pantailan arrimaturik; ELADIO euskal poeta sonatu baten poema plagiatua errezitatzen; eta PERUk, pasodoblea entseiatzeko putz egitean, polboroi apurrez zipriztintzen du ingurunea)
ELADIO. Traketsa!
NEKANE. Narratsa!
BEDELA. (Aukera galdu nahi ez eta, segidan) Zikina!
PERU. Errekristo, ez zarete nere kontrako konplotean arituko! (Tuuuu-tuu, polboroi gehiagoz erregariatuz). Ba kostatuko zaizue turuteroa izorratzea.
BEDELA. Jaunak, jaunak. Izan dezagun bakea. Eta on egin dizuela kafeak... (eta bere okotzerako) kontrako-eztarrian! (Irteteko keinua frenatuz) A! Ez dezadan ahaztu: kontseilariak gutun bat bidali du zuentzat. (PERUren mahai zipriztinduan uzten du kartazala). Arratsaldeon, jain-ko-ak-di-zu-be-la.
(Kartazalaren aurrean ezikusiarena disimulatzen dute funtzionariek, gantxiloa egiten nahiz poema errepertorioa errezitatzen, tronboilari atorranteak jo-ta-jo segitzen duen bitartean)
ELADIO. Ez al diagu gutuna zabalduko?
NEKANE eta PERU. Ze gutuuun!?
ELADIO. Kontseilariak bedelari eskuratu omen diona...
PERU. Gutuna, gutuna. Sekula gutunik iritsi al duk hona!?
ELADIO. Ba... ez, ez nik dakidala...
NEKANE. Zertan ari haiz orduan, txoro halakoa!
ELADIO. (Minduta, PERUren mahaiera hurreratzen da eta kartazala irakurtzen du) Ez al da ba hau «Literatur Liburugintza Bulegoa»? (Alde batera eta bestera begiratuz) Ze bulego da hau? Non sartuta egon naiz orduan urte guzti hauetan? Ez al zidaten ba neri literatur liburugintzarako kargua eman?
PERU. Motell, motell, hartzak patxadaz. Gutun bat besterik ez duk.
NEKANE. Bai, kontseilariak Karibetik agurtuko gaitu postalen batez.
PERU. Bai, Karibetik. Asko jota formalidade single bat izango da.
NEKANE. Hori da, formalidade hutsa... formalidade hutsala. Zer izan zitekeen bestela?
ELADIO. Jakina, jakina, alarma faltsua. Txepelkeria honegatik larritzea ere!
PERU. Nori bururatzen zaio. Aztoratu egin behar dik horregatik gizonak!
NEKANE. Ixo-ixo. Oraintxe dator-eta telenobelako onena.
ELADIO. Hara, Peru, jozak tronpeta!, arraultzarikan ez badago hobe da-eta txorizoa erreta! (Tuuuu, tu-tu, turuu).
HIRUGARREN KOADROA
(Bulegoko atea jo eta bedela sartzen da erantzunari itxaron gabe. Atzetik bi kankailu, buzo urdinez jantzirik, kajakada liburu dakartela)
BEDELA. (PORTEATZAILEei aginduka) Hortxe, hortxe bertan. Nahi duzuen lekuan. Eskubitan. Ez, han, beste izkina hartan hobe... Edo hementxe bestela. Hemendik hasi oraingoz, eta gero ikusiko dugu. Fale, goazen; goazemak, bizkor. (HIRURAk desagertzen dira heldu diren atetik).
(Hiru funtzionariek harridurazko imintzioz begiratzen diote elkarri, eta hiruon begiak arestian bedelak ekarritako kartazalean paratzen dira jarraian)
ELADIO. Eta kaxa horiek? Zer demontretarako ekartzen dizkigute orain?, hola bapatean?, abixatu gabe?
PERU. Eta nik zer zekiat, hi; ni ez honetan sartu.
ELADIO. Nori esan behar zioat ba orduan.
(Pausa. Instintiboki NEKANEri begiratzen diote gizonezkoek kontu eske gisan)
NEKANE. Et, et, et. Benetan nik ere ez dudala traste guzti hauekin zerikusirik...
(Bienbitartean porteatzaile kankailuen sartu-ateraldiak behin eta berriro errepikatzen dira gero eta kaxa gehiago aparkatzen dutela bulegoan barrena. Zenbat eta kaxa gehiago ekarri orduan eta ernegu handiago funtaionariengan. PORTEATZAILEek berriz, familiaritate osoz agurtzen dituzte dagoeneko)
PORTEATZAILEA 1. Epa! Ez da makala dakarkigun karga.
BEDELA. Arin. Zoko honetan. Leku pixkat egin eta bata bestearen gainean pilatzen segi. Han aurrerago ere bai.
PERU. Baina, baina. Errediola, zertan ari dira gorila hauek. Nire partiturak txikitu arterainoko onik ez al duzue?
PORTEATZAILEA 2. Neri ez esan. Mandatua bete besterik ez dut egiten.
BEDELA. Begira haruntzago, ezkerralde hartan ere bazegok tokirik.
NEKANE. Eui! Telebistaren kablea desentxufatu didazula!
PORTEATZAILEA 1. Barkatu, barkatu. (Mahaia liburuz gainezka uzten dio)
ELADIO. (PORTEATZAILE 2.ari) Aizu aixkide! Nork eman dizu nere «boureau» gainean eskua jartzeko baimena.
PORTEATZAILEA 2. Ba nik...
BEDELA. Aguro, arin, mogi. Kamioikada dugu oraindik zai. Hortxe, hori, ate atzean. (Ahapeka) A ze mutil puskak!, a ze giharreak! Hauek bai kulturistak, hauek!
NEKANE. (Oihuka) Nahikoa da! (DENAK paralizaturik geratzen dira). Ze-ze-ze konfusio da hau? Zer arraio dira kaxa guzti hauek? Ez da posible! Tamainakorik asmatzea ere!
BEDELA. Barkatu Nekane andereinoa, baina...
NEKANE. Ze barkatu eta ze demonio ordea!
BEDELA. ...ez dakit jakingo duzun, baina... kontseilariak instrukzio zehatz batzu eman dizkit... eta... sentitzen dut esatea... betetzea beste erremediorik ez dagoela. Beraz, ejem, badakizue jaunak, zuena da orain liburu guztion ardura eta... (PORTEATZAILEei) Baina zer egiten duzue por geldirik! Tira, gabiltzan arin, oraindik kamioi erdia falta zaigu-eta, aguro! (Berekiko) Ai ama, a ze izterrak!, a ze besoak!, a ze... (desagertu egiten dira).
LAUGARREN KOADROA
ELADIO. Banekien nik desgraziaren bat ekarriko zuela gaurko honek: goizean kotxea arrankatu dudanean katu beltz bat atera zaidak azpitik korrika; bulegora igotzerakoan aszensorean geratu nauk harrapatuta; eta bulegoko atea zabaltzearekin batera... hi!, txarangako gorbata hori distiratsuz mozorrotuta!
PERU. Egingo al duk ixiltzeko faborea behingoz. Erotu behar gaituela oraindik liriko madarikatu honek!
NEKANE. Bai halajaina! Baina ernegatzen hasia nagok ni ere. Telenobelako erromantze berria galdu diat, gantxiloa auskalo ze kaxaren azpian galdu den... Eta derrepente, tori!, ekartzen ditek liburu kargamentu bat eta allakuidaus! Hemen kristo guztiak eskuak garbitzen dizkik motell!
PERU. Honen kulpa guztia, literatoek zeukaten, neska. Eta deskuidatzen bahaiz «funtzionari potrosoaren» kontra idatziko diten gero!
ELADIO. Ez pasa, hi...
PERU. Nola ez pasa! Hasten zarete poetak, hala, lapitzari punta atera, errima mordo bat egin... eta benga liburuak txurroak bezala kalera! Orain esango didak hik ezetz! Hoa popatik hartzera!
NEKANE. Ez, ez, hau ez zihoak inora. Bazegok hemen zer egina franko.
(Halako batean kaxa andana jaurti eta jaurti pasten dira atetik. Bulegoan apenas geratzen da honez gero mugitzeko lekurik)
BEDELA. (Off) Bota beldurrik gabe, bota! Zenbat eta urrutiago hobe, lekua aprobetxatzeko! Bota beldurrik gabe!
NEKANE. Atekoaaak! Sosegatuko al zarete sekulaaa!
PERU. Bizi santu guztia pasatuko ditek hauek liburuen deskargan?
ELADIO. Ai ene, ai ene!, tokatu behar zitzaigun ba deskalabroa!, hau desastrea!, katastrofea!, kaosa!
NEKANE. Hago ixilik behingoz, nerbiosa jartzen ari nauk-eta hainbeste mamarrokeriarekin!
ELADIO. Desastrea!, katastrofea...!
PERU. Kakatzarra! Geratuko ahal da morrosko pare hori! Zaudetela kieto!, alto!!, edo sailburuari luzatuko dizkiot gure kexuak! Hauek ez zekitek ongi norekin ari diren...
(Liburu gehiago erortzen da bulegora bata bestearen ondoren, BEDELAren aginduzko orru artean)
ELADIO. «Zeus, Zeus, zergatik guri uholde hau?».
PERU. Itoko gaituzuelaaa!
NEKANE. Ezin diat gehiago agoantatu. Itxi behar zieagu atea edo gureak egin dik!
ELADIO. Gutuna, gutuna, non da gutuna.
PERU. Barrikada, salbatuko bagara!
NEKANE. Atea, atea!
ELADIO. Gutuna, gutuna, non da gutuna. "Gutuna da gure azken trena".
NEKANE. Sokorrooo!
(PERUk barrikadari ekiten dio beretik aterata, amorruz. Kanpotik botatzen dituzten kaxak eusten ditu izerdi patsetan, aldi berean barnekoez atea tapatzea lortuz. ELADIO eta NEKANE batzen zaizkio bulegoaren defentsan. Liburu kaxa guztiak ateruntz bultzatzen saiatzen dira)
PERU. Hona, hona! Ekarri batzuk, bultza hemendik, eutsi, hori duk-eta, ez errenditu!
ELADIO. Ez gaituzte lurperatuko! Ez horixe!
NEKANE eta PERU. Irabaziko dugu!
ELADIO. Ez dira sartuko!, ez!, ez! (...ala bai?).
NEKANE. Ixo eta bultza! Pixkat gehiago! Azken kaxak dituk, azken kaxak dituk! Ez etsi motellak!
(Liburu kaxez gainezka geratu da bulegoa, denak atekaldera bultzatuta. Bulegoko beste puntan funtzionariak leher eginda, arnas estuka, beraiek eraikitako gartzelan atrapatuta. Isiltasun luzea. Telefono txirrinak jotzen du, hiruetarik inork hartzen ez duela. Errepikakor jarroitzen du txirrinak. NEKANEk telefono bat topatzea lortzen du azkenean)
NEKANE. (Deitzaileari ezer esateko denborarik eman gabe) Lagundu!
|