L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Eusebio Larrañaga:
«Gobernuak politika garbi eraman du
baina diru gutxi dago»

 

        Eusebio Larrañagak Antzerkiko Zuzendari Nagusiaren kargua dauka Eusko Jaurlaritzan, duela urte betetik hona. Kargu horretan sartu arte ez zuen inolako loturarik izan antzerkia eta bere inguruarekin. Zerbait aipatzekotan, eskola garaian denok egin izan ohi duguna egin zuela: hiru-lau obratan parte hartu zuen. Horretaz kanpo, ez dauka beste inolako esperientziarik antzerkian, irakurri duenaz gain, jakina. Hezkuntza alorrean egin izan du beti, beraz, azken arte honetan teatroko jendearekin izan dituen harremanak dira antzerkiarekin daukan esperientzia bakarra.

        — Zertan da antzerki prestakuntzaren panorama Euskal Herrian, eta zein premia berezi azpimarratuko zenituzke prestakuntzari buruz?

        — Euskal Herrian daukaguna da «Antzerti» Eskola. Duela lau arte hasi zen izugarrizko ilusioekin; azken urteotan ordea, ez dakigu zergatik edo non dagoen errua, baina, sekulako beherakada izan du. Horregatik, tekniko batzuk ekarri ditugu Catalunyatik, azterketa sakon bat egin dezaten. Plangintza berri bat egin nahi dugu.

        Dena dela, eskola hau tokiz aldatzeko asmotan gabiltza. Eta uste dugu tokirik egokiena Zorroaga izan daitekeela.

        Eskola honek hiru helburu bete beharko lituzke:

        Lehenengoa, profesionalak prestatzea. Hau da, teatrorako edo zinerako jende berria prestatzea. Beraz, prestakuntza bat ematea litzateke lehenengo puntua.

        Bigarrena, lanean ari diren profesionalen birziklapena, nahiz eta ondo jakin jakituria praktikak ematen duela, guztiz beharrezkotzat jotzen dugu birziklapen hau. Zerbitzu hau ikastaroen bidez eskainiko litzateke. Eta hirugarren helburua, Antzerti, biltzeko toki bihurtzea litzateke. Hau da, profesionalen premiei nolabait erantzun: liburutegia, orientazioak, etabar. Azken finean, topaleku bat izatea elkarrekin egon eta hitz egiteko.

        Antzerti-k euskal eskola izan behar du. Euskararen egoera larria dela kontutan harturik, instituzioetatik bultzatzea da irtenbidea, bestela euskal tetroak porrot egingo du. Beste hitz batzutan esanda, eskola honek euskal teatroa bultzatuko du.

        Aurten Donostian kokatu nahi dugu eskola, hau da, leku jakin batean finkatu, eta gero, ondo baldin badoa, zabaldu egingo dugu.

        Dena dela, badaude «Udal Tailerrak» deitzen direnak, eta guk ere laguntza ematen diegu. Guztira zazpi dira (Errenteria, Durango, etabar).

        Nik uste dut bekarik handiena Antzerti bera dela, dohainik delako.

        Hala ere, bi milioi daude bekak emateko, eta beti dira profesionalentzako, inoiz ere ez hasi berrientzako. Argi dago bekak emateko erizpidea zein den: teatro mailan kalitatea eta profesionaltasuna erakustea.

        Beste asmo bat ere badaukagu, hau da, euskara ikasteko bekak zabaltzearena, baina ikerketa prozesuan dago oraindik.

        — Zer deritzozu zirkuito teatralen funtzionamenduari?

        — Gobernuak kultur produktoa sortzea du helburutzat. Horretarako diru-laguntzak ematen ditu, baina zirkuitazioa edo azpiegitura Foru Aldundiaren eskuetan gelditzen da.

        Guk ez dugu zirkuitoetan sartzeko asmorik. Subentzionatu ditugun taldeei guretzako bost emanaldi eskatu besterik ez. Hauxe da zirkuitoetan izango dugun presentzia bakarra. Beste guztia Aldundiaren eskuetan geratzen da. Euskal Herrian Areto edo Antzoki iraunkorrak behar ditugu, jakina.

        Futbolean egiteko zelaiak dauden bezalaxe, kultur ekintzetarako ere lokalak edo leku egokiak behar dira. Teatroaren kontzeptua aldatu egin behar da; ez da pentsatu behar teatroko jendeak alde batetik bestera ibili behar duela ijitoak bezala. Ideia hori aldatu egin behar da, eta leku egokiak prestatu. Azpiegitura hau Udalek eraman beharko lukete aurrera. Baina argi dago Udalek ez dutela baliapide ekonomikorik aretoak konpontzeko. Beraz, Jaurlaritza, Diputazio eta Udalen arteko koordinazio estu batera iritsi behar da. Hala eta guztiz ere, arazo handia da eta hor dago, konponbideak bilatzeko asmoak badaude ere.

        Egia da Administrazioak oztopo handiak aurkitu dituela teatro emanaldiak antolatu dituenean. Akats handiak egon dira arlo honetan. Horregatik, guzti hori zuzentzeko, «entitate» baten bidez antolatzea pentsatu dugu.

        Konbenio bat egin dugu Lankide Aurrezkiarekin, hau da, guk kultur produktoa jartzen dugu eta beraiek propaganda; horrela, hobeto joango da dena.

        Hauxe da ezkontzarik egokiena kultur bidea antolatzeko: gu eta entitate profesional bat elkar lanean aritzea.

        Esandako guztia laburtzeko, hauxe esango nuke: Jaurlaritzak kultur produktoa sortzen du, Aldundiak zirkuitoak eratu eta Udalak aretoa jarri.

        — Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa...

        — Azken urteotan Gobernuak politika garbia eraman du. Diru-laguntzak banatzerakoan aholkulari talde bat erabili dugu eta talde horrek ezarri dituen erizpideei jarraitu diegu. Talde horrek egindako sailkapena aintzakotzat hartu dugu beti; orain beste kontu bat da erizpide horiekin ados ez egotea. Gu horretan ez gara sartzen.

        Beste arazo bat da, diru gutxi dagoela banatzeko, teatroko jendeak esaten duenez. Eta hori onartu egin behar dugu; egia da zinean inbertsio handiagoak egin duela teatroan baino.

        Beste puntu bat da «Pipin»en arazoa. Lehendabizi esan behar dugu antzeslan hau subentzionatzeko ez diogula teatroari ezertxo ere kendu. Beste diru-partida batetik irten da subentzio hori. Nik uste dut badugula lejitimitatea zerbait berezia ospatu nahi dugunean horrelako emanaldiak antolatzeko. Ahalmen hori badaukagu, lehiaketa publikorik egin gabe ere. Horrexegatik antolatu dugu ikuskizun berezi hori.

        Berriro ere subentzioen harira itzuliz, eta esku artean diru gutxi daukagula kontutan hartuz (30 milioi hain zuzen), talde askori (22 talderi) eman beharrean, talde gutxiri ematea pentsatu dugu. Talde profesionalei egonkortasuna ematea eta indartzea litzateke gure helburua. Bost edo sei talde izango dira subentzioa jasoko dutenak eta bi urterako plangintza eskatuko diegu. Urte bakoitzean gehienez sei milioi eskuratuko dute, beraz, bi urtetan hamabi milioi. Horrela, nolabaiteko egonkortasuna izango dutelakoan gaude.

        Beharbada, beste talde batzuk desagertu egingo dira, batez ere amateur moduan dabiltzanak. Hala eta guztiz ere, guk nahiago dugu bost edo sei talde indartzea. Besteentzat zirkuito bat montatu nahi dugu, aretoa dohainik jarri eta takilako dirua taldearentzat. Hauxe da talde amateurrak bultzatzeko erabaki dugun bidea.

        Eta bukatzeko, esan behar da euskara hutsean egiten dutenak lehentasuna izango dutela subentzioak jasotzerakoan. Bigarren, elebidunak datoz, eta azkenik, erdara hutsean egiten dutenak. Argi dago beraz, euskaldunak lehentasuna dutela.

        — Nolabaiteko funtzio aproposik betetzen al dute antzerki jaialdi eta topaketek?

        — Nik, egia esan, bildurra diet jaialdien inguruan antolatzen diren emanaldiei. Zoritxarrez gizarte honetan gehiegitan egiten da, bolada batean teatroz bete-bete egin leporaino, eta gero urte osoan ezer ez. Beraz, gure politika izan behar du urte osoan zehar euskarazko teatroa eskaintzea.

        Dena dela, ondo ikusten dut noizean behin emanaldi fuerte batzuk egitea.

        Azpeitiko Topaketak ondo ezagutzen ditut eta aurtengoak porrot egin duela onartu behar da. Euskal teatro gutxi eskaini da.

        Argi dago azken urteotan listoia jaitsi egin dela euskal antzerkian, eta eskaintza ere urriagoa dela. Horregatik bada, ahaleginak egin behar ditugu listoi hori igotzen.

        — Egizu gaur egungo euskal antzerkiaren halamoduzko diagnosia.

        — Euskal Antzerkiaren egoera larria da benetan. Herriak ez badu euskal teatroa sortu nahi, Administrazioak nekez konponduko du arazo hori.

        Horretarako neurririk egokiena, euskaraz egiten duten taldeak gehiago baloratzea da. Dirua banatzerakoan puntuazio handiagoa ematea. Baina horrek arazo larri bat sortzen digu: euskaraz delako edo kalitatezkoa delako lagundu behar zaio? Argi dago oreka bilatu behar dela horretan.

        Bestalde azpiegitura on bat behar dugu. Talde euskaldunak ekonomikoki potentziatu, tresneria aldetik behar bezala hornitu eta azpiegitura sendo bat egin. Holaxe sortuko da kalitatezko antzerkia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.