L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Josu Kamara:

«Kalea aukeratu dugu
herriarengana heldu nahian»

 

        Kukubiltxo talde bizkaitarra ondo ezaguna dugu. Haien ankaluzeak, beste munduetako pizti izugarriak, eta umeak uxako moduko gomazko buruhandiak gure artean sarritan izan bait dira. Larrabetzukoak kale antzerkian dabiltzan arren, umeei barrea eta negarra eragiten, agian bere lana ezagunago da Korrika, Egin eguna, Kilometroak, Ibilaldia eta antzekoetan aurkitzen ditugulako. Batek baino gehiagok esango luke azken urteotan ez dela euskal jairik Kukubiltxo egon ez denik. Taldeko partaidea den Josu Camararekin izan gana kafe orduan, solasean, Kukubiltxok dituen asmoetaz luzaro hitz egiten.

        — Orain arte Kukubiltxoren lanak sormen kolektiboan oinarritu dira. Ze arazo aurkitzen diezue aldez aurretik idatziriko testuei? Zergatik aukeratzen duzue zeuek burutzea testuak?

        — Sormen kolektiboaz hobeto moldatzen gara. Normalean ideia baten gainean eraikitzen dugu obra, zertaz hitz egin nahi dugun eta nola kondatzen dugun; azken batetan mezu bat eman nahi dugu. Ez da oso erreza gai hori idatzita dauden antzerki obretan aurkitzea, eta are guttiago guk azaldu nahi ditugun itxura eta edukiekin.

        Errezago litzateke autoreren batekin lan egitea, ideia baten inguruan, testuak idazteko gaitasun handia daukan horietako batekin, baina momentuz ezinezkoa denez sormen kolektibotik abiatzen gara.

        Bi arlo daude —autorearena eta sormen kolektiboa—, helburua argi edukita biak izan daitezke nahiko positiboak. Autore antzerkian klasikoetara eta idazle kanpotarrengana joaten da talde asko; gero obra horiek ez dituzte egokitzen euskal errealitateari, eta lan horrek bere garaian eta bere lekuan zeukan zentzua galtzen du beste leku eta beste egoera batetan. Azkenean suerta liteke obrak mezu falta izatea.

        — Mezuarekin batera itxura dago. Egituran ere korronte ugari izan da, hor daude antzerki klasikoa, abangoardiakoa...

        — Argi badaukazu esan nahi duzuna, gainontzeko guztia tresna hutsa bilakatzen da. Gurea irudien antzerkia dateke; guk irudiak, koloreak, formak eta halako gauza pila erabiltzen dugu, horiek gero testuarekin nahastatu egin behar ditugu. Orain arte ez dugu inolako obra muturik egin, eta beharrezkoa ikusten dugulako hitza ere.

        Ez dakit abangoardian gauden edo orain urte asko asmatutako antzerki moeta bat egiten ari garen. Askok esaten digu gure antzerkia ez dela antzerkia, baina niri horrek ez dit buruhausterik sortzen. Antzerkia guretzat gauzak esateko tresna bat da, orduan gauzak esatea modu klasikoagoan edo esperimentalagoan... biak izan daitezke onak jakinez gero zer esan nahi duzun. Bestela, antzerkia ze klasean sartuta zauden adierazteko beste modu bat bilakatzen da. Gaur egun Arriaga edo beste holako edozein aretora antzerki obra bat ikustera joateak esan nahi du maila sozial batetan zaudela, eta baduzula bai dirua zein behar besteko dotoretasun eta klasea holako gauzak ikusteko. Hor postura gehiena egiten dute estetizismoarekin, baina azkenean kasu gehienetan obrek ez dute ezer kondatzen. Ikuslegoaren arteko elkarrizketak obra ikusi ondoren beti izaten dira puesta en escenari buruzkoak, edota antzezlearen jantziera edo dekoratuaz. Sekula ez dute obraren gaiari buruz hitz egiten, hor dago desberdintasuna.

        — Zuk Arriaga antzokiaz hitz egin duzu. Arriaga oso leku konkretua da, mugatua eta konnotazio askoduna, baina badira antzerkirako beste gune batzu ere, zuek esaterako kale antzerkia egiten duzue...

        — Taldea sortu zenetik erabaki genuen ume antzerkia egingo genuela euskaraz eta gure medioa kalea izango zela, eta horretan segitzen dugu. Horregaitik orain arte, eta seguraski hemendik aurrera ere, bigarren mailako antzerkia egiten dugula esan ohi dute, baina guri bost axola zaigu. Kalea aukeratu dugu herriarenganaino heldu nahi dugulako, eta ez dugu nahi gure obrak ikusteko holako sarrera eta mugak pasatu behar izatea. Obrak kalean egitean guk ziur daukagu publikoa, eta gainera gure publikoa, sarritan nahi gabe harrapatutakoa.

        — Kalean dagoen publikoak ez du sarrerarik ordaintzen, eta nolabait horrek oztopo bat baino gehiago ekar lezake kontrataziorako...

        — Kale antzerkian badago konbentzionalismoa sartuta, eta kale antzerkia egiten duzunean ezin dutenez kobratu katxet fijoa ipintzen dugu, eta hori kobratzen dugu gehienetan. Dena den guri atsegina zaigu kalean aritzea, publikoarengandik askoz hurbilago sentitzen garelako.

        — Kalean, jente artean antzezteko zuen artean lotura sendoa edukiko duzue... Zer nolako harremana daukazue antzerkigileek taldean, zein da egokiena: kontratazioa, kolektiboa...?

        — Gure helburua momento honetan da talde trinkoa izatea, bai ideologikoki, bai antzerki aldetik ere. Gero, gure burua gazte eta dinamikoa sentitu nahi dugu.

        Heziketa prozesuan ari gara, erakusten diogu jenteari badagoela antzerki moeta bat atsegina izan daitekeena, ea horrela antzerkizaleak egiten diren. Linea honetan hasi ginenean batzutan esaten ziguten kristianoz hitz egin genezan, gaur egun ez zaigu hori sekula gertatzen. Herenegun Burtzeñan izan ginen, eta aurreko egunean Arbuyon ere, eta han antolatzaileek eskatu ziguten erderaz egitea, edo bestela beste obra bat egitea. Gero jente mordoa egon zen, inork ez zuen protestarik egin, eta denak oso ondo pasatu zuten. Kalean euskara gutti entzuten bada ere gure obretan entzungo dute. Gainera denek zekiten antzerkia ikusten ari zirela, iragarkietan eta leku guztietan antzerki bezala iragarrita zegoelako. Hurrengoan jenteak beste antzerki moeta bat ikusteko aukera badu hurbilduko da, lehendik ere badaukalako erreferentzia bat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.