L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal teatroa eta abangoardia

 

Karlos Panera Mendieta

 

        Azken urteotan ohizkoa egin zaigu «krisia» hitza edozein gaitaz mintzatzean. Oro omen dago krisian, gizartearen zutarriak, familia, industria eta, jakina, baita zinea, teatroa eta horrelakoak ere. Begibistakoa da teatroak, edozein arte mota bezalaxe, aldaketak jazotzen dituela etengabean. Horrela gertatuko ez balitz, betiere arau zaharraren arabera mugituko balitz, orduan bai izango lituzkeela benetako arazoak, oinarrizko arazoak.

        Betiko teatroaz ari bagara, orain 30 urte egiten zenaz eta oraindik ere urtean zehar ikus dezakegunaz, orduan bai, orduan pentsa eta esan genezake teatroa ez dela ezer mugitzen. Ohiala jaso orduko besaulki bat agertzen da (bai klasikoa zein diseinukoa), neskamea sartu eta zera dio, esaterako: «zopa mahaian duzue dagoeneko». Honen aurrean, gutxien senti dezakeguna asmo txarrik gabeko asperdura da, geroago entzun edo ikusten dugunak asperdura hori benetako haserrea bihurtzen ez badu.

        Bai, jakina, «teatro de tresillo» delakoa zaharkituta geratu da, historiara pasatu da, oraindik ere konpainiako zuzendari gehienek hortan saiatzen segitzen badute ere: Aktore ospetsuak besaulki eder horietan jezar eta altxarazten.

        Beti egon da, haatik, bere garaia gainditu duen teatroa, eta haren gaurkotasuna egiazta dezakegu egun zein etorkizunean.

        Teatroa iraun eta bilakatu egiten da gure baitan bait dago, gure osagarri garrantzitsua bait da, azken finean. Denok entzun eta esan dugu inoiz baten batek «teatro asko» egiten duela. Esaldi eta errealidade honen azpian teatreroen oinarrizko ideia datza, gure bizitzan teatro asko egiten bait dugu, teatroa baino ez batzutan. Telebistako hizlariak esaterako maisuak dira: Oraingoan zuzen eta geroan zeharka, gaur esanguratsu eta bihar aseptiko, munduaren irudi bat ematen digute eta guk irentsi egiten dugu kafesnearekin batera. Eta zenbat eta aktore hobeagoa izan bestea, gustorago irensten dugu haren gaileta, haren gezurra, eman nahi digun mezua.

        Egunez-eguneko antzezpen txiki hauek dira, beraz, teatroaren oinarria.

 

        EGIANTZEKOTASUNA ETA KOMUNIKAZIOA

        Azter dezagun ordea teatro-sorketa bera. Ekintza teatrala espazio jakin batean ematen da, zeinetan ikusleak identifikatu ahal duen zer eskeintzen zaion espazio horren barnean. Espazio horretan agertzen eta gertatzen den guztiak inportantzia handia dauka. Denak dauka bere funtzioa eta dena da ikuskizunaren osagarria. Ikusleak badaki, bestalde, bertan gertatzen den guztia benetan gertatzen dela, behin eta berriro gertatzeko prestaturik dagoela jakin arren, une horretan egitan gertatzen ari dela begien aurrean. Egiantzekotasun hau da teatroaren oinarririk garrantzitsuena: aktorearen egiantzekotasuna bere antzezpenean, ikuskizun berarena. Eta egiantzekotasun hau lortzen den neurrian ideien eta sentimenduen komunikazioa errezagoa suertatzen da.

 

        ABANGOARDIA: KONTZEPTU IRRISTAKORRA

        Abangoardiaz hitz egitean ikerpenaz ari gara gehienetan. Ezinbestekoa da horretarako, alde batetik, aztergaiaren, kasu honetan teatroaren, «a-b-c...» edo arauak zeintzu diren argi eta garbi edukitzea. Ezagutu behar da, beste aldetik, zein momentu historikotan dagoen, eta, azkenik, bilakaera-gogo handia izan behar dugu.

        Abangoardia oso hitz eta kontzeptu irristakorra da, askotan nahasten bait dira «moda» eta «abangoardia». Moda abangoardia merkantilizatua litzateke, kontsumo-gaia izateko ikertua eta burutua den zerbait. Dena izan daiteke moda gaur egun, den dena mekaniza, sistematiza eta merkantiliza daiteke-eta, baita «artea» bera ere. Horretan saiatzen da behinik behin. Helburua zera da, jendeari zeozer saltzea: modernitatea, posmodernitatea, diseinua... edozer. Moda eta produkto berrien arteko konpetentzia kupidagabea gure gaurregungo zirko erromatarra da.

        Abangoardia, nire ustez, askoz ere fenomeno intimoagoa da, askoz ere norberakoagoa teatro zein musika zein literatura zein... edozer gauza sortzen ari denaren baitan. Etengabeko ikerketa eta ikasketa intuitiboa, eta aldi berean zehatza, suposatzen du. Oztopo, erregela, kortse guztien kontra jotzeko borondate sorkorra edukitzea da eta, honekin batera, ezer gutxi dakienaren umiltasuna erakustea, bere mundu txiki eta estua baino ez duela ezagutzen dakienaren apaltasuna.

        Aipaturiko «borondate sorkorra edo kreatiboa» ezer berria egitearen ilusiotik sortzen da, berrasmatu eta aldatzearen ilusiotik. Guzti honetarako jakin egin behar da, ezagutu, etengabean ikasi. Txarrena, nazkagarriena «abangoardia» deituriko honen barruan, listoarena egitea izango litzateke, tontorik azkarrenaren papera konszienteki hartzea, begibakarrarena itsuen munduan. Gure kulturaren pobreziaz jabeturik egotea eta honi eta norbere buruari kontra ez egitea.

        Kontutan harturik hizkuntzen eta kulturen desagerpena ez dela bapatekoa, baizik eta epe luzeko prozesua, hemen, Euskadin, beste arazo larri baten aurrean aurkitzen gara. Urteotako bultzada eta guzti ere, euskal hizkuntza eta kultura hil ala biziko egoeran dauzkagu. Honen aurrean neurri asko hartu behar dira, politikoak izanik lehenetarikoak. Eta esan beharra dago poterea eskuetan dutenek ez dutela inolako abangoardismo politikoa, guztiz kontrakoa baizik: hazitako apurra akatu eta deuseztea.

        Hala eta guztiz politika eta politikaren atzean, kaleko bizitza dago, egunez egunekoa. Euskara altxatu, zuzpertu egin behar dugu komunikazio eta elkar-bizitzerako instrumentua izan dadin. «Txapuzak», rigor eta kalitatearen falta, kopia txarrak, eta abarrekoak oso etsai hilgarriak dira. Euskal kulturak, bere fazeta guztietan, gauza berriak eskeini behar ditu, euskalduna zein erdalduna euskaraz komunikatzera bultzatzen dituzten elementuak. Lan guzti hau berria eta kreatiboa da, esparru zabal oso bat, baina inola ere ez eskemak errepikatzeko, baizik eta konpetitiboak izateko, irudimenaren indarrez, beste hizkuntza guztiekiko. Munduaren aniztasuna aldarrika dezagun baina modeloak errepikatu gabe.

        Egin dezagun abangoardia egunez-egun.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.