L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Izar Beltza

 

Iñaki Irazabalbeitia

 

Krisketa heldu eta atea zabaldu nuenean, Izar Beltzaren eguratsa osatzen duen ke-lainoak sarkorki astindu ninduen. Sartu eta atea azkar itxi nuen keari ihesbidea moztu asmoz. Ene begiek taberna barneko iluntasunari, argitasun-eskasiari zehatzago, neurria hartu zioten astiro-astiro. Ia hutsik zegoela somatu nuen. Ohizko ke-zurrunbiloen artean arrats euritsu hartako bigarren bezeroa nintzenaz ohartu nintzen. Barra luze ilunaren bukaera aldean pertsona baten irudia iger zitekeen egurats trinko eta uherrean zehar. Ke iraunkor zeharkezina da Izar Beltzaren ezaugarririk nagusiena. Batzutan, horren trinkoa izaten da keak sortutako lanbroa ezen barra nekez ikus daitekeen paretaren kontra dauden mahaietatik. Izan ere, kearen iturria non dagoen galdetzen diot maiz nere buruari egun hartan bezala, taberna hutsik dagoeneko egunetan.

        Urrats lasaiez fondoko neure ohizko mahaitxorantz abiatu nintzen bidean zeuden eserleku eta beste oztopoei itzuri eginez. Leihoetako kristal koloretsuak zeharkatzen zituzten argizpi ausartak nekez barneratzen ziren gortina astun eta trinkoetan zehar. Paretetako lanpara opakoen bonbilek emandako argitasun makalak ez zuen, bestalde, laguntasunik eskaintzen oztopoz jositako bidea istripurik gabe egiteko.

        Marinel-taberna izana zen Izar Beltza garai batean. Sapaitik eskegitako aintzinako bela-untzien zurezko maketak, ekaitzen bildurgarritasuna darakusaten paretetako kuadro adierazgarriak, ate gainean zintzilikatutako sirena zaharkitua eta bapatean somatzen den kresalaren zaporea iragan horren lekuko dira. Barraren atzean egoten den Pello eskutzarrek hamaika saretatik tira egin dutenik ezin ukatu gainera.

        Egun, aspaldiko itsas menturan neke eta penak kontatzera hurbiltzen den marinel zaharrik bada ere, gutxienak izaten dira bildutakoen artean itsasoarekin zerikusia dutenak. Pelaje guztietako jendea biltzen gara. Bakardade-babesleku izkutu baten bila ni bezala dabiltzan arima penatuetatik hasi eta «azkenengo tragoa» egitera datozen alkoholizatu kupidagarri horietaraino. Bidea galdutako turista kameradunak, maitemindutako usapal-bikoteak, mugidaren pil-pilean dauden gazte progreak eta beren onenak gastatutako puta galduak ez dira tartean falta.

        Mahaitxoak eratzen duen hesi psikologikoaren atzetik inguratzen nindutenaren aztertzeari lotu nintzaion. Horixe izan da denbora luzez bete nauen pasio eta bizio bakarra. Miradore handi baten atzean bainintzan, nere azpitik iragaten zenaren berri hartu, jaso eta bildu ondoren, besteen gainetik dagoela uste duenaren kritika zorrotz miketzak egiten nituen. Horrelako betebehar baztergarriak burutu ahal izateko toki egokia da Izar Beltza. Kearen urdintasunean, norberak bere mundua irudimenaren arabera sortzen du eta unibertso isolatu horretan murgiltzen da, besteen eritzi eta aburuez axolarik izan gabe.

 

Pello zaharrak garagardo beltzez betetako pitxerra mahai gainean utzi zuen, eskerrak emateko keinu arin moduko bat egin niolarik.

        Barrari eusten ari zitzaion agurea zaharra zirudien benetan. Sakabanatutako ile-txima zuri batzuk besterik ez buruan. Euriak lurrazalean higitutako erretenen moduko zimurrek betetzen zuten hamaika urtetan eguzki eta haizeak urratutako aurpegi zorrotz hura. Meharra zen gizona, ia haragirik gabekoa. Hezurrek osatutako angeluak erropa zapar eta gastatuaren azpian somatzen zitzaizkion. Hatzak, luze eta hezurtsuak, dardar bizitan zituen. Ez nuen ezagutzen, ez zen hara hurbiltzen zen horietakoa.

        Nere begiradaz konturatuta edo barraren ondoko bere jarlekua utzi eta ardo-basoa eskutan harturik urrats ezegonkorrez mahairaino hurbildu zitzaidan.

        —Zaharra nauk ezta? gazte! —esan zidan ahots kaskatu batez begien aurrez aurre eseritzen zitzaidan bitartean—. Hik uste baino zaharragoa gainera.

        Idiarenean harrapatutako mutikoaren moduan mutututa gelditu nintzen fitxik ere ezin esan.

        —Katuak mihia janda boina begi zorrotzegiak dauzkak! Agure gizarajo ponen azkenaz trufa egitera etorria ezta?

        —Ba, nik... —mihia nola edo hala trabatzen zitzaidalarik zertxobait esaten hasi nintzen berak ardo-trago bat hartzen zuen bitartean, baina berak ez zidan utzi.

        —Hago isilik lotsagabea! —agindu zidan garaztasun apur batez— eta entzun...

        —Ni garai batean, gazte izan ninduan. Hi orain hagoen bezala biziaz bapo nintzen eta berak eskaitzen dituen plazerrez gozatzeaz ez ninduen damutzen. «Bizi eta datorrenari eutsi» huen nere lema.

        Tamalez, familia pobreko semea ninduan. Eta parrandari eusteko, birtute eskaxeko neskatxei jarraikitzeko eta tabernetako zulo ilun jokoan aritzeko beharrezko dohaina duk ondo betetako poltsa. Mutikoetatik hasi ninduan lanean morroi, zapata-konpontzaile zein taberna-mutiko. Etxean uzten nizkian hasiera batean nere irabaziak. Azkar konturatu ninduan ordea, maltzurkeriaren bideaz eta dirua tabernari, neskato lotsagabe eta jokalari prestuen eskuetan bukatzen hasi huen.

        Bizioak asetzeak astuna eskatzen dik halabeharrez. Lanean irabaziek ez nindutean nahikoa dirurik ematen bere parranda-egarriak betetzeko. Gaueko ordutan kale ilunetan zebiltzan mozkorrei sakelaren pisua arinduz hasi ninduan. Etxeko leihoak bortxatuta andereen bitxi eta harribitxiak aparadoreetatik lapurtuz jarraitu ninduan. Kasik konturatzeke, gaiztakeriaren zurrunbiloan harrapaturik gelditu ninduan...

        Ez pentsa damutzen nintzenik, harro nitxebilen ordea. Giro horretan, nere galmendia izango zen Jauregi sasidoktorearen ezagumendua egin nian... Honen antzeko taberna zulo zikin eta ilun batean topatu ninduan. Haren misterio-lorratzak erakarriko ninduean eta epe motz batera haren laguntzaile, morroi egia esan, bihurtu ninduan.

        Hark enkargatutako lan zikinak egiten nizkian. Jauregi erdi-kimikari eta erdi-alkimista huen. Eta askoren antzean, harri filosofalaren bila zitxebilen sasikume hura. Faustoren moduan betirako bizia jasetsi nahi zian. Infernuko deabruek jan dezaten urdakume hura!... Jauregi, Elhuyar anaiekin ibili omen huen Bergarako Mintegiko laborategian wolframioa isolatua izan zeneko garai hartan...

        Neri bapatean jarri zitzaidan harridurazko aurpegia somatu duen edo.

        —Ken ezak babu aurpegi hori! Bai, duela berrehun urte jazotakoaz ari natzaik!

        Burutik egindako baten aurrean nengoela pentsatzen hasia nintzen ordurako. Halere, entzuteari jarraitu nintzaion.

        —Bergaran jaso omen zizkian hark kimikaz zituen ezagumenduak. Alkimiaren iturria aitzitik, liburu zahar hautsez betetakotan mamitu zian. Han zizkian Paracelsus, Nostredamus, Sendivogius eta beste zenbaitzuren liburuak. Baina, bibliatzat Al-Ahamed alkimista arabiarraren Betirako Bizia edo Paradisuaren Ateak izeneko tratatua zian.

        Haren mandatari izanik, betebehar nazkagarri eta higuingarrienak hartu behar nizkian lepoan. Maiz ibili ninduan gauez kanposatutako hilobi isilen pakea urratzen hezur, hondakin eta nork dakien zenbait osagarri berezien bila. Neskatila birgina hit berrien alu aldeko ilea tiara Jauregik bere salo madarikatuaren osagarririk gogoenetakoa. Ardi-umetokiaren beharrik ez zuenean, pozik ibili nintekean. Egun osoan laborategian sarturik, bere kimika eta alkimiazko ezagumenduak bizi eternalaren bilakuntzan su eta gar ipintzen zizkian.

        Gauez, beste betebehar eskabrotsuagorik ez zegoen bitartean, taberna-zoko guztiak korritzen zizkian sekulako atxurraz lo seko edozein kale-ertzean jausi arte. Orduan, neuk jaso eta etxera eramaten nian.

        Laister Jauregi gorrotatzen hasi ninduan. Bera uzteko gogoa gero eta sendoagoa nian. Baina hark bizioetarako emandako sosek alde batetik eta berarekin lanean hasi nintzenean «nerekin bahator betirako duk» esandakoa gogoratzean sentitzen nuen ikarak bestetik, ez nindutean erabakia hartzen laguntzen.

        Alkohol-gau horietako batean, mendea erortzear zegoela, antsia berezi batez ikusi nian. Inoiz baino gehiago eta azkarrago edan zian ohi zuen ardo txar mindua. Arrats hartan irripartsu, keinu baldar hari irripar esaterik bazegoen bederen, atera huen laborategitik. Zerbait lortu zuela zirudien. Ondorengo alkohol-jasak areagotu zian ene susmoa.

        Bakoren lurrinetan laga nuenean laborategira jaisteko zirrara sentitu nian. Normalean, ahalik eta gutxienetan ibiltzen ninduan han behean. Toki hark bihotza uzkurtzen ninduean eta hestutasun moduko bat senti arazten zitxidan iztarretatik behera jaisten. Gau betirako madarikatu hartan, alkoholak emandako ausardi axolagabeaz sotora zeramatzaten mailak jaitsi eta zulo beldurgarriaren atea zabaldu nian.

        Mahai baten gainean kolore gorrixka distiratsuzko likido batez betetako matrazea zitxion. Haren errubio moduko argitasunak ia gela osoa argiztatzeko lain huen. Izar gorri baten antzekoa huen. Hari zerion distira hipnotizatu egin ninduean eta hari zuzendu nintzaion automata baten moduan. Zalantzako izpirik gabe matrazea eskuaz hartu eta ezpainetara eramanaz zurrupada luxea eman nitxion likido hari. Zapore gozoa, identifikatu ezina, zian. Inoiz horelakorik dastatu gabe nitxion. Zazpigarren zerurik badago, hara eraman ninduean edari majiko hark.

        Edariaren perfumeaz orditurik nenbilela, Jauregiren ahotz garratzak madarikatzen ninduela entzun ote nuen iruditu egin zitzaidan.

        Hurrengo goizean elixirraren lehenengo olde zoragarri hura igaro ondoren iratzarri nintzenean laborategiko zoluan luze-luze nentzan. Begiak zabaldu nituenean sarraskiaz eta hondamenaz jabetu ninduan. Ingurako guztia apurtuta zitxion. Botila, matraze, arrago eta bestelakoak irin bihurtuta zitxeuden nahaste-borraste sinesgaitza eraturik. Jauregiren gorputza, gorputza baten haragi oretsu eta odoltsuzko multzo hura, eskaileraren kontra itsatsita zitxion.

        Orduantxe konturatu izan banintz ere, munstro beldurgarri, kupidagabe eta odolzale bilakatuta niatxion. Jauregi gorrotatutako hartaz libratu izatearen poztasunaz basoa ikusten eragotzi zitxidan.

        Edari haren gozotasuna eztarrian barrena birsentitzen nuenean odola eta sarraskia behar nituela ikasi nian laister. Drogak hartzen ninduenean, indar izugarrizko deabru moduko pizti bihurtzen ninduan, animalia odolgosetua ezin ukatu. Edozein krudelkeria eta odolkeriak plazerra sortzen nindutean eta laket nizkian nere ekintzek besteengan eragindako sufrimendua eta beldurra.

        Bestalde, ezin ukatu diat transformazioa gertatzen zitzaidaneko lehenengo alditan beldurra, damua, lotsa eta kupida, guztiak batera, sentitzen nituenik. Hala ere, ingurukoak zahartuz eta zimelduz zihoazten bitartean ni neu gazte eta lirain niraunela ikusteak, betirako gaztetasunaren truke odolezko ordainketa txiki haiek pena merezi zutela pentsarazten zitxidaten.

        Urteak joan ahala eritziz aldatzen hasi nintzen ordea. Bukaerarik gabeko bizia daramanean denboraren zama zein latz bilakatzen den heuk ez daukak jakiterik...

        Hasperen egin eta jarraitu egin zen.

        —Triskantza eta sakaila beldurgarriak egin dizkiat nik urte luze guzti hauetan. Parrez gogoratzen diat oraindik Londreseko urdanga ziztrin eta galdu haiekin sortu nuen iskanbila, oraindik orain dirauena. Jack the reaper...

        Par moduko hots bat egin zuen eta haren begietan malenkoliazko zintx batzuk somatu ote nituenaren zalantza piztu zitzaidan.

        —Gazte, nereak egin dik. Bukatzen ari duk guzti hau. Erretzen ari den metxa baten moduan nere biziaren azken hatzbeteak erretzen ari nauk. Bi egun ez dituk beti bezain sendo eta gazte nengoela. Mozkorraldiaren biharamuneko aje moduan hasi huen, ondo eza zabal eta lokalizatu gabea. Lehenengo ile zuriak ondoren, zimur txikiak arrakaldura sakon bilakatu hituen eta adatsa galtzen hasi ninduan. Heuk orain nere egoera tristea ikus dezakek. Agure makala nauk aurki bere bekatu handi eta beldurgarriak ordainduko dituena...

        Nola jazo zen oraindik ez dakit. Une batez begiak itxi eta ondoren zabaldu nituenean ezer ere ez neukan begien aurrean. Bapatean, haren gorputza osatzen zuten molekulak lotzen zituzten indarrak hautsi eta atomoak tabernaren ke lanbrotsuan sakabanatu zirela zirudien. Barraren gibelean, ontzi-lehorketaren lan amaigabeari lotuta, zegoen Pellori so egin nion galdekor baina haren aurpegiak ohizko espresio eza zeukan. Hari begira bederen ez zirudien ezer harrigarririk gertatu berri zenik.

        Buruberotasunak eta giroaren keak sortutako esperpentuzko irudia ez ote zen istorio sinesgaitz hura pentsatzen hasi nintzenean, ustekabean nere mahai gainean neukan egunkariko lehenengo orrialdean zegoen argazki hartan pausatu ziren nere begiak. «Bi egun jada John Killer Colleman itxaropen zuria misterioski desagertu dena. Poliziak ez du haztarnarik boxealari ezagunaren kasuaz» titular peko argazki hartan zegoen gazte sendo indartsu haren begiak...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.