Makurkeriak zuzentzen
Iñaki
Makurkeriak zuzentzea helburu zuelarik, zaldun bat zebilen urrungo herrialde bateko basoetan barrena. Gizon trebea, ausarta zen zaldun hau, gau eta egun zaldiaren gainean, bere lantza, ezkutu eta guzi zebilena. Beti etsaien bila, ez zitzaion axola gizon multzo bati, armada bati edo edonolako piztizar bati aurre egitea: makurkeriak zuzentzea zuen helburu bakarra.
Zaldiak, Rozinante zeritzan zaldiak, neketsu hurbildu ohi zuen abenturara. Urrats nekeak, motzak luzatu ohi zituen, bere burua nekez mugituz.
Itxura Txarreko Zalduna zeritzon bidai lagunak zaldunari; bere gorputz argalak, indargeak, haizearen eraginez etzandako zuhaitzaren itxura ematen bait zion. Baina edonori laguntzeko, edonoren alde borrokatzeko edo edozein etsairi erasotzeko, beti zegoen prest: bere aparteko ausardiak hedatu zuen bere izena munduan zehar.
Abentura baten bila, Rozinanteren gainean, harrapaladan zihoan; atzetik, Santxo ezkutaria bere astoaren gainean, lasai hurbildik hizketan. Muino batetara ailegatzean, bi armada ikusi zituzten, garo artean izkutuka, elkarri erasotzeko prest. Eta Itxura Txarrekoak, lantza, lehenik armada bati eta gero besteari zuzenduz, gupidarik gabe eraso zien...
Garaipenaren ondorioz, harro zihoan Itxura Txarrekoa, aldamenean ezkutariak zer arraio zioen ulertzen ez zuelarik. "Artaldeak eraso ditudala; zer izpiritu maleziosok lausotu ote dizkio begiak...".
Bi armadak, erasoaren ondorioz, erabat sakabanatu egin ziren. Batzu hilurren lurrean zeutzan, beste ardiak basoan sakabanatu ziren, artzaina armada burua keinuka eta oihuka ari zitzaizkielarik.
Zelai ferdeak, zuhaitz luzeak... eta etsai berria aurrean: erraldoia. Beso luzeez ebakitzen ditu haizeak erraldoiak, beso luzeez ferekatzen lainoak. Eta oraingoan, erasotzen zalduna.
"Ene bizitzako abentura handienetariko bati ekin behar zioat, ene Santxo, Jainkoak eman dizkidan indarrez, kemenaz, baliatuz, bentzitu egin behar diat ene bidean ipini zaidan arerio hau, ene beso sendoez suntsitu".
Arren eta arren, ez zegoela halako erraldoirik bidean; errota besterik ez zegoela zelaian eta erokeriarik ez egiteko zioen ezkutariak, agian beldurraren eraginez.
Quijadak, ordea, lantza hartu eta Rozinante erraldoiari begira ipini zuen, esanez: "Lagun, gure bizitzetako abentura handienetariko bat diagu gaurko hau; guda hau eta geure izenak mendeetan zehar goraipatuak izango dituk".
Eta zaldiari astindu bat emanez, arrapaladan abiatu da erraldoirantz; bere indar guziaz eraso dio eta... hankaz gora dakusa bere burua; Rozinante aldamenean; eta bere erraldoia, benetako erraldoia.
Zelai hauetan ikusi ohi zen erraldoi zuri handia altxatzen da; erraldoi zuria bere ukabilak jasoz, ahur bakoitzean mozolo bat, fusildun mozoloa duelarik.
Itxura Txarreko Zaldunak ez du etsitzen. Ezpata eta ezkutua hartu berriz eskuetan eta erraldoiari erasotzen darrai, bere sendotasuna eztenkada bakoitzean tipitzen, erraldoia guziz apurtu arte.
Egun erraldoiak zutik darrai, bere erdian lantza zerurantz, eta gorputzeko kaioletan, txulotxoetan, gizaseme bat dagoelarik. Baina eztenkadak munstroaren gorpuak zulatzen doaz, gizasemeak atera eta erraldoia erabat suntsitzeko helburuaz...
Ezkutariak izpiritu maleziosoen eragipean darrai.
|