L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Duda mataza

 

Karlos Gorrindo

 

Joxe miel ez zen sinismen osoko gizona. Baina hala ere apeztu egin zen. Jaunarekiko militantziagatik apeztu zen. Ume umetatik eragin zioten Ama Elizak bidera ziezakiokeela soilik ontasunaren ildotik, eta izeba monjaren aholku etsigarriez elikaturik, misioetarako irrika sartu zitzaion, kristautu gabeko arimak salbatzearren. Fedegabekoak fededun egitearren.

        Hura zen Joxe Mielek amesten zuen gauzarik bakarrena; Jauna ezagutzen ez zuten pertsonek hura ezagutaraztea, bere ontasuna eta sakrifizioak, gizateri xehearen exenplurako eginak zirenak, jakineraztea, hau da, umiltasuna, dohakabearen aldeko jarrera, pertsonen arteko maitasuna; guzti hau munduan zehar barreiatzeko desioa sortu zitzaion ume umetatik.

        Baina Joxe Miel ez zen artean konbentzimendu handiko mutikoa, baina zizelkatu ere zizelkatu zioten kopetan, eta barrurago ere, fedegabeko arimak salbatzearren apeztu behar zueneko premisa.

        Monja kolegioak eta txikitatik hartua zuen erlijios heziketak apezgaitegirako bidean ipini zuten.

        Joxe Mielek, umetan, hain zuen barruratua Jaunarekiko fedean aurki zezakeela soilik barre oreka ezen apez guraria sartu zitzaiola. Eta barne oreka hori lortzeko, non hobeto apezgaitegian baino?

        Beretzat jaunartzearen errituala barrunbeko ama zantarretaz libratzeko eginkizun oinarrizkoena zen. Umetan egin zitzakeen pekatuak, egitez barik pentsamenduz sortuak zirenak, munduko ogenik lazgarrienak erizten zizkion, eta Jainkoarekin baketan egotearren zer hobeto konfesatu baino zerua lortuko bazuen. Jaunartuaz gero libreago sentitzen zen, garbiago, eta zeruko espazio libreak okupatuz zihoala uste zuen konfesatzen zen bakoitzeko.

        Zeruaz eta inpernuaz sinisterazi zioten ume umetatik; mundu honetatik kanpo omen ziren paradisu eta suzko amildegi itsusi eta beldurgarri batez.

        Suak eta inpernuak beraz beldur zemaioten, inpernura joateak arima galdu ez ezik, sufrimendu eternoa erakarriko ziolako seguru bait zegoen.

        Monjak eta apezek, lurrean Jainkoaren sikarioak zirenak, bide duin eta sakrifiziozko bat markaerazi zioten, eta Jainkoak berak arima makulagabe gordeko zion, hau pentsatzen zuen Joxe Mielek bederen.

        Koxkortu zenerako firmoagotu zitzaizkon ideal hauek; ispiritualtasuna erroagotuz zihoakion bere baitan, eta seguru ez bazegoen ere aukeratua zuen apezgo ikasbidea egoekiena zela pentsatzen zuen.

 

Gazte sartu zuten apezgaitegian. Aita-amak, begiak malkoz agurtu zuten semea, jada heurena ez zelako samindurik, baina pozik ordea Jaunaren babespeko ipinia zutelako.

        Ez zuen bere adostasun osoaz aukeratu bide hau, berak uste bait zuen umiltasuna, dohakabeen aldeko jarrera eta pertsonen arteko maitasuna predikatzeko ez zuela zertan apeztu beharrik. Baina on zeritzon Joxe Mieli gurasoen eta bere izeba monjaren esana egitea Jainkoarena berea egitea zelako uste bait zuen. Bere aldetik ere zerbait aportatu zuen apezgaitegian sartzeko. Ama, ni misioetara joan gura dut, errepikatzen bait zebilen, baina benetan zer nahi zuen jakin gabe.

        Hala eta guztiz ere, pozarren hartu zuen Jaberianotarako bidea. Han ikaskide berriak ezagutu, eta haiekin konpartituko zituen bere asmo on eta ilusio zintzoak. Jesukristok ezagutzera emandako egi eta maitasun absolutuaren eragile eta barreatzailearen sikarioak zer nolako bidetik abiatu behar ziren ikasiko zuten.

        Lagun on eta handiak egin zituen bertan; Ixidro, Florentzio, Umea goitizenez ezagutua zen gazteiztar bat..., hauek ziren berakin batera apezgorako bidea aukeratu zutenak.

        Kontzienteak ziren guztiak hartua zuten erabakiarekin. Ulertzen zuten ez zeta larroxaz hornituriko bidea aukeratu zutena, sakrifizioarena baizik. Apezgaitegian izanez gero lekorea ahaztu beharrean zeuden, hauxe bait zen apezek jarri zieten lehendabiziko premisa.

        Lekoreko mundua baztertu, Jainkoaren fedean murgildu buru belarri, eta bakoitzaren barne biltzean kontradizioak, zalantzak eta edertasuna bilatzen eta are artezten saiatu behar bait ziren.

        Apezgaitegiko bizimodua monotonoa zen, eta estudioetaz aparte olgetan ematen zuten denbora gehiena. Joxe Mieli gehien atsegin zitzaion kirola futbola zen, eta irakurtzea eta mendira joatea. Santi Mamineko koba zuloetan barrena paseiatuz hausnarketarako gogoa sartzen zitzaion maiz. Eta bizi zuen mundu irreal, ia ispirituala, eta errealaren arteko oreka bat bilatzen saiatzen zen.

        Apezgaitegia mundu hertsia zen, mundu bakarra, eta Joxe Mielek bazituen eduki beste kezka batzu teorian bakarrik gauzatzen ez zirenak.

        Bere ikaskideekin nahi zituen ardura hauek konpartitu baina beldur zen, haiek, Jainkoarekiko eta sinismenaren kezkak zalantzatan jarriko ote zuten.

        Jainko bakar bat zegoela jakinerazi zioten Joxe Mieli eta honen nagusitasuna ezbaian jartzen ez bazuen ere, entzuna eta irakurria zuen, bazirela munduan beste Jainko batzu, zitekeena zena Joxe Mielena berea izatea, baina izen diferentez ezagutuak.

        Apezgaitegian ziren momenturik alaienak familiaren etorrerak ematen zion Joxe Mieli. Zer moduz Joxe Miel?, etxekoek. Ondo, Joxe Mielek. Eta lipar batez ixilik geratzen zen. Baina hain da mugatua mundu hau, jarraitzen zuen, ez dakigu deus kaleaz eta ni jakin minak nago, erasten zuen Joxe Mielek. Aita-amak orduan etxekoen berri azaltzen zioten eta Joxe Miel, begiak zuloetatik irten beharrean, adi-adi entzuten zuen uholdeka kontatzen zioten ezagutzen ez zuen mundu berriaren gainean. Ez zaude pozik, ala?, etxekoek. Bai, pozik nago, erasten Joxe Mielek, eta seguru naiz Jainkoa maite dudala, baina badira mundu honetan Jainkoaz kanpo, erlijoaz at kezkatzen nauten beste gauza anitz. Zer baina? Eta Joxe Mielek, ni hona etorri nintzeneko kezkak eta zalantzak areagotu besterik ez zaizkit egin eta, ez dakit ba, gaineratu zuen.

        Joxe Miel kopetilun jarri zen berak esanikoak gurasoak min zitzakeelako, baina hainbat ziren bere erraiak urratzen zituen kontradizioak ezen gezurretan eta gordeka ibili barik egia berdaderoa aitortzea zela bidezkoena pentsatzen bait zuen.

        Apezek ez zuten predikatzen zutena betetzen. Egin ezazu esaten dudana ez egiten dudana, entzun zion behin On Hilariori, eta honexegatik hain zuzen ere ez zen Joxe Miel apezgaitegiko nagusiari aitortzera ausartu etxekoei kontatu ziena.

        Non aurkitzen ziren apezek ustez eginak zituzten pobreziaren, kastitatearen eta beste anitz boto, gero pratikan bestelakoa gertatzen bazen? Zertarako umiltasunaren botoa egin, Joxe Mielek ezagutuak zituen parroku, apezpiku eta Aita Santuaren berearen janzkerak eta elizak betetzen zuten hornidura guztiak urrez beteak besterik ez bazeuden?

        Eta kastitatearen botoa, non geratzen zen?

        Apezgaiek ez zuten oinarren holako botorik egin. Kastitatearena zer nolako zitekeen ezin hatzeman beraz. Gorputza, hala esan zioten behintzat, ez zen lizunkerietarako egina izan. Eta maiz, Joxe Mielek pix egiterakoan, zakila bera ikutzea munduko pekatu larriena zela uste zuen.

        Ohean etzanda, Joxe Mielek sarri sentitu zuen nola berotasun itzel bat kontzentratzen zitzaion bere gorputzeko organo ikutuezinean. Eta Ave Mariaka eta otoizka hasten zen berotasun atsegingarri hura uxatzearren. Ez zen zakila ikutzen ausartzen, eta inoiz otu bazitzaion ere, edo izeren kontra lauskitzearen desioa sartu bazitzaion, biharamunean aitorentzulearengana joaten zen zuzen zuzenean pekatu hura konfesatu eta makulagabe sentitzearren.

        Joxe Mielek ez zuen santutasuna bilatu nahi, ezen santutasuna ez zen apez egin, botoak kunplitu eta betirako irabazten zen zerbait. Bera artzai xehea egin nahi zen, baina eliza hain zegoen ierarkizatua!, eta zenbat eta gorago joan hainbat eta oparotasun eta anpulos handiagoa hatzeman zitekeen. Umiltasuna, pobreziaren botoak non geratzen ziren norgehiagokerietan lehiatzen baziren Jainkoaren sikario zikoitz haiek?

        Santutasuna gainera heriotz lazgarri baten ondorioa zen; lepamoztuak, sutetan errak, paluztatuak santifikatuak izan ohi zirenak.

        Kumaldi berekoak ziren mitoak, heroeak. Denak santu eta denak mito, bestela non kokatu gerrilero baten heriotz lazgarriaren mitifikazioa eta apez izandako hilketa izugarriaren santifikazioa?

        Eta Aita Santua, zergatik santu?

        Kurtsoa amaitzear zegoen eta Joxe Mielen kontradizio eta zalantzak areagotu egin ziren. Baina berak zituen kontradizio eta zalantzak ez ote elizarenak bereak? Hala eta guztiz ere, Jainkoarekiko militantziagatik apez egiteko deliberoak irmo jarraitzen zuen beregan.

 

Mundu kurritzera joan zitezen agindu zien apezgaitegiko buruak, pratikan ipintzeko bertan ikasia zuten oro. Jainkoaren hitza hedatu behar zuten herri fedegabetuetan.

        Etorri zitzaion Joxe Mieli beraz umetan hainbat desiaturiko guraria: misioetara joan. Baina sinismen handikoa ez izaki, egokiago eruten zion etxe barruko kontraesanak zuzentzen ahalegintzeari Jainkoaren hitza hedatzen ibiltzerari baino.

        Apezgaitegian estudioak hasi zituzten ehuneko hogeiek atxiki zioten bakarrik behinolako apez izan nahi horri. Eta heuren artean Joxe Mielek.

        Apez egin zen beraz. Botoak egin zituen. Eta lehendabiziko goitik behera apez jantzi zutenean, zirrinta, gerrikoa, amitoa eta lepo inguruan estola jarri ziotenean sakrotik lepondoraino elektra deskarga batek jo balion bezala sentitu zuen Joxe Mielek.

        Zeremonialea amaitu zenean umetan konfesatu eta jaunartu ondoren sentitzen zen bezain hegalari eta garbi sentitu zen orduan ere.

        Apez egin zen kontradizio eta guzti, zalantza eta guzti, Joxe Mielek ez bait zion bizitzari eskatzen bizitzak berak eskein ziezaiokeen barne oreka eta ontasunean Jainkoarekiko bake bidea baino. Eta neurri batean lortua zuen hainbat desiratzen zuen gurari hori.

        Apezpikutegikoek Lumon zegoen elizatxo batera igorri zuten, han zegoen parrokua erretiratzear bait zegoen.

        Joxe Miel gazte izaki, eta elizkizuentan txitak baino gutxiago jakinik, On Rikardoren, hau bait zen Lumoko parrokua, babeslanetara mugatua izan zen.

        Hasiera batean elizmutilaren betebeharrak burutzen zituen Joxe Mielek: elizkizunetarako tresneria guztia prestatu, parrokua jantzi, intsentsontzia eragin, jaunartzekoetan parrokuari lagundu eta atabakak hustu. Joxe Miel, esaten zion On Rikardok, etxea oinarritik hasten da egiten, eta trebatuagoa zarenean elizkizunak zuk zeuk bakarrik egiteko prestatua izango zara.

        On Rikardo gizon xumea zen eta bista zuen galdua ordurako; anteoju lodiak erabiltzen zituen eta ahotsa barik zizpuru hariak jalgitzen zitzaizkion berba egiten zueneko bakoitzean. Ia bizitza osoa emana zion apezgoari eta erretiratzeko tenorea iritsia zitzaiola eta lasai eta egoenean itxarongo zuen azkenengo hatsa eman arte.

        Lumo herri txikia izaki, igandero mezatara joan ohi ziren eliztarrak zenbait agure-atso eta neska-mutiko batzu besterik ez ziren. Gazteriak Gernikarako bidea aukeratzen zuen, ez hango elizan, Andra Marin, elizkizun bikainagoak egiten zirelako baizik eta gaztea beti gazte, eszeptikoa eta libertitzeari ekiten zioten gehiago meza kontuetara baino.

        Behinola Lumoko San Pedro eliza egunero betetzen zen elizkoiez, baina itxuraz galdua zuten sinistea, eta orain lau atso eta bi agure ziren igandero gehien bat elizako aulkiak okupatzen zituztenak.

        Galdua dago sinistea, pentsatu zuen Joxe Mielek. Ez dute apezengan konfidantza minimoa ere, eta Jainkoa bera ere zalantzan jartzen omen dute. Eta nire hitzek zer bete dezakete honez gero erlijioaz hutsik duten Lumotarren ilusio galduak.

        Hala ere ez zen Joxe Miel etsitu, eta eliza apezgaitegia baino mundu zabalagoa eta handiagoa zenez, herritarrekin hartueman estuagoaren xerkan saiatu zen.

        Ezagutzen duzu gurera etorri den apez berria? zen atsoen arteko hitz asperra; zelakoa guapo den, ezta? Baina On Rikardoren parekoa izaterik ezin espero, hura bai hura santua! aseguratzen zuten ahots apalean.

        Baina Joxe Mielek eliztarren eta herritarren konfidantzazkoa egin nahi zuen, eta meza amaitutakoan, Lumon zegoen taberna bakarrenera joaten zen herritarrekin esku bete berba egitearren, haien kezka larriak hurbilagotik ezagutzearren.

        Denbora joan denbora etorri On Rikardori erretiratzeko tenorea ailegatu zitzaion, eta orain bai, orain frogatu behar zuen Joxe Mielek gizon xume ta otxan harek irakatsitako guztia nolatan bidera zezakeen.

        Joxe Mielek egur oneko ezpala zela erakutsi zuen eta eliztarrek abegi onez hartzen zituzten haren predikuak. Hara!, zuretik datorrela ezpala eta ez da makala gure parroku berri gazte hau!, entzuten zen hamabietako meza ondoko elizkideen arteko esamesetan.

        Joxe Mielen ama ere, aspaldian mezatara joaten utzia zuena, igandero bertaragotzen zen Jainkoaren hitza bere semearen ahotik entzutearren.

        Konfesatzeko tenorea iritsi zitzaion Joxe Mieli. Lepo inguruan estola jarri, muin eman, eta atsoek eta neska mutiko gazteek aitortzen zizkioten, egitez barik pentsamenduz sortuak zirenak, den denak, ume eta agure zein atso, zerurako bidea lortzearren.

 

Behin hamazortzi-hogei une inguruko neska bat ikusi zuen hurreratzen zela konfesalekura egur-sarearen zirrikitu artean. Ave Maria Purísima, Joxe Mielek. Makulagabe sortua, neskak.

        Joxe Mielek ikusia zuen sarri igandetako elizkizunetan eta polita neska hura. Eta meza osteko ohizko agurrak eta tabernara joaten zenekotan beti kausitzen zuen neska hura mostradorearen bestekaldean. Amaia zuen izena.

        Esan alaba, Joxe Mielek konfesalekuan. Eta Amaiak aitorrari eman zion, zeuzkan zalantza, kontradizio, Jainkoarekiko oso-osoko sinismen ezak. Eta Joxe Mielek, bai, bai, bai; eta bere gaztaroko dudak eta jazargoak etorri zitzaizkion burura. Eta gizon bat maite dut, jarraitu zuen Amaiak, baina berak ezin nau maite. Baina hori ez da pekatu alaba, Joxe Mielek. Zu zara maite dudana, jaurti zion ziplo Amaiak.

        Joxe Mielen barrenak lurrikararen efektua sentitu zuen, eta bihotza taupadaka, zaldi-lasterketa bailitzan, ezin zuen sinistu edo eta ez zuen entzun nahi Amaiak konfesalekuan esan ziona. Urduri eta artegaturik, eskuak eta bekokia izardiz blai, kredo bat eta lau Aita-gureak agindu zizkion penitentzia gisa.

        Ez zegoen inor gehiago konfesatzeko, baina konfesalekuan iraun zuen Joxe Mielek ordu pare baten luzean errezatzen, ahuleziaren ziriak bihotza ukitu ziolako.

        Jainkoarekiko maitasuna maitasun abstraktua zeritzon Joxe Mielek, ederra eta zorionezkoa. Berak barruan eta bihotzean zuen maitasun osoa eskeintzen zion Jainkoari oraindik bilatu barik. Baina Jainkoarekiko maitasunak ez zizkion belaunak dardarerazten, ez zion gosea kentzen, ez zuen Jainkoarekiko halako fijazio aparterik. Eta hauxe zen hain zuzen ere, Amaiaren ahotik "zu zaitut maite" entzunaz gero sentitzen hasia zuena.

        Amaia ebitatu nahi zuen. Baina igandetako hamabietako elizkizunetan ebitaezina suertatzen zitzaion. Amaia han bait zegoen, berari tinko begira, begiei dirdirapen berezi bat zeriela. Bai, haren begien gardentasunean erreparatzen zuen bakoitzean "maite zaitut Joxe Miel" irakurtzen zuen. Eta Jaunaren gorputza bedeinkatzeko altxatzen zuenetan, Jaunaren aurpegia barik Amaiarena zekusan.

        Maite ote zuen berak ere Amaia? galdetzen zion bere buruari Joxe Mielek. Baina nik Jainkoa maite dut eta inkonpatiblea da bien arteko uztarketa, aseguratu nahi zuen baiezpen honekin.

        Amaia mezatara eta konfesatzera gartsoagotu zitzaion eta maite ez ezik desiratzen zuela ere aitortzen ausartu zen begiak bustita. Berarekin amesten zuela, amets erotikoak. Eta Joxe Mielek, arren holakorik ez, hori pekatua da. Baina Amaia ezin ixildu, eta zehaztasunez aitortzen zizkion bere amets lizun guztiak. Joxe Miel konfesalekuan esku biekin estaltzen zuen aurpegia, eta odol guztia organo ikutuezineraino jeisten zitzaion, ezpata zorroztu arte.

        Jainkoaren amoriarren! Zer da hau!, zioen ahots beheran Joxe Mielek. Ez, holakorik ez esan, mesedez. Nik ezin zaitut maitatu!

        Duda mataza zegoen egina Joxe Miel. Izakera aldatu zitzaion. Ez zuen meza ostean jada tabernara itzulirik egiten eta sasoi batean pertsona alaia eta umoretsua bazen, hits eta bakartian bilakatu ten.

        Elizari zatxekion kanposantuan ematen zituen zegozkion zereginetaz kanpo libre geratzen zitzaizkion orduak, errezatzen. Eta duda barik, pentsatzen zuen Joxe Mielek, erabaki bat hartu beharra dago.

        Artzapezpikutegira idatzi zuen karta bat parrokiaz aldatu nahi zuela aitxakiatuz, besterik gabe.

        Eta egun batetik bestera, Lumon beste parroku bat agertu zen eta Joxe Mielen zantzuak non ziren ere inork ez zekien.

        Jainkoarekiko militantziak omen zituen gainditu Joxe Mielen barrunbean desorekatuak ziren gatazka, jazargo eta zalantzak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.