Antsiaturiko garaitia
Iturritza
Ene bizitzako garaitia lortzear niagok. Sei urte! Sei urte une honen zain, adiskide eta arerioen isekak pairatuz, kazetarien lotsagabekeriak nozituz... Baina azkenean ni garaile. Terroristatzar hori ene eskuetan eroria; beste inork lortu ez duen mirakulua, hara nik erdietsia! Bai, hainbat eta hainbat buruhauste, malko isurtze, beilan egonaldi, hainbat neke ekarri dit, baina finean ene atzaparretan, justiziaren sarean erori da, eni esker!
Narraztien antzera sabela lur gainean kokaturik, aurrean duen etxe zantar bateruntz narrazteko prest dago Hauzoberri. Bere luzera osoa lohi gainean hedatua, kamuflaia jantzia soinean, adarska bakan batzu kasko gainean, bere bizitzako ekintzari ekiteko prest dago, ehizi antsiatua eskuratzeko zorian, hain zuzen, bere inguruan mila bat narrazti-marroi dituela.
Etxean lasai zegoen, xurrutako kafe bat edaten, telefono-tirrin siku batek bere ametsetarik iratzarri, eten duenean. Joxe, frantziarra, telefono beste aldean, azken orduko berri miresgarri bat emateko gogoz: "Txabi deritzan terrorista halako etxe batean ikusi dugu; han lago lasai erakundekideren baten zain edo. Bai, bai, Txabi famatua, gure intelijentzi-zerbitzuek antzeman dute". Ezin sinetsi horrelakorik Pepek, eta gorbata lazoa apur bat estutuz, berriaren fidagarritasunaz galdetzen dio bere kolegari. "Baietz, bada, hantxe dagoela zure harrapakin antsiatua". Berria, kafe xurrut berri batekin ospatu nahi luke, baina katiluak ezpainetatik ihesian nonbait eta, hiruzpalau saio egin ondoren, kafea utzi eta ekintza prestatzeari ekitea erabaki du.
Alde batetik bestera dabil etxea korritzen, "Txabi, Txabi" izena at limurtzen, ihes egiten diolarik, bere Sebe, Rafa eta abarren telefono zenbakien bila. Lortu zenbakiak, banan bana denei deitu eta lantokian biltzera deitu ditu, "gaurko hau egun handia izanen bait da".
Hiriko kaleak tipiegi, estuegi suertatzen zaizkio bere autoan korritzen dituenean. Semaforo gorriak atzean utzi, espaloi bat edo beste beretzako errepide bilaka eta lehena bilgunera iristen. Berehalaxe helduko dira, ordea, beste batbateko karrera autoak, gauaren iluntasuna eta isiltasuna hautsiz, ekintzarako egitamuak, planak prestatzera.
Zereginak banatu eta batzu tropari deitzera doaz, besteek Peperen azalpenak aditzen eta jarraitzen dituzten bitartean. "Sebas, berrehun gizonekin eskuin aldetik...", dio marra bat luzatuz aurreko mapan; "Rafa, hi beste berrehunekin gibeletik...", eta beste marra bat. Azalpenak bukatzean, alde guzietarunzko gezi koloreztatu gisako marraz zauritua, ebakia dago mapa, eta Pepe bere manupekoekin batera prest ekintzari aurre egiteko, terroristatzarraren ehizari ekiteko.
Ordu erdi barru, tropa bere tropa-buruekin batu eta, azken prestaketen ondoren, auto tipietan banaturik, gauerdian, bolido-karrerari hasiera ematen diote, gezi motor guziak zuzentzen ziren etxerunzko karrerara, hain zuzen.
Gaua bortxatzen duen nor-gehiagokaren lekuko isila, harridurazko aurpegiz goitik so dago; ilargia, bete-betea, bere begiradaz lasterketa segitzen; beheran, Pepe aurreko muturrean dakusa, jauzika eta algaraka eserleku gainean, autoa su hartzeko zorian daramala. Peperen atzetik, auto ilada luzea, batak bestea aurreratu nahian, lehena helmugara iristeko ohorea bereganatu nahiz.
Etxea, Txabi dagoen etxea, mendi tontor batean dago, hesi batez inguraturik; etxea eta hesiaren tartean, jardin bat, lore eta zuhaitzez hornitua. Hesiaz bestaldera, oihan hertsia, ireki berri den bide bat babesten. Eta dena gauaren iluntasunak babesten du; ortzeko izar eta ilargiaren argiño xumeek ebakitzen duten iluntasunak, hain zuzen.
Supituki, mendi tontorreko isiltasuna auto andanaren zaratak bortxatu eta argi geziek iluntasuna zulatu dute; abiada handian iristen ari ziren autoek gauaren lasaitasuna, gauaren bakea, armonia, apurtu egin dote.
Hesi inguruan Hauzoberri bera izan da lehengo, autoa gertu eta jauzi baten zelai gainean etzan dena. Berehala ziren besteak ere lurrean luze-luze, buruzagiaren ordenen zain.
"Rafa, hik heure gizonak hartu eta hoa aginduriko lekura, azkar! Ez ahantz txalekoak! Nik agindu arte tirorik ez! Isilik, zaratarik ez egin! Sebas, non haiz? Presta hire jendea eta kokatu zuen lekuan! Makurt zuen buruak!...". Oihuka, aginduak ematen, zuhaitz baten babesean izkutaturik dagoela, urduri, garaitia, bere biziko garaitia eskutik hain hurbil dakusala.
Minutu batzutan, troparen elemento bakoitza bere lekuan kokaturik zegoen, aginduen zain. Fusilak, pipak, granadak... prest zituzten, tiroka noiz nahi hasteko prestaturik. Erne guziak, begiak diztiratsu, mamu beltzen bat azalduz gero seko botatzeko moduan. Baina sabelean harra aginka, zer gertatuko oten zen ez jakitean. Minutuak, amaierarik gabeko minutuak aurrera, baina tropa geldi, lurrean etzanik, buruzagia aurreko muturrean dagoela... bere oroimen eta pentsuetan murgildurik.
Buruan adarska batzu eta kamuflaia jantzia jardineko belarrarekin bat eginik, buruzagia. Ingurua, bazter oro begiztatu eta planak burutzen ari den bitartean, hurrengo goizeko gertakizunak datozkio burura, hots, gobernu buruaren eskerrak, egunkarietako lehen orrian bere argazkia, telebistan... eta denak, adiskideak nahiz etsaiak, bere heroitasuna laudatzen, bere izena eta asargintza goraipatzen, bere... Baina ekintza burutu gabe dago oraindik. Nola burutu? Etxera narraz helduko da, bera denen buru dela; leihotik sartuko da, eta aurrean duenean...
"Aurrera!" agindua eman du, eta narrazti tropela etxeruntz abiatzen da. "Kasu eman! Zaratarik ez! Fusildunak bertan koka eta erne egon! Besteok
aurrera!".
Narraz ataria geroz eta hurbilago dute, eta bihotzeko taupadak bortitzago eta sarriago bere larrua kolpatzen. Hauzoberriren bihotza gorputzetik ihes egin nahian dabil, antza, gartzelako ormak indarrez kolpatuz. Arrakastaren seinalea da, nonbait, eta arrakastaren ondorio ezezagunaren eztitasuna dastatzeko nahia, desira, ametsa, orain arte ukaturiko amets gozoa.
Atarian jadanik, gelditzeko agindua. Txabirengana heltzeko modua prestatu behar eta bien bitartean atsegintxo bat hartu nahi, tamainako gertaerak eskatzen duen bezala. Aurpegian goitik behera darion odola, barka, izerdia lehortzeko une egokia da ere. Baina batez ere azken ekintza prestatzekoa...
Nola menderetuko dut? Bai, nik neuk menderatu behar diat, baina nola? Tiroz botako dut? Ez, hobe ezetz. Hobe nere morroien eskuetan uztea; tratamendu egokia emago ziotek. Terroristen buru bat neuk atxilotu? Bai, gelako atea ireki bezain azkar jauzi bat egin eta konturatzerako bere gainean izango nauk. Baina... non ipiniko diot pipa? Sabel parean? Ez, ez, buruan hobeki, eta pittin bat mugitzen baduk Akabo! Bai, bai, horixe egingo diat.
"Zuek geldi hementxe; zuek, aldiz, etor ene atzetik", dio hamar bat laguni zuzenduz. "Erre ibili, etsai beldurgarriaren aurrean bait gaude. Arriskurik ikusten baduzue, hasi tiroka. Alde? Ez, ez dik alde egin behar...".
Egoera berdintsuetan ezaguturiko porrota datorkio burura; porrot ondorengo goibeltasuna, irrigarri sendituriko uneak... Baina, baina... arrakasta ziur da gaurko honetan. Bere bizkarrera irri egin dioten guziei iseka egiteko aukera eskainiko dio ekintza honek. Bai, bai, azkenean garaile bera; bere guda pertsonalean pertsonala bilakatu bait da guda hau irabazle, garaile dakusa bere burua. Buru-hauste guzien ondorengo fruitua izanen du burutzear duen ekintza, burutzeko zorian duen garaipena.
Leihoa zabalik dago; eskuaz bultzatu eta parez pare zabaltzen zaio. Baina nola menderatu? Bai, jauzi batez bere gainera erori, lurrean etzan eta eskuak lotu... Baina pipa? Granadak? Artileria besteen eskuetan utzi eta bera esku hutsik joateko erabakia du...
Halako batean, amasa indarrez hartuz birikak haizez puztu ondoren, jauzi bat eta gela erdian aurkitzen du bere burua, beste salto batez terroristaren bizkar gainera erortzeko. Bulkada hartzen du eta airean doa, etsaiari nondik heldu pentsatuz "Esku bat zintzurrera botako zioat, bestearekin... Ez, hiletik heldu eta...". Segundo batetan, hegalaldiak iraun duen segunduan konta ezin hainbeste burutada iragan zaio burutik, baina azkenean etsaiaren gainean da, oihuka:
Alu alena! Galdua haiz eta errenda hadi! Geldi! Hilko haut bestela!
Txinparta dario begietatik, poza bihotzetik. Ehiziaren zintzurra astinduz, abots garratzaz, "terrorista, halako terrorista; hilgo haut" aldarrikatzen du behin eta berriz, zaldi baten gainean harrapaladan bailihoan, bere biktimaren gainean eseririk. Garaile da!
Arrakasta erdian, pozez eta alaitasunez gainezka dagoela, gelako oihu eta garrasien eraginez apika, begiak ireki eta... hara!, bestelako gela batean, bere logela ezagunean bere burua!!! Bere ohean, ohekidearen, emaztearen, gainean eseririk, zaldi bat bailitzan, esku bat zintzurrean eta bestea airean kolpe berri bat askatzeko prest; harro garailea, bere ehizia, ehizi beldurtu bezain harritua, menderatu ondoren. Harro baina berehala, kezkati, eta lotsati gero...
Irrigarri, sendimendu ezagunak bere barnean. Ohe aldamenean, aldiz, Txabiren argazki dada bat, denetan, betaurrekoekin nahiz bizarrarekin, beltzaran nola azal zuri, tipi zein handi, denetan ezpain tartetik irriño bat dariola, bat erori arren, beste Txabi bat, beste asko, izan den ziurtasunarekin.
|