L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Beranduegi

 

Jose Luis Orokieta

 

Sarari

 

Isiltasunaren erdian Elena eta biok eskutik heldurik. Zerua estalirik, haize hotzak zeharkatzen du hilerria, aurpegian nabaritzen den hotza.

        Kanposantuaren isiltasunaz inguraturik sentsazio arraroa sentitzen da bizitza eta heriotzaren arteko muga hurbilago sumatzean.

        Herioren erresumako atarian, gure aurrean porlan zatitzar bat baino ez, grisa, hotza, bustita oraindik. Elenak ikutu egin du eta negarrari ezin eutsiz, horrenbeste maite ditudan masailak busti dira.

        Elena beltzez jantzita eta inoiz baino beltzago adatsak aurpegi zurbilarekin egiten du kontrastea. Begi berdeak bustirik, karminez gorritutako ezpainak dardarka mugitu dira ahoa zabaldu nahian, eta bi ezpainen artean listuzko hari mehea.

        — Denon artean hil genuen.

        — Ez, koldarkeriak egin zuen.

        Gerritik obatu nau, karmin zaporea eta lurrin usaina nire barruan nahastu dira. Zapore geza nabaritu dut ezpainak aldentzean; bi ibai malkok zeharkatzen dute aurpegia ezpainetan tantak osatuz.

        Hilarriaren gainean utzi ditugu loreak, hilarrian lauburua, izen bat eta bi data, gure lagunaren bizitza laburtzen dutenak.

                Fermin Betolaza

                1958.eko uztailak 7 - 1986.eko urtarrilak 15

        Gorritutako ezpainak nireetan pausatu dira; burua nire lepoan jarriz negarrari ekin dio.

        Aldapa jeisten hasi gara. Atzean lagun bat, oroimen bat, gure bizitzaren zati bat, xirimiriz busturiko hilarri bat, eta bere inguruan sei ezezagun, munduko sei zati, Historiaren sei egile, bakardaderako sei bidaikide hilerri txiki honetan.

        Elena, oraindik negar sotinkaz kotxearen atzekaldean sartu da. Bere alboan eseri naiz. Rimelez belztutako begiak, tristeziak zurbilduriko aurpegia, zuribeltzez egindako argazki zoragarri biziduna.

        Hitzik egin gabe bere hanka ferekatzen hasi naiz, media beltzaren ukia galdu izterraren berotasuna, gonak izkutatzen duen berotasuna dastatuz musukatu dut. Beltzez jantziriko figurak hankak zabaldu ditu.

        Elenaren arnasketa gero eta arinagoa, arnasestu bihurtu arte. Eskua bustirik daukadala mihiaz hasi naiz zama zeharkatzen titietaraino heldu arte. Titiak agerian jarri dira Elenak botoiak askatu dituenean. Mugimenduak gero eta bortitzagoak, gero eta goxoagoak. Elkar asetu garela isiltasunak berriro inguratu gaitu. Elenaren burua nire hankatartegainean, isilik, infinitoari begira, leihatilatik ikus daitekeen hilerrian bukatzen den infinitoa.

        Infinitoaren beste aldean Fermin, bere alaitasun faltsuarekin, bere frustrazioa eta bere gezurrarekin. Nork pentsatu Ferminek egingo zuela?

        Instituto garaitik ezagutzen nuen Fermin, izan dudan lagunik minena, ene nerabezaroaren konfesorea. Arazo guztietarako zuen aholkua.

        Kuadrilako mutil zaharra, eta ni Elena ezagutu arte bere kidea, eta orain bere sekretuaren jabea. Oraindik, kotxearen barruan eta Elenaren azala sentituz, bere abotsa entzun dezaket telefonoaren beste aldean. Indargabeko abotsa, koldarkeriaren ahotsa, heriotzaren hotsa.

        Bera soldadu zegoela ezagutu nuen Elena, soldadutzan txarto pasatu bazuen ere, bueltatutakoan txarrago. Bera zen kuadrilan geratzen zen mutil zahar bakarra, eta zeuden bikoteak urrun somatzen zituen. Bakarrik geratu zen lagunez osaturiko itsasoan, betiko lagunak, Ferminentzako ezezagunak.

        — Neska bilatu beharko huke Fermin.

        Esaten zion amak. Neska, neska franko zuen Ferminek bere inguruan, mutildunak ziren neskak, maite zuten neskek Fermin, baina ez berak nahiko zukeen moduan.

        — Fermintxo, ea noiz ikusten haugun neska batekin.

        — Ez naute maitatzen.

        Izaten zen Ferminen erantzuna.

        — Nahi ez dukelako. Primeran bizi haiz liatu gabe eta.

        Barreak eta alaitasuna, irribarrak eta poza, baina guzti honen atzean benetako Fermin, sexoa behar zuen Fermin, amodiorik gabeko Fermin.

        Bere frustrazioaren erdian, alaitasunezko basamortuan isolaturik zegoen Fermin.

        Bere aitorpena entzun baino lehen ezin ezagutu benetazko Fermin, guztioi sartu zigun ziria, bere alaitasun faltsu hori, tristezia izkutatzen zuen alaitasuna.

        Euria ari du eta haizearen hotsa tantek kotxearen kontra lehertzean egiten dutenarekin nahasten da paisaia horia zeharo melankonikoa bilakatuz.

        Fermin oroitzean beldurrak eragindako hotzak zaharkatzen nau, heriotzari beldurra, bizitzari beldurra.

        Elena altzatu eta musukatu egiten nau.

        Bide luzearen beste puntan, urrunean, oraindik urrunegi, puntu beltz bat lurrezko bidean. Puntu beltzak euritako gorria zabaltzen du; odol tanta paisaia makabroan.

        Nor izango da datorkigun bisitaria, nor ote?

        — Ezin dut ulertu.

        Elenak ezin du ulertu eta ez dakit Ferminen benetako istorioa kontatu behar diodan.

        Fermin, bere bakardadean, maiz ateratzen zen bera bakarrik, hasieran arraro egiten zitzaigun, baina ohitu ginen.

        — Jaialdira bakarrik joan haizela? Jota hago motel. Zergatik ez didak deitu memelo horrek?

        Behin zinera joan zen, bakarrik. Zinea ia hutsik, zuri-beltzezko pelikula, jatorrizko bertsioa, benetazko zinezaleentzako filmea.

        Filma hasia zela berandu heldu zen tipo batbereondoan jarri zen, berrogei eta hamabost urtetakoa edo. Hau dena kontatzen zidala, bizia bazihoakiola iger nezakeen.

        — Ulertu behar didak Karlos, bakarrik nengoen, orain bezain bakarrik, lehen bizitzaren aurrean bakarrik, eta orain heriotzaren aurrean bakarrik.

        Eta nik ezin lagundu.

        — Non hago? Esaidak ostias!

        — Ixo! Eta aittu.

        Eta kontatzen jarraitu zidan. Pelikularen erdian berandu heldua Fermini hanka laztantzen hasi zitzaion. Hasieran atzera egin zuen Ferminek, baina besteak bereetan jarraitu zuen.

        Ez dakit zer pasatu zen Ferminen burutik, agian ordurarte aurkitu ez zuen maitasuna topatuko zuela, baina amore eman zuen.

        Tipoak hanka ferekatzen jarraitu zuen eta hankatarteraino eraman zuen eskua, eta han, zinean bertan, berea ez zen esku batek orgasmoa eragin zion.

        Filmaren bukaeran argiak piztu ziren eta 14. iladan bi gizon elkarri begira, hitzik esan gabe.

        — «Etorri nirekin eta hitz egingo dugu» esan zidan, eta joan nintzen. eta ez nauk damutzen!

        Taberna batera joan ziren. Martin zuen izena ezezagunak, nik oraindik ezagutzen ez dudan ezezagunak.

        Antza tabernatik Martinen etxera joan ziren eta han, Martinen gidapean Ferminek aspaldidanik bilatzen zuena topatu zuen, baina ez berak amestu zuen moduan.

        — Eta gustatu egin zitzaidan, eta beraz maitemindu ere, ni, neskarik gabeko neskazale amorratu marikoia! eta zer?

        Maitemindu zen, eta inori ezer esan gabe, berririk eman gabe aurrera egin zuen maitsunaren bidetik.

        — Eta gu ez ginen konturatu.

        — Zer diok Karlos?

        Ezer ez, ez ginela konturatu. Elenak leihatila jeitsi eta eskua atera du euripean utziz.

        Urruneko figura hurbilago baina oraindik puntu bat.

        Sei hilabetetan egon zen Martinekin, beti izkutuan, lapurtutako amodioa, lotsazko amodioa.

        — Aldez aurretik zita egin gabe pisura joan nintzen, Martin behar nuelako, eta ez zegoen. Bertan enteratu nintzen han ez zela inor bizi. Martinek beste etxe bat zeukan.

        Zergaitik ez zidan esan? Zergaitik Karlos?

        — Lasaitu hadi motel, eta arren esaidak non hagoen.

        Martinen benetako helbidea lortu zuen, ez dakit nola, ez eta zenbat eman zuen topatu arte, ez zidan esan.

        Telefonoz deitu zion. Gaua eta Fermin bestearen beharrez.

        — Bai?

        Emakume baten ahotsa.

        — Ba al dago Martin?

        — Ez, gaur berandu etorriko da, nor zara?

        — Eta zu?

        — Bere emaztea, baina nor zara? Eh, aizu!

        Eskegi egin zuen.

        — Gau osoa pasatu nuen negarretan, zuk zer egingo zenukeen, eh Karlos?

        Ez dakit, ezin nion ezer erantzun.

        Elenak bustitako eskua aurpegitik pasatzen dit.

        — Begira, zeruak ere negar egiten du.

        Bai negar egiten du, Ferminek egin zuen moduan. Amodioaren minez jota bere etxearen ondoko putetxera joan zen, berak horrenbeste gorrotatzen zuena, puta batengan babestu.

        — Ez dakit zergatik, baina joan nintzen eta bistaz ezagutzen nuen batekin. Gaztea, ederra, eta 5000 pezeten truke nahiko nukeena.

        Gelara igo ziren, neska biluztu zen, gero Fermin erantzi. Ferminen gorputz osoamusukatu zuen, eta zakilara heldu zenean milikatzen hasi zen. Ondoan zegoen ohera eraman zuen.

        — Egin ondoren lotsa sentitu nuen, eta barrutik hutsik, orain sentitzen naizen moduan. Baina oraingoan konpondu diat.

        Ohetik altxatu, jantzi eta ordaindu egin zion.

        — Gutxi barru joango nauk Karlos, ia ezin diat ezer gehiago esan. Mesedez ez ahaztu.

        Handik pare bat egunetara topatu genuen Fermin, hiriaren kanpoaldeko ostatu batean, baineran sarturik, telefonoaren ondoan. Amodioaren aurrean burruka egiteko izan ez zuen ausardia izan zuen zainak mozteko.

        Urruneko figura kotxearen paretik pasatu da. Gizona, beltzez jantzita eta euritako gorria.

        Begira Karlos, Ferminen hilobiaren aurrean gelditu duk, nor ote?

        — Beranduegi damututako koldarra.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.