Hainbat ring probatu dugu dagoeneko, bigarren mailakoak gehien bat, egia da. Ring ugari ordea, aunitz ditugu gogoan: Torino, Lisboa, Dublin, Liverpool, Baden-Baden, Bilbao. Musualdeak ubeltzeko lain, nola ez, horietako edozeinetan. Urrunagokoez ere oroit gaitezke, esfortzu handixeagoa eskatzen duen arren: New Jersey, Miami puntakoen artean zegoen hau garai hartan, Urrutigorri izeneko kubatar batek egin zigun ongietorria, nola ahaztu, Connecticut, Seattle. Zertarako segi zartatekoek ez badute aberririk. Kolpe bakoitza hain arrotz bazaigu oraindik ere, hainbeste urte pasa eta gero, gaurik gozoenak ohe merkeetan pasatzen ikusi ondoren.
Ez gara ohitzen. Ezinezkoa ohitzea Yokkaichi, Kaaba edota Mutsumoto-ko lona azuletara, urre koloreko arraia meheak burruka espazioa mugatzen. Eta jendearen oihuak beherago, ke estupidoaren atzean. Kontrarioaren indar guztia zure oroimenetan irudiak momenturik larrienetan geratuak, fotoak etengabeko kolpeetan lehertzen, lehendik memoria nahikoa karga ez bagenu bezala. Inon utzi ezina.
Luzaroan mintza gaitezke burrukaz eta ring-en tristuraz, burruka-estadioetarako eta frontoi egokituetarako bide ilunez, nabar kolorez inularrean urtaro honetan. Liburuak eta liburuak bete ditzakegu, nobela itxurakoak ederrenak, sendoak, orrialde askokoak; poesiazkoak, xumeagoak eta azal goxoagokoakhauek Li Po lorategi batean, sumoak atzean elkarri eutsita; marrazki liburu ezezagunak, zeta hedez bilduak.
Baina arrotz zaizkigu liburuak, arrotz literatura birao batean ezbada, gosea hain garesti saltzen den une hauetan.
|